Ainhoa Larrañaga Mondragon Unibertsitateko irakasleak azaldu duenez, sasoi batean, medikuntza zientifikoaren ereduan, medikuari ematen zitzaion lehentasuna, baina gaur egun pazientean zentraturiko eredua da nagusi: "Pazientea da ardatz, zerbitzua pazientearen egoera, izaera eta inguruneari egokitu behar zaio". Eta eredu horri jarraituz, "kalitatezko osasun arreta pazientearen hizkuntzan eskaintzen dena da; arreta eta hizkuntza banaezinak dira".
Kalitatezko zerbitzua pazienteen hizkuntzan
Aitor Montes Aramaioko familia medikuaren esanetan ere "kalitatezko zerbitzua pazientearen hizkuntzan eskaintzen dena da eta ez litzateke izan behar osagarri bat, baizik bete beharreko gaitasun bat".
Euskarazko arreta "edonon eta edonoiz bermatu behar da", dio Larrañagak: "Maila denetan eman behar da, kontsultategian zein ospitalean, ahoz zein idatziz". Horrela, elkarte berriak osasun zerbitzuen erabiltzaile eta langile euskaldunak bilduko dituen elkarte bat izan gura du: "Laguntza behar duenari babesa emateko, aholkularitza eskaintzeko, elkarren arteko harremanak sustatzeko, modu horretara osasun arretaren kalitatea bermatuz". Laburbilduz, "aniztasunetik abiatuz berdintasuna bultzatuko duen elkarte bat izan gura dugu".
Estrategia falta
Pako Aristi idazlea da beste bultzagileetako bat. Harendako, euskara "berriro piramide sozialean birkokatu" behar da. Besteak beste, alor honetan "politikarien utzikeria" salatu du Aristik: "Euskal Herrian ez da oraindik erabaki politiko global bat hartu euskarari buruz lurralde osora eta estraktu denetara zabalduko litzatekeena. Euskara oraindik zintzilik dagoen gai bat da ez dago estrategiarik eta estrategia falta denean arazo kolektiboa indibidual bihurtzen da" dio Aristik.