Gaztenpresak 462 enpresa sortzen lagundu zuen iaz, 2013an baino %74 gehiago

Leire Kortabarria 2015ko mai. 13a, 16:23

Xabier Egibar, Angel Toña eta Inmaculada Ramos.

Laboral Kutxaren Gaztenpresa fundazioak 462 enpresa sortzen lagundu zuen iaz, aurreko ekitaldian baino %74 gehiago, eta horiek 771 lanpostu sortu zituzten. Datu horiek eman dituzte gaur, eguaztena, Bilbon egindako prentsaurrekoan Angel Toñak (Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua), Xabier Egibarrek (Gaztenpresa Fundazioko lehendakaria) eta Inmaculada Ramosek (Gaztenpresa Fundazioko zuzendaria).

Gaztenpresak enpresa berri horiei emandako finantzazioa 11,019 milioi eurokoa izan zen. "Horrek, beste behin, Euskadiko enpresa ekimen berriak sustatzen dituen fundazio lider bihurtzen du Gaztenpresa", esan dute arduradunek prentsaurrekoan.

Enpresa gehien Bizkaian sortu ziren: 204, eta 341 lanpostu; bigarren, Araban, 114 enpresa eta 201 lanpostu. Gipuzkoa dator segidan: 98 enpresa eta 147 lanpostu. Nafarroan, azkenik, 46 enpresa eta 82 lanpostu sortu ziren Gaztenpresaren laguntzarekin 2014an.

Ekintzaileen ezaugarriak hauek dira: %59 gizonezkoak ziren, eta %41, emakumezkoak; batez besteko adina 38 urte da; %31k unibertsitate mailako ikasketak zituzten. Enpresa gehienak, %65, zerbitzu sektorekoak dira; merkataritzakoak, %29, eta beste sektore batzuetakoak, %6. Batez beste, ekintzaileek 50.700 euro inbertitu zituzten enpresa hori sortzeko, eta batez beste 30.012 euro jaso zituzten maileguan.

Enpresa sendotzeko tresnak

Arduradunek esan dutenez, "une hauetan, enplegua sortzea bezain garrantzitsua da berau sendotzea", eta horregatik, Gaztenpresak "sarea egiteko" ematen dituen tresnak azpimarratu dituzte: kontsolidazio-tailerrak, seminarioak, sare soziala eta Consulting Pro tresnak. Aurten, aholkularitza tresna horrek 750 kontsulta baino gehiago atenditu ditu, ekintzaile bakoitzari bere beharretara egokitutako erantzunak emateko.

Orain arte, Gaztenpresa fundazioak 3.700 enpresa baino gehiago sortzen lagundu du, eta horiek 6.600 lanpostu baino gehiago sortu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak