Europako parlamentuko garraio komisioko kideak euskal trenbide sare berria ezagutzera etorri dira Bergarara

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak, euskal trenbide sare berriak ardatz atlantikoaren baitan izango duen garrantziaz hitz egin du, Euskal Y-aren lanak ezagutzera etorri diren Europako parlamentuko garraio komisioko kideen aurrean. Euro-parlamentariek Bergarako zubi eta tunelak ezagutu dituzte, eta bertan, lan horien arduradunen eskutik hainbat azalpen jaso dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren iritziz, Mediterraneoko eta Atlantikoko garraio-sareak hobetzea lehentasunezko helburuak dira Europan. Eta bisita honek, Europa Erkidegotik igarotzen den trenbide ardatz honekin duen konpromisoa indartzen duela azaldu du.

Euro-parlamentariak, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batekin batera, Bergarako zubia eta inguruetako hainbat tunel ere ezagutu dituzte. Europako parlamentuko garraio komisioko lehendakari Michael Cramerrek lanok Europa bateratuago bat izateko bidean pauso bat gehiago direla azpimarratu du. "Frankfurten bizi naiz eta trenez Madrileraino joatea, abantaila handia litzake", dio Cramerrek. Oregi sailburuak, proiektu honek garraioari ez ezik, ingurugiroari ere onurak ekarriko dizkiola esan du. Izaskun Bilbao euro-parlamentariak gogora ekarri du Espainia eta Frantziaren arteko konexio eraginkor ez honek urtero, Europako barne produktu gordina %1 jaisten duela.  

Bisita, baina, ez da Bergarara mugatuko, eta Euskadin igaroko dituzten hiru egun hauetan, besteak beste, Forondako aireportua ere bisitatuko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.