Familiak gero eta baikorragoak dira ekonomiaren gainean, Laboral Kutxak dioenez

Leire Kortabarria 2015ko mar. 19a, 08:00

Laboral Kutxaren azterketa baten arabera, euskal familiak hasiak dira ekonomiaren susperraldiaz fidatzen, eta pertzepzio hobea dute ekonomiaz: 2015 hasieran -19 zen indizea, eta orain, -9 da. Laboral Kutxaren Kontsumitzailearen Konfiantza Indizeak emandako datua da.

Azken urtean jasotako erregistrorik onena da, eta estatuko eta EB-28ko balioetara gerturatzen hasi da, –2koa eta –5ekoa baitira, hurrenez hurren.

Ekonomia orokorraren eta langabeziaren bilakaeraz euskal familiek duten pertzepzioak hobera egin du, 2014ko laugarren hiruhilekoan jasotakoaren aldean; dena den, bi kopuruok negatiboak (–11koa eta –3koa) izaten jarraitzen dute.

Aurrezki-gaitasunari buruzko datua hobetu egin da apur bat, baina hori ere negatiboa (–11)  da oraindik.

Horrela, bada, 2015eko lehen hiruhilekoan, euskal familien konfiantzak ezkorra izaten jarraitzen du, osatzen duten lau indizeetan; alabaina, 2014koa baino positiboagoa da.

Etxebizitza erosteko aukera, %2k bakarrik

Honako irakurketa egiten du Laboral Kutxak:

"Euskal familietan nolabaiteko susperraldia nabaritu da prezioen hazkunde-erritmoan, urtebete osoan beheranzko inflazioa espero izan dutelako. Gainera, haien ustetan, oraindik ere ez da une egokia etxerako ondasunak eta zerbitzuak erosteko. Hala ere, gastu horren gaineko aurreikuspenek okerrera egiteari utzi diotenez, goraka has daitezke".

Hori bai, etxebizitza-eskaria ahula izan da eta oraindik ere bada (familien %2k baino ez dute erosteko aukera aztertzen) eta sendotasun eskasa du autoa erosteko asmoarekin alderatuta, %5ekoa baita (%3,4koa segurua eta %1,3koa probablea).

Posizio hobea indartzeko beharra

Laburbilduz, jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren bizitasun handiagoarekin bat etorriz, 2015eko lehen hiruhilekoak hobekuntza ekarri du euskal familien aurreikuspenetarako. Hala ere, posizio hobe hori indartzeko, "aurrezteko gaitasunaren eta kontsumo- eta inbertsio-asmoaren —etxebizitza, autoa…— susperraldiak argiagoa izan behar" duela ohartarazten du Laboral Kutxak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak