Kazetaria, antropologoa eta Jakin aldizkariaren zuzendaria den Lorea Agirrek berak irakurri du mezua, San Nikolas eliza inguruak jendez beteta zeudela.
"Auzia ez da izan ala ez izan, nolako ala halako izan; kontua ekitea da" esanaz hasi du mezua Agirrek, eta gaineratu: "Egiten duguna gara; izatea egitea da. Eta egiteko hautatu egin behar da; lekua hartu, plazan sartu".
"Ekarri euskara plazara, eztabaidara, basatzara, ur abisaletara; lokaztu, busti, kutsatu, eta eman eskua ahizpa ditugun beste boteretze bideei. Mugitzen ez denak, ez ditu kateak sentitzen", jarraitu du. "Hizkuntza, erabiltzen duenarena da", adierazi du, eta ahaldundu beharra azpimarratu: "Menpeko izateari utzi, eta ahalduntzea da kontua; euskaldun gisa ahalduntzea, herritar gisa ahalduntzeko".
"Euskararen auzia, politikoa da"
Euskararen auzia politikoa dela gaineratu du mezuan: "Euskal hiztunona auzi politikoa da, ez da kontu pertsonala, norbanakoarena. Euskararena hiztunon auzia da, herritar guztion auzia. Auzi publikoa da, eta kolektiboa. Euskararena, herrigintzaren auzia da".
"Euskara plaza publikoan kokatzen da, eta plazaren izaera publikoa, euskaran. Plazan eta euskaraz harilkatzen da elkarbizitza, bizikidetza", jarraitu du, eta gaineratu: "Plazan eta euskaraz jartzen da frogan demokrazia. Demokrazia demokratizatzeko balio du behar du euskarak".
"Kontua ekitea da, eta nor izatea. Nor izatea, euskahaldunduz, guztiok boteretuko gaituen herri bat sortzeko", azpimarratu du Agirrek, eta bukatu: "Egiten garena gara. Biba gu!"
Kepa Junkerak musikarien doinuek eta Fredi Paiaren eta Irati Erkiziaren bertsoek ere izan dute euren lekua bukaerako ekitaldian, eta AEKko kide Iñaki Urkijok ere hartu du hitza. Behin ekitaldia amaituta, Aratza eta Zazpi kaleen inguruan hainbat ekitaldi egongo dira arratsalde guztian zehar.