Gipuzkoarren %15,6 pobrezian bizi dira, Foru Aldundiaren arabera

Leire Kortabarria 2015ko mai. 18a, 15:44

111.000 pertsona (herritarren %15,6) pobrezia egoeran daude Gipuzkoan. Heren bat, pobrezia larriaren mugaren azpian daude. 2012an 120.000 pertsona zeuden egoera horretan (herritarren %16,8). Hori ondorioztatzen da Foru Aldundiak egindako Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren Inkestan. Gaur, astelehena, aurkeztu dute Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek eta Planifikazioko eta Inbertsioetako zuzendari Maria del Riok.

Inkestan, aldaketa txikiak islatzen dira. Hala ere, erakusten du herritarren bizi baldintzak hobetzen ari direla. Eguía-Careaga fundazioko SIIS zentroak Aldundiak eskatuta bi urtean behin egiten duen inkestan agertzen dira datuok. 1.446 etxetan egin da inkesta, 2012an baino 256 etxe gehiagotan. Gipuzkoa EAEko eta Espainiako Erreinuko egoerarik onenean jartzen dute datuek, nahiz eta datu kezkagarriak ere eman. Horien artean, seme-alabak dituzten familietan pobrezia larritasuna, emakumeak eta etorkinak buru dituzten familien ahuldadea, eta lanaren prekarietatea.

Diputatuak esan duenez, Gipuzkoan pobreziaren tasa bi puntu beherago dago Euskadiko Autonomia Erkidegokoa baino; %4,8 baxuagoa da Espainiako Erreinukoa baino, eta Europar Batasuneko baino %0,8 baxuagoa. Hala ere, muturreko pobreziak Gipuzkoako herritarren %5,4ri eragiten die: 38.000 pertsona baino gehiago. Horrek esan nahi du, pertsona bakarra izanez gero, hilean 568 euro baino gutxiagorekin bizitzea; bi adingabe dituen familien kasuan, berriz, 1.200 euro baino gutxiagorekin bizitzea.

Langile pobreak

Gipuzkoako pobreziaren profilei dagokienez, diputatuak azpimarratu du haur pobrezia "gero eta arazo larriagoa" dela. hots, gero eta larriagoa dela seme-alabak dituzten familien arteko pobrezia. Arrazoi nagusia da enplegua asko prekarizatu dela; izan ere langileen %6,2 "enpleguaren pobrezia" esaten zaionaren pean daude. Pertsona horiek, nahiz eta soldatapeko lan bat eduki, ez dute lortzen sarrera nahikoa beren burua eta familia mantentzeko. Beraz, pobrezia arriskua adineko pertsonengandik haurrengana eta gazteengana igarotzen ari da. Adingabeen artean, pobrezia tasa %19,2 da, eta muturreko pobrezia, %8,8.

Migratzaile eta emakumeek bereziki eragindako taldea osatzen dute Inkestan. Zehazki, migratzaileen %55 pobrezian daude Gipuzkoan, eta horietatik %36,8 muturreko pobrezia jasaten dute. Emakumeak okerrago daude gizonak baino; izan ere, arazoak emakumeen %17,2ri eragiten die, eta gizonen %14ri.  Gauza larriagoa da emakumea etxeko burua den familiak kontuan hartuz gero. Kasu horretan, emakumezkoen tasak ia 10 puntu gainditzen du gizonezkoena (%13,4tik %22,9ra).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak