Fan Hemendik Egunean jotzekoa zen Pablo Hasel rap abeslari kataluniarrak kontzertua bertan behera utzi duela-eta, antolakuntzak gertatutakoen azalpen oharra kaleratu du, jazotakoak kontatu eta haientzat "gaizki-ulertua" izan dena argitu guran. Haselek bere blogaren bitartez erantzun eta esandakoei eutsi die.
Atzera, Arrasateko Des-kontrol taldeak mugimendu antifaxistekin izandako ika-mika zaharraren hautsak harrotu dira berriz. Ekainaren 13ko jaialdian Des-kontrolen abestien bertsioak joko dituen Oñatiko talde batek hartuko du parte eta Haselek, Des-kontrol taldea faxismoaren aurrean "anbiguoa" dela iritzita, ez jotzea erabaki du. Oinarriko polemika aspaldikoa da eta 2008an Des-kontrol taldeak jotzeari utzi zion, gainera. Garai horren bueltan ezkerreko skinhead batzuek eta faxismoaren aurkako zenbait taldek agerian jarri nahi izan zuten arrasatearren ustezko itxurakeria politikoa eta nazi-enganako epelkeria, irudi batzuetan erakusten zituzten elastiko susmagarriak tarteko. Bere garaian Des-kontrolek hainbat kolektibo eta musikariren babesa jaso arren, rap abeslariak Des-kontrolen jarrera arbuiatzen segitzen du. Jotzeari uko eginda, antolakuntzak azalpen gutuna zabaldu nahi izan du.
Gertakarien azalpena
Fan Hemendik Batzordeak azaltzen duenez, Pablo Haselek, Des-kontrol taldearen bertsioak joko zituen talde batekin jaialdi berean parte hartuko zuela ohartu bezain laster, jakinarazi zien ez zuela halakorik egingo. Horrekin batera, rap abeslariak haren blogean Ez nazirik ezta nazien lagunik ere izeneko sarrera argitaratu du, ezereztearen motiboak azaltzeko. Haselen argudio nagusia da "naziekiko anbiguetatea" erakusteagatik "talde antifaxista ugarik" akusatu dituztela Des-kontrolekoak. Madrilgo abeslariak dio ez zuela taldea aurretiaz ezagutzen baina "ohartarazita" zegoela zein motatako "jendaila" den. "Naziekin adiskidetasuna" dutela frogatutzat ematen du Haselek, dioenez, eta ez diola balio aipatutako salaketen ostean ekindako "itxurakeria antifaxista", harentzat, ustezkoak. Areago, Des-kontrolen kasua larriagoa da Haselentzat, abesti "antifaxista bat edo beste" egin eta gero, gaiaren aurrean "anbiguo" jokatzen jarraitu dutelako, blogean azpimarratzen duenez.
Pablo Hasel musikari eta idazle lleidarrak bere burua komunistatzat du eta aktibismo politikoan jardun du bai bakarka zein proiektu askotan eta badu bere itzala Espainiako rap eszena subalternoan. Hain zuzen, hainbat aldiz atxilotu dute eta 2014 urtean Auzitegi Nazionaletik 2 urteko kondena jaso zuen bere abestietan "ETA eta GRAPOren gorazarrea" egiteagatik.
Fan Hemendiken erantzuna
Egoeraren aurrean, antolakuntza batzordearen erantzuna azkarra izan da, Arrasateko taldeari babesa erakutsiz eta antolatzaileen zein musika taldearen jarrerak argitzeko intentzioarekin. Pablo Haseli bidalitako gutunean Fan Hemendikekoek diote ezagun dutela Arrasateko rock taldearen inguran "Bizkaian eta Espainian" hedatutako "propaganda”, hau da, 2005 urtean, gutxi gorabehera, Des-kontrol taldea “nazia” zela eta emanaldietan ideologia naziarekin bat egiten duten taldeen elastikoak janzten zituela zabaldu zela. Gertaerek hartutako traza makurra ikusita eta erantzun moduan, Fermin Murugutzak lagunduta, esamesok gezurtatzeko diskoa kaleratu zen sasoi hartan, adibidez. Hori eta presoen eskubideen aldeko taldeak agertutako babes publikoak Des-kontrolen jarreren berme nahikotzat jotzen ditu antolakuntzak. Gutunean Fan Hemendik batzordeak ideologia nazia duten taldeei oihartzunik ez emateko konpromiso garbia duela esaten diote Haseli eta, era berean, Des-Kontrol euren ideologiarekin bat egiten duen taldea dela, inondik ere. Antolakuntzak rap abeslariari eskua luzatuta amaitzen du gutuna, esanez, euren nahia dela akordio batera iristea eta hitz egin, eztabaidatu eta argudiatzeko prest daudela.
Haselek, alabaina, azalpenak azalpen, bereari eutsi dio eta, areago, antolakuntzak Des-kontrolen ideiekin bat egiten duela jakinda, “gehiago hitz egitekorik” ez duela dio, froga nahikoa dagoela berretsita eta, urrunago joanaz, “kontraesan jasangaitza” irizten dio “Guardia Zibileko faxisten aurka antolatutako egun baten nazien lagunei babes ematea”. Des-kontrolen jarrerak “higuina” eragiten diola adierazten du Haselek, elastikoaren gaiaren harira Bilboko Asanblea Antifaxistaren aurrean argudiatu ei zutelako kamiseta batengatik ezin balora daitezkeela pertsona baten sinesmen politikoak. Azkenik, Pablo Haselek Fan Hemendik Egunaren helburuekin bat egiten duela nabarmentzen du baina ezin dela igo “itxurakeriaren gainean jasotako negozioa egin dutenen lagunen” oholtza berera.
Gertaerak zeresana eta polemika zabaldu du bai Oñatin zein Arrasaten eta sare sozialetako profil askotan jada Ni ere Des-kontrol naiz leloa erakusten duen irudia ikus daiteke han eta hemen.