Laida Mujika, Kaskarotenea ikastolako presidentea: "Diru horrek ikastola berrirako lursaila erosten lagunduko digu"

Eneko Azkarate 2015ko mai. 3a, 20:00
Laida Mujika (Argazkia: Tolosaldeko Ataria).

Pozik hartu du Goienaren laguntza Ziburuko ikastolako presidenteak, Laida Mujikak, ikastola berrirako lagungarria izango zaielako eta "jendearen sostengua sentitzea oso hunkigarria" delako.

Zelan jasotzen duzue Goienaren laguntza hau?

Laguntza oso pozgarria da. Alde batetik, diru horrek ikastola berrirako lursaila erosten lagunduko digulako, eta, bestetik, jendearen sostengua sentitzea oso hunkigarria delako gurasoontzat. Ez da beti erraza izan, zalantzak izan ditugu, guraso gutxi gara-eta, baina Seaska, beste ikastolak eta Euskal Herritar anitz, gurekin ditugu. Horrek indarrak ematen dizkigu. Jendea gure egoeraz interesatzea eta kezkatzea benetan polita da. Debagoienetik jaso dugun sostengua, hasieratik, bikaina izan da, Arizmendi ikastolarena, besteak beste, eta orain Goienarena. Lasterketa egin zelarik, harrera bikaina jaso genuen eta oso egun polita igaro genuen.

Zein da une honetan ikastolan duzuen egoera, azken ordua?

Betiko tokian segitzen dugu, 14 haurrekin. Hilabete ekipo elektrogenoarekin pasa ondoren, guk geuk ezarri genuen argindarra hornitzaileari deituz. Obretan ginela adieraziz, behin behineko lotura ezarri ziguten. Ez da oso legezkoa baina, tira!. Zoritxarrez horrela ibili behar gara. Lekua oso txiki gelditu zaigu, beraz, ea irailerako ikastola berrian gauden eta normaltasunean sartzen garen!

Baduzue terrenoa erosita ikastola berriarendako, ezta?

Bai, salmenta hitzarmena izenpetu dugu, eta orain dirua xerkatzen ari gara, eskuin ezker. Jendeak elkartasunez ematen digun dirua horretarako da. Leku egoki batean erosi dugu lursaila. Txikia da, 650 metro koadro, baina hurrengo bost urteetarako, ondo. Orain, ikastolaren planoekin gabiltza, aurrekontu desberdinak galdegin ditugu, baina funtsean 200 metro koadroko ikastola izanen da, hiru gelarekin. Hasieran, bederen, ikasgela bat, psikomotrizitate gela bat eta jantoki-pausa gela bat. Kanpoan ere aterpetxo bat izanen dugu eta laguntza eskaini digun Etxarriko enpresa batek eginen digu. Elkartasuna sentitzen segitzen dugu! Behin aurrekontuak jaso eta auzapezarekin bilduko gara bere parte hartze ekonomikoa adosteko. Ea zerbait ematen duen…

Zenbateko isuna jarri zizuten orain zaudeten eraikinean jarraitzearren?

100 euro hor gelditzen ginen egun bakoitzeko. Uxerra pasa behar da ikastolak bertan segitzen duela notifikatzeko, eta irailaren 9tik pasatzen den eguna arte, 100 euro egun bakoitzeko. Behin pasa zen, manifestazioa iragarri ondoren, eta 4.000 euro inguru ordaindu genituen. Gero, berriro auzira eraman gintuzten, ikusiz ez ginela joaten isuna 100 eurotik 400 eurora emendatzeko. Auzia azaro bukaeran iragan zen eta horrek notifikazio gisa balio zuen. Beraz, beste hiru edo lau mila euro izan ziren.

Azarotik ez duzue ordaindu. Zergatik?

Azken auzia baino lehen jada joan ginen auzapeza eta bere axuanta ikustera, erranez ez bide horretatik segitzeko, terrenoa erosteko asmoa genuela eta ahal bezain azkar joango ginela hortik. Auzia galdu zuten, epailea ohartu zelako Seaska eta ikastola aterabideak bilatzen ari ginela, baina Herriko Etxeak zizkigula oztopoak ezartzen. Orain ja izenpetu dugula, ez digu isuna ordainarazten, badaki dirua terrenoa erosteko behar dugula. Baina gehiegi luzatzen bagara, mehatxua hor du, Damoklesen ezpata bezala, eta azarotik hona 100 euro egun bakoitzeko ordaindu beharko genituzke... Aski du uxerra deitzea.

Herri Urratseko dirua zuen ikastolarako izango da aurten?

Bai, 300.000 euro behar ditugu, eta, beraz, diru-iturri guztiak ongi etorriak dira. Iparraldean 31 ikastola gara, anitz ttiki eta egoera zailean lege faltagatik. Seaska federazioak antolatzen duen Herri Urrats bestaren bitartez urtero ikastola bat laguntzen da, eta aurten guri tokatu zaigu. Eskerrak Seaska eta beste ikastolak hor direla; guk bakarrik ezingo genuke deus egin.

Bideoklip berezia egin duzue Herri Urratserako. Prest duzue?

Jendea Herri Urratsera animatzeko zerbait egin nahi genuen, lip dub edo beste, azken hilabete hauetan sentitu dugun elkartasuna irudikatzeko. Era berean, aski erraza izan behar zen egiteko, eta munduan zehar dantzan dabilen tipo baten bideoa ikusi eta gauza bera egitea pentsatu genuen, gure erara, Kaskaroten urrats bat dantzatuz. Ongi pasatzeko aukera ere izan da, gora behera guzti hauekin behar da-eta! Asteburu honetan sare sozialetan hedatzea espero dugu.

Bideoklip horretan parte hartu du Euskal Herriko jendeak, ezta?

Bai, Euskal Herri osotik eta munduan zehar dauden euskaldunengandik ere jaso ditugu. Jende gehiago animatzen bada udan zehar, ikasturte hasierarako bigarren zatia eginen genuke.

Debagoienetik bidali dizuete irudirik?

Bai, Arizmendi ikastolan [Jose Aranan] ibili dira haur eta andereñoak dantzan!

Zenbat tokitatik jaso dituzue irudiak?

20 bat bideo jaso ditugu, leku desberdinetatik. Ea denak Herri Urratsen elkartzen garen han dantzatzeko!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak