'Ziztadak' banatzeko gertu dator VIII. Huhezinema lehiaketa

Huhezinemako kartela.

Zortzigarren aldiz antolatu dute MUko Huhezi fakultateko kideek film laburren lehiaketa eta apirilaren 28tik 30era erakutsiko dituzte filmok Aretxabaletako Arkupe kultura etxean. 111 film aurkeztu dira lehiaketara eta horietatik 37 emango dituzte hiru egunotan. Sari banaketa ekitaldia eguenean izango da, hilak 30, 20:30ean.

Zinema ziztadak da aurtengo leloa. "Sentsazioetara jo nahi izan dugu, zentzumenetara, film laburrak ziztada bat bezala sartzen zaizkigulako", jakinarazi du Garazi Aiestak, lehiaketaren arduradunetako batek, eta gaineratu: "Zinemagintza erlauntza handi bat da, non erleek gogotsu egiten duten lan, bakoitzak bere ekarpena eginda, obra handi bat egiteko".

Film laburrak Herriko Plazan

Nobedadeekin dator VIII. edizioa. Jaialdiari "irekiera herrikoia" emateko asmoarekin Huhezinema Kalean ekitaldia egingo dute martitzenean, hilak 28. Lehiaketaz kanpo geratu diren film laburrak emango dituzte (21:00-22:00), Herriko Plazan. Hona filmak:

  • Garai berriak (Koldo Almandoz)
  • Soroa (Asier Altuna)
  • Anomalo (Aitor Gutierrez)
  • Atzeko dantza (Maider Fernandez)
  • Amona mantangorria (Kepa Errasti)
  • Hubert Le Blonen azken hegaldia (Koldo Almandoz)

Eguaztenean, hilak 29, Basque Culinary Center lehiaketako sariak banatuko dituzte (10:00-13:00). Aurten gainera, Euskal Herriko edozein ikaslek parte hartu ahal izan du. Eta arratsaldean Gorka Cornejo (Donostia, 1979) zinema zuzendari eta gidoigilearen hitzaldia izango da (16:00-18:00). Musikak zineman duen garrantziaren gainean jardungo du horrek.

Sari banaketa ekitaldia

Sail ofizialeko sari banaketa ekitaldia eguenean izango da, apirilak 30. Sailkatutako filmak emango dituzte lehenengo (17:00-20:00) eta ondoren sariak banatu. Hona finalistak:

  • A serious comedy (Lander Camarero)
  • Don Miguel (Kote Camacho)
  • El buen mal (Jokin Urrutikoetxea)
  • Mamma, please forgive me (Ibai Vigil-Escalera)
  • Ordu erdi (Unai Garate)
  • Oscar desafinado-Tunning Oscar (Mikel Alvariño)
  • Otsoko (Ander Iriarte)
  • Tempo Inverso (Gregorio Muro-Mikel Muro)
  • Yayos (Roberto San Sebastian)
  • Zarautzen erosi zuen (Aitor Arregi)

Epaimahaia osatuko dute honako adituek: Pello Gutierrez (zinemagilea eta ekoizlea); Lara Izagirre (Gariza Produkzioaken sortzailea); eta Ines Intxausti (kazetaria). Finalista bakoitzak 200 euro jasoko ditu, eta sariak izango dira honakoak:

  • Goiena saria: 800 euro
  • Ikusleen saria: 200 euro
  • Aktore onena: 100 euro

Horiez gain MU sariak eta BCC saria ere banatuko dituzte.

Ekitaldia jai giroan bukatuko dute, 22:00etan, Aretxabaletako plazan dagoen Orly tabernan. Mokadutxoa eskainiko diete elkartutakoei eta Arrasateko Los Galerna taldeak girotuko du solasaldia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.