Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Enplegua sortzeko eta tokiko garapena sustatzeko asmoak aurkeztu ditu EH Bilduk

Txomin Madina Milikua 2015ko mai. 19a, 16:29

Debagoieneko Mankomunitatearen egoitzaren aurrean egin dute agerraldia gaur goizean EH Bilduren Debagoieneko alkategai gehienek eta Aldun nagusi izateko koalizioaren hautagai Xabier Olanok enplegua sortzeko eta tokiko garapena sustatzeko hartu dituzten konpromisoak azaltzeko.

Oñatiko alkategai Mikel Biainek adierazi du garapen ekonomikoa giza garapen eta ongizate sozial moduan ulertzen dutela,  eta gaineratu du,  Debagoiena dela Euskal Herrian eta Estatuan krisiari hobekien erantzun dion eskualdea, udaletatik eta instituzioetatik egindako ahalegina nabarmenduz. Esan du era berean, badakitela egoera ez dela erraza, eta euren konpromisoa dela baliabide pertsonal eta ekonomikoak areagotzen jarraitzea. Zentzu horretan, EH Bilduren eta EAJren eta PPren ereduak alderatu ditu: "PPk eta EAJk multinazional, banketxe eta eraikuntza enpresa handien neurrirako politika ekonomikoa egiten dute, bankuak erreskatatuz, AHT eta errauskailua bezalako makroporiektuetan xahutuz eta etxebizitzarekin espekulatuz. Diru hori guztia enplegua, tokiko garapena eta herritarren babeserako erabiltzea da gure proposamena".

Tokiko garapena eta enplegua sustatzeko hartu dituzten konpromisoen artean, EH Bildutik proposatzen dute ekonomia sozial eraldatzailean sakontzea, kooperatibismo soziala bultzatzea eta baita elkarlan instituzionala eta foro sozioekonomikoa indartzea ere.  Debagoieneko moneta soziala martxan jartzeko prozesuan parte hartuko dutela eta ibarrean energia berriztagarriak abian jartzeko plan orokor bat egingo dutela ere iragarri du Oñatiko alkategaiak, baita Gipuzkoan 1.000 milioi euroko inbertsio fondoa sortzeko asmoa ere: "Debagoieneko ekonomiaren motorea den industria txiki eta ertaina zaintzeko, garatzeko eta babesteko, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean eta Kutxabank erabiliz 1.000 milioi euroko inbertsio fondoa sortzea proposatzen dugu Gipuzkoarako".

Enpresa txiki eta ertainendako zerbitzua

Ildo beretik hitz egin du Xabier Olano diputatu nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak eta Gipuzkoako ehun industrialean enpresa txiki eta ertainek duten garrantzia azpimarratu du. Esan du, era berean, Bildu Aldundira heldu aurretik enpresa handiak zirela berrikuntzarako eta nazioarteratzeko diru-laguntza guztiak eroaten zituztenak, eta legegintzaldi honetan, enpresa gehiagok jaso ahal izan dituztela laguntza publikoak. Iragarri du gainera, enpresa txiki eta ertainentzat zerbitzu publiko unibertsala eta doakoa sortuko dutela: "Diputazioak martxan jarriko duen zerbitzu honek besteak beste nazioarteratzeko, berrikuntzarako, ingurumena zaintzeko eta ingenieritza zerbitzuetarako balioko du. Eta doakoa izango da, enpresa guztientzat".

Olanok gaineratu du beste batzuek betiko eredu ekonomikora bueltatu gura dutela, enpresa handien pribilejioetara eta paradisu fiskaletara, eta horrela ezin dela krisitik irten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak