ELAk grebara deitu ditu nagusien egoitzetako langileak

Leire Kortabarria 2015ko api. 20a, 17:39

Gipuzkoako -Debagoieneko, tartean- nagusien egoitzetako langileak greba egitera deitu ditu ELAk. Deialdia maiatzaren 6, 7 eta 8rako egin du. Hemendik eta ordura bitartean, egoitzaz egoitza batzarrak egingo dituzte grebaren gainean erabakitzeko.

Egoitzetako patronala "ez dela azaltzen" negoziazio-mahaira, eta negoziazio kolektiborako eskubidea "urratzen" duela salatu du ELAk. Egoera honen aurrean, grebara deitu ditu alor honetako langileak.
 
Honako hau dio ELAk: "Gipuzkoako egoitzetako patronalek berriro ukatu digute negoziatzeko eskubidea. Gipuzkoako Foru Aldundiak, sektoreko %90 finantzatzen duenez, negoziazio-proposamen ireki bat egin zigun sindikatuoi eta patronaletako ordezkariei martxoaren 5ean. Proposamen horretan 2015 eta 2016 urteetarako soldata-hobekuntzak jaso dira, eta horretarako, 11.000.000 eurotik gorako diru-saila bereizi da aurrekontuetan, gure sektoreko langileen lan-baldintzak jasotzearren.
 
Baina martxoaren 13an izan zuten negoziazio-mahaiaren azken bilera, eta hartan "patronalak, proposamenaren diru-berme nahikorik ez dagoela argudiatuz, proposamena ukatu" zuela esaten du ELAk. "Patronalak argi eta garbi esan zuen bere lehentasuna GFAaren itunpeko plaza gehiago lortzea zela, eta gure lan-baldintzak hobetzea, ordea, ez zela lehentasunezkoa. Egun hartatik patronala desagertu da, ez du bilera-deirik egin negoziazio-mahairako, eta galdera erraz bati ez dio erantzuten: ea onartzen duen edo ez GFAren proposamena, hitzarmenak berritzeko negoziazioetan akordio bat egitearena", esaten du sindikatuak.
 
Egoitza horietako kudeaketa azpikontratatuta dago, eta bailaran, hainbat enpresak daramate kudeaketa. Debagoieneko ELAk dioenez, "enpresa guztiek" egin behar dute atzera euren jarreran, eta hala egiten duten heinean, greba deialdia bertan behera geratuko da enpresa horri dagozkion egoitzetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak