Gerra sasoiko Elgeta irudikatzeko aukera eman dute bisita gidatu berezi batean

Iraitz Lazkanok, besteak beste, Elgetako sektorea zela antolatu zuten azaldu du.

Herriko plazan eman diote hasiera bisita gidatuari. 25 bat lagunek osatu dute taldea, ia guztiak elgetarrak.

Lazkanok azaldu du plaza hori izan zela Elgetako sektorearen (Azkonabieta ingurutik ia Kanpanzarreraino) erdigunea. Sektoreko buruzagitza, esaterako, Katai Etxean kokatu zen. Baita ere sorospenen edo sendagileen postua; gaur egun Kutxabank dagoen txokoan. Sukaldeak, berriz, Lasao kalean kokatu zituzten segurtasun kontuengatik Berrixora eraman zituzten arte.

Bonbardaketen ondorioz Elgetako ia erdigune guztia suntsituta gelditu zen: udaletxea, plazako eraikin gehienak... Udaletxea gerra amaitu eta bederatzi urtera eraiki zuten berriz, eta Artekalerekin muga egiten duten etxeak ia 20 urte beranduago.

Lazkanok elizako fatxadaren berreraikitzearen gaineko azalpenak eman dizkie entzuleei, Abridio etxean Joseba Tellitu gudariaren omenez dagoen idatzia ikustera eraman ditu eta erakutsi dizkie elizan zein Gebaratarren etxean oraindik ere ikusgai dauden metralla aztarnak.

Argazkiak ere erakutsi ditu. Suntsiketarenak, gudarien eta milizianoen bizimoduaren testigantza ematen dutenak, eta baita ere gaur egun desagertuta dauden baina urteetan garaileen omenez herrian kokatuta egon diren oroitarrienak. Esaterako, Karabieta gainean karlisten omenez zegoena edo gaur egun Espaloia kafe antzokiaren plazatxoa den lekuan Ruperto Elkoro karlista elgetarraren omenez kokatua egon zena. Bisitarietako batzuk kontatu dute nola eskola sasoian irakaslearekin joaten ziren oroitarriari ohore egitera.

Bisita interesgarria izan da. Gerra sasoiko Elgetako kaleak irudikatzeko aukera eman duena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.