Gipuzkoako eskualde bakoitzak bi milioi euro izango ditu datozen lau urteotan inbertitzeko, eta, eskualdeka, herritarrek parte hartu ahal izango dute zertan inbertitu erabakitzeko.
Horren berri eman du gaur, eguaztena, Foru Aldundiak. "Jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa egin dugu", esan du Maider Otamendi Finantza eta Aurrekontuetako foru zuzendariak. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen dituen Partaidetzako Aurrekontuak 10 eskualdetara eta 87 udalerritara hedatuko ditu Foru Aldundiak. Foru Aldundiak bere aurrekontuetatik 20 milioi euro jarriko ditu herritarren esku. Bi milioi horiek datozen lau urteotako foru aurrekontuetatik aterako dira.
Arantza Ruiz de Larrinagak, Herritarren Partaidetzarako zuzendariak, honela esan du: "Ekimen honetan mahai gainean jarri dugun aurrekontuaren zenbatekoa, 20 milioi eurokoa, kopuru garrantzitsua da eta horrek ezin hobeto adierazten du Foru Aldundiaren Gobernuak diruaren kudeaketa herritarrekin konpartitzeko egiten dugun apustua, eta herritarren parte hartzearen aldeko apustua, sendoa eta serioa dela". Eta hau gaineratu du: "Gipuzkoako Foru Aldundian, herritarrentzako garrantzitsuak diren proiektuak, eta Gipuzkoarako estrategikoak diren erabakiak, herritarrekin batera adostu nahi ditugu. Eta diru publikoa zertan eta nola inbertitzen den, nola ez, erabaki inportantea da".
Debagoienean, lehenengo aldiz
Partaidetzako Aurrekontuen ekimena 2013an abiatu zuen Foru Aldundiak. Urola Erdian egin zen esperientzia pilotoa. 500.000 euro jarri zituen orduan Foru Aldundiak, herritarrek, parte-hartze prozesu baten bidez, erabakitzeko diru hori nola inbertitu haien eskualdea hobetzeko.
2014an, lau eskualdetara hedatu zuen esperientzia. Gipuzkoako populazioaren herena hartzen duen lurraldean jarri zuen martxan ekimena. Urola Erdiak bigarren urtez parte hartu zuen eta Bidasoaldea, Tolosaldea, Oarsoaldea gehitu zitzaizkion. Eskualde bakoitzeko herritarrek 500.000 euro izan zuten haien eskualdea hobetzeko egitasmoak aukeratzeko. 2 milioi, guztira.
"Aurten, 10 eskualdetako herritarrek parte hartu ahalko dute, ia gipuzkoar guztiek", esan du Maider Otamendik. Donostiak, bertako Udalarekin adostuta, ez du parte hartuko, "Udalak bere partaidetzako aurrekontu propioa duelako eta Foru Aldundiaren apustua eskualde ikuspegia lantzea baita".
Erakundeek ere egin ditzakete proposamenak
Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako zuzendariak parte-hartze prozesuaren metodologia eta faseak azaldu ditu. Iaz bezala, "bost fase izango ditu parte-hartze prozesuak: herrietan proposamenak egitea, eskualdean proposamenak lehenestea, teknikarien azterketa, behin betiko aukeraketa eskualdeetako batzarretan eta, azkenik, foru aurrekontuetan txertatzea".
Badira, ostera, berritasunak. "Aurrreko parte hartze prozesuen esperientzian oinarrituta, moldaketa batzuk egin ditugu: eskualdeetako garapen agentziak integratu ditugu, eskualdeetako entitateek eta udalek haien proposamenak egin ditzakete eta epe luzeagoko proiektuek izango dute lehentasuna. Foru Aldundiaren eskumenak ikusita, urtebeteko egitasmoak motz gelditzen direla uste dugulako", argitu du Ruiz de Larrinagak.
Ekimena bera ere gure inguruan aitzindaria dela gogorarazi du. "Gure inguruko herrialdeetan edota estatuetan ez dago ezaugarri horietako ekimenik, udalerriaren esparrua edo proiektu zehatz baten esparrua gainditzen duenik".
Prozesuaren lehenengo fasean, herritarrek ekarpenak egin ditzakete. Hiru bide daude horretarako eta martxoaren 19tik aurrera erabil daitezke: bat, www.aurrekontuahobetzen.eus webguneko formularioa beteta; bigarrena, Gipuzkoa aldizkariarekin batera banatzen den eskuorria beteta; eta hirugarrena, herrietan egingo diren partaidetza tailerretara joanda. Herri guztietan egingo dira. Proposamenak bidal daitezke apirilaren 30era arte.