Hiri-hondakinen bilketa kostuak direla-eta ika-mika politikoa

Ubane Madera 2015ko api. 28a, 11:39
Zintziliarioak Eskoriatzan.

EAJk eta PSE-EEk azalpenak eskatu dizkiote EH Bilduri atez ateko bilketa sistemaren kostua dela-eta. Herri Kontuen Epaitegiak eginiko txostena da ika-mikaren iturburua. Txostenak dio Debagoienean garestitu egin dela hiri hondakinen bilketa. Jeltzaleek zein sozialistek salatzen dute hondakinak biltzeko sistema berriaren ondorioz bilketa gastua "bikoiztu" egin dela. Debagoieneko Mankomunitateko Gobernu Batzordeak, EH Bilduk gestionatzen duenak, berriz, salatu du emandako datuak ez direla "zuzenak". Eta laburbilduz, datuek "erakusten" dutela "aurreikusi ziren kostuen azpitik egongo garela ezarpenak guztiz amaitzen direnerako".

EAJk zein PSE-EEk Herri Kontuen Euskal Epaitegiak joan den astean argitaratutako txosten bati egiten diote erreferentzia bilketa kostuetan bikoizketa gertatu dela salatzeko. "Bilketa-zerbitzuaren kontratuan behin eta berriro egindako aldaketen ondorioz, 5,4 milioi euroko kantitatetik 11,06 milioi eurora iritsi ziren", dio Debagoieneko EAJk, aldaketak Oñati, Eskoriatza eta Bergaran atez atekoa ezartzearen ondorioz etorri direla adieraziz, kasu horretan ere Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenari erreferentzia eginez.

EAJ: "Aurreikuspenak ez dira errealak"

Datu gehiago emanez, jeltzaleek diote “%27” areagotu zirela udalerriek (Debagoienekoek) "2011 eta 2013 artean sistema berriaren gastuak estaltzeko egin beharreko ekarpenak". Eta 2012az geroztik egiten dabiltzan bost salaketa berretsi dituzte:

  1. "Zazpi milioi eurotik gorako inbertsioak egingo dira, baina ez dakigu zertarako izango diren.

  2. Ez dituzte guztizko gastuak ezagutzen, lantzen ari diren txostenean adierazten den moduan.

  3. Ez dakite zenbateko kostua edukiko duen ezarpenak; hala ere, egin egingo dute.

  4. Aurreikuspenak ez dira errealak. Ez dira beste eredu batzuekin alderatu edo egiaztatu.

  5. Ez dakite nola jasoko diren; ez dago bilketa-logistikarik".

Epeleko Funtsaren erabilera desegokia

Horrekin guztiarekin batera, Epeleko Funtsa ere aipatzen du EAJk, salatuz haren erabilera desegokia egin duela EH Bilduk. Jeltzaleen esanetan, Epelekoa "hondakindegi zaharra ixteko funtsa" da, "funts finalista bat, beste kontzeptu batzuetarako erabili ezin dena". Eta hain justu, EAJk dio funts hori erabiltzearen ondorioz eskualdeko udalek mankomunitateari itzuli beharreko interesak direla-eta, "Bildu udaletxeak hipotekatzen" ari dela.

Oro har, bada, EAJk dio atez atekoa "sistema oso garestia" dela; EH Bilduk ez duela sistema horrekin lotutako kontuen balantzeen gaineko daturik eman nahi eta "Ezker Abertzalea bere interesen alde eta herritarren interes orokorraren aurka" ari dela jokatzen hondakinen kudeaketan.

PSE-EE: "20 milioi eurotik gora"

Gipuzkoako sozialistek, berriz, irakurketa orokorra egin, eta Denis Itxaso diputatugaiak salatu du Gipuzkoako gainkostuaren gainean berba egiten dutenean "20 milioi eurotik gorako" kopuruaz dabiltzala, oro har, "gehiengoz" atez ateko sistema "baztertzen" duten herritarrek ordaindu beharko dutena. Eta kopuru horri beste 90 milioi euro gehitu behar zaizkiola, "GHK-k aurre egin beharrekoak, aurreko legealdian onartutako Hondakinen Plana bete ez izanagatik: 13 milioi euro errauskailuaren adjudikatario diren enpresei ordaindu beharreko kalte-ordainengatik, 67 milioi euro banketxeekin sinatutako maileguengatik eta 10 milioi euro Donostiako Udalari ordainduta, bertan behera utzi dituen lizentzia batzuengatik".

Kontratua eta bilketa kostua bereizi behar

Bada, horri guztiari erantzunez, Debagoieneko Mankomunitateko Gobernuak salatu du Herri Kontuen Euskal Epaitegiak argitaratutako txostenean emandako berriak ez direla "erabat zuzenak". Hala, hondakinen bilketa kostua %104 garestitu izanaren baieztapenaren aurrean hauxe puntualizatu du: “Argi bereizi behar dira kontratuaren kostua eta bilketaren kostua”. EH Bilduk dio “portzentai hori kontratuaren garestitzeari” dagokiola, "Debagoieneko Mankomunitateak hasieratik aurreikusia zuen bezala".

Eta gaineratu du bilketa kostua kalkulatzeko “beste datu batzuk” era kontuan izan behar direla: "bilketa kostuak + tratamendu kostuak – birziklatze salmentak = herritarrarentzako “kostua”.

Horiek banan-banan aztertuta, mankomunitateko gobernuak datuak eman ditu; hala, tratamendu kostuei dagokienez, dio "birziklatze mailaren igoeraren ondorioz gastu murrizketa garrantzitsuak" izan direla: "2011n 2.288.473 euro izan ziren eta 2014an 1.652.185 euro: %27,80ko jaitsiera".

Horrekin batera, salmentak ere aipatzen ditu, horiei esker diru sarrerak izan direla azpimarratuz: "Gaikako gaien salmentei dagokienez, birziklatze mailaren igoeraren ondorioz 2011n 690.666 euro izan ziren eta 2014an 1.102.755 euro: %,59,67ko igoera".

Eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari erreferentzia eginez, berriz, dio haren txostenean "argi" azaltzen dela "Debagoienean 2013ko hondakin bilketaren kostua 113,79 euroko tasarekin %100ean" estaltzen dela.

Bukatzeko, gaineratu du "herrietako bilketa sistemen ezarpenak amaitzean, zergadun bakoitzak 128 eurotik beherako urteko kostua" izango lukeela, "birziklatze tasak bikoiztuz". Eta halaber, datuen arabera, "aurreikusi ziren kostuen azpitik egongo garela ezarpenak guztiz amaitzen direnerako”. Gogora ekarri du, baita ere, Debagoienekoa dela Gipuzkoan "%60ko gaikako bilketa mailara iritsi den lehen Mankomunitatea". Eta "argi" utzi nahi dute Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenak "ontzat" ematen duela Debagoieneko Mankomunitatearen kudeaketa ekonomiko finantzarioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak