Rezusta: "Irujori gerra apur bat emateko asmoz noa; ondo egin beharko dut dena"

Xabier Urtzelai 2015ko mai. 14a, 11:39
Rezusta, joan den egubakoitzeko partiduan. | imanol soriano0

"Xala kanpoan utzi izanda kristorena izan da, eta hurrengo partidua Irujoren kontra jokatzea ere kristorena da". Beñat Rezustaren adierazpenak dira, egubakoitzeko kanporaketaren ostean oraindik harmailetatik txaloak jasotzen zebilela. Xala Buruz Burukotik kanpo utzi eta gero Bergarakoak domekan jokatuko du txapeldunaren kontra, Eibarko Astelenan. Gaur, eguena, aukeratuko dute materiala, 16:30ean.

Partidu aurretik etxeko zaleen aurrean huts egiteko beldur zen Bergarakoa, baina partidu ostera arte ez zuen halakorik aitortu. Izan ere, Aspek partidua Bergaran antolatzeak ez zion grazia handiegirik egin: "Bergaran jokatu nuen azken partiduan kale egin nuen, eta ostera ere horrelako zerbait gertatzeko beldur nintzen".  

Kontrara, baina, inoiz baino patxada handiagoa erakutsi zuen kantxan, horrenbesteko garrantzia ematen zion beroketa saioan sentsazio onak izan zituen, eta botilleroari ere horixe aitortu zion, ondo sentitzen zela. Minutu gutxi batzuk geroago kantxan berretsi zuen hori, Ives Xalaberrik ezer gutxi egin ahal izan zuen-eta (22-14).

Irujo estutzeko asmoz 

Iberoko aurrelariak dagoeneko tente izango ditu belarriak. Pilotari moduan gaur egun ezin dira alderatu Xala eta Irujo, baina Bergarakoa "gerra" apur bat emateko asmoz kantxaratuko da domekan [17:00] Astelena pilotalekura: "Dagoeneko entrenatu dut Irujorekin, eta sentsazio onak izan nituen, gustura ibili nintzen. Irujo, baina, beste maila bateko pilotaria da, eta Xalaren kontrakoa baino partidu hobea egin beharko dut hura ezustean harrapatzeko".   

Etxanizek berak aitortu zuen Irujorendako kontrario deserosoa dela Rezusta, pilotari ematen dion abiaduragatik, jotzen dion moduagatik. Buruz Burukoan debuta egin berri, baina, Rezustak egin ditu etxerako lanak, eta domekakoa oparia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak