163,5 milioiko saldo negatiboa izango du 2014ko Errenta kanpainak

Leire Kortabarria 2015ko mar. 31a, 15:02

Apirilaren 7tik aurrera hasiko dira errentako autolikidazio proposamenak 238.811 gipuzkoarren etxeetara iristen , eta gaur, martxoak 31, dagoeneko norberak ikus dezake autolikidazio proposamena jasoko duen edo ez. Denetara, aurten, 380.000 zergadunek egingo dute aitorpena, iaz baino 6.000 gehiagok, eta 8.000 zergadun aberatsenek Aberastasunaren eta Fortuna Handien Gaineko Zergaren aitorpena egin beharko dute bigarren aldiz. Horiek dira gaur Foru Ogasunak 2014ko errenta eta aberastasuna aitortzeko kanpainen aurkezpenean emandako datu batzuk.

Gaurtik aurrera gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta webgunean kontsulta daiteke Ogasunak autolikidazio proposamena egin digun ala ez, eta baiezkoan, edukia apirilaren 8tik aurrera jakin daiteke.

Errentaren kanpainak honako epe hauek izango ditu:
    •    Apirilaren 13tik ekainaren 25era, errentako autolikidazio proposamenak onartzeko.
    •    Apirilaren 16tik ekainaren 5era (edo geroko egun batera arte, ordu librerik egonez gero), errenta mekanizaturako txanda hartzeko. Ogasunaren edozein bulegotan egin ahal izango da, tartean Bergarakoan.
    •    Apirilaren 17tik ekainaren 25era, aitorpenak modalitate mekanizatuan eta Internet bidez aurkezteko.

Segidan, kanpainaren gaineko datu batzuk, taulatan:



Autolikidazio proposamen batzuk zergadunak berak osatu beharko ditu. Iaz arte, proposamen horiek ez ziren bidaltzen. Oro har, bi datu sartu behar dira: etxebizitza errentan emateagatik izandako sarrerak, eta ohiko etxebizitza errentan hartzeagatik aplikatutako kenkaria. Zergadunari argi eta garbi adieraziko zaio kasu horietako bat dagokionean.

Guztira 163,5 milioi euroko saldo negatiboa izango du 2014ko Errenta kanpainak. Aurreko kanpainaren saldoa 157 milioi negatibokoa izan zen. 2014ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean EAJ, PSE-EE eta PPk adostutako kontraerreforma fiskala, eta horren eraginez, kapital errentek (interesek, akzioek, dibidendoek…) zerga gutxiago ordainduko dituzte. Zehazki, errenta horien atxikipena %20 da orain.

Honako hauek dira erreforma fiskal horrek dituen ondorio nagusiak, berritasun erara:
- Salbuetsitako kopurua 220.000 eurotik 400.000ra igo da ohiko etxebizitza eskualdatzen dutenak 65 urtetik gorakoak direnean.
- Ondare galerak zerga oinarri orokorrarekin konpentsatzeko muga %25etik %10era aldatu da.

BGAEen eta pentsio planen esparruan:
- Zerga oinarria murrizteko muga berri bat ezarri da. Kontribuzio enpresarialen kasuan, muga hori 8.000 eurokoa da. Erretiroa hartu ondorengo urtean ezin da aplikatu murrizpena.

- Aldaketak sartu dira aurrezpenaren oinarri likidagarria zergapetzeko eskalan, eta bost tarte ezarri dira, zerga tasa
hauekin: %20, %21, %22, %23 eta %25.
- Zenbateko hauek aldatu dira: baterako tributazioaren murrizpena, kenkari orokorrarena, eta aurreko ahaideengatik, ondorengo ahaideengatik eta adinagatik aplikatzen diren kenkariena.
- %10etik %20ra igo da dohaintzen kenkaria.
- Kenkari orokorra aplikatu beharrean, kuota murrizten da. 1.389 eurokoa da, eta oinarri orokorra dutenek bakarrik aplika dezakete. Aurrezpenaren oinarria baino ez dutenek ezin dute aplikatu.
- 35 urtetik 30 urtera jaitsi da adina ohiko etxebizitza errentan hartzeagatik aplikatzen den kenkarian portzentajea gehitzeko.
- Ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik aplikatzen den kenkarian, kreditu fiskala 36.000 eurokoa da erosketa guztietarako.
- Kenkari berria aplikatzen da (%20) enpresa berri edo sortu berrietan inbertitzeagatik

Jarduera ekonomikoetan:
Indargabetu egin da moduluen metodoa, enpresa-jardueraren benetako etekinetatik hurbilago egon dadin.
– 2013. urtean moduluak aplikatzen zituztenek, araubide iragankor bat izango dute beren etekina modalitate erraztuan kalkulatzeko.
– %10eko murrizpena jarduera hasten den kasuetan.
– 5 urtetik 15 urtera zabaldu da epea jardueren zerga oinarri negatiboak konpentsatzeko eta, kuota nahikoa ez izateagatik, egin gabeko kenkariak aplikatzeko.

Aberastasunaren Zerga, bigarren urtez

Oraingo hau Aberastasunaren gaineko Zergaren bigarren kanpaina izango da. Internet bidez egin ahal izango da bakarrik. Apirilaren 17tik 25era bitartean egin beharko da, pasahitz operatiboa edo sinadura elektronikoa eskuratuta.
Aitortzeko obligazioa izango dute kenkariak eta hobariak aplikatu ondoren zerga kuota ordaintzekoa duten zergadunek. Zerga kuota ordaintzekoa ez izanik ere, euren ondasun eta eskubideen balorazioa 3.000.000 eurotik gorakoa duten subjektu pasiboak ere badaude aitortzera behartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak