Herritarrek erabakiko dute 2 milioi lau urteotan zertan inbertitu

Leire Kortabarria 2015ko api. 17a, 08:00

Zabalik dago Partaidetzazko Aurrekontuetan parte hartzeko epea. Foru Aldundiaren ekimen horren helburua da Debagoienean datozen lau urteotan egiteko moduko proiektuetarako ideia zehatzak jasotzea eta, azkenean, proiektuak egin eta horietan bi milioi euro inbertitzea, datozen lau urteotan. Internetez, esku-orri bat beteta edo herri guztietan egingo diren tailerretara joanda har daiteke parte.

Foru Aldundiak 20 milioi euro ipiniko ditu Gipuzkoako 10 eskualdeen artean banatzeko eta eskualde bakoitzeko biztanleek erabakitzeko zertan inbertitu nahi dituzten datozen lau urteotan; beraz, eskualde bakoitzak bi milioi izango ditu. Debagoieneko Mankomunitatea da eragileetako bat.

Parte hartzeko hiru modu

Alde batetik, tailer batzuk izango dira herri guztietan; eta, horrez gain, beste bi bide daude ideiak helarazteko: bata, etxe guztietara Gipuzkoa aldizkariarekin batera bidaliko duten esku-orria bete eta horretarako ipiniko diren buzoietan sartzea; eta bestea, www.aurrekontuahobetzen.net webgunean. Internetez eta buzoien bidez, aportazioak apirilaren 30era arte egin daitezke.

Debagoieneko tailerrak egun eta toki hauetan izango dira: Antzuolan, Olaranen, apirilaren 22an, 18:30ean; Aretxabaletan, hilaren 23an, Arkupen, 17:30ean; Leintz Gatzagan, apirilaren 24an, udaletxean, 19:00etan; Arrasaten, Kulturaten, apirilaren 28an, 18:00etan; Bergaran, hilaren 29an, Irizar jauregian, 18:00etan; Eskoriatzan, maiatzaren 5ean, Ibarraundin, 18:30ean; eta Oñatin, maiatzaren 6an, Eltzian (Eteon), 18:00etan. Horiek Foru Aldundiak antolatu ditu; baina Mankomunitateko Garapen Agentziak beste bi ere antolatu ditu, sektorialak, apirilaren 20an eta 21ean. Bat turismo eta aisialdi sektoreko eragile eta elkarteekin izango da, eta bestea, gizarte-txertaketan edo inklusioan lan egiten duten eragile eta elkarteekin.

Bi baldintza bete behar dituzte ideiok: bat, eskualde ikuspegia izatea (kanpoan geratuko dira herri ikuspegiko proiektuak, nahiz eta herri bat baino gehiago hartzen dutenak onartuko diren), eta bestea, Foru Aldundiaren eskumenekoak izatea.

Programa pilotua egin zuten

Partaidetzazko aurrekontuen egitasmoa Urola Erdian jarri zuten martxan, 2013an; iaz, Gipuzkoako lau eskualdetara hedatu zuten, eta orain lurralde osora iritsiko da, tartean Debagoienera. Donostia da prozesuan parte hartuko ez duen bakarra. Udalarekin hala adostu du Aldundiak, Udalak bere partaidetzako aurrekontua duelako eta Diputazioaren apustua eskualde ikuspegia lantzea delako.

Parte-hartze prozesuak bost fase izango ditu. Lehena martxan da. Apirilaren 30era arte, herritarrek euren proposamenak egin ditzakete, esandako hiru bideetatik.

Bigarren fasean, jaso diren proposamenak bildu eta herritarrek aukeraketa bat egingo dute. Ekaineko bigarren astean izango da hori. Jarraian, proiektuak bideragarriak ote diren aztertuko du teknikariek eta herritarrek osatutako talde eragile batek. Herritarrek irailaren bigarren hamabostaldian aukeratuko dituzte behin betiko proposamenak, eta urrian aurrekontu proiektuan txertatuko dituzte. Aurten, berrikuntza gisa, eskualdeetako garapen agentziak integratu dituzte prozesuan. Horiekin batera, erakunde eta udalek ere aukera izango dute haien ekarpenak egiteko. Gainera, lehentasuna emango diete epe luzeagoko proiektuei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak