Mondragon Korporazioa indartsu, Nazio mailako Ospitaleen kongresuan

Goiatz Arana Begiristain 2015ko mar. 12a, 10:54

Mondragon Health-en standa.

Korporazioko 20 enpresa baino gehiago ari da aurkezten egunotan Mondragon Health, Alacant eta Elx hirietan egiten ari diren Nazio mailako Ospitaleen hemeritzagarren Kongresuan, "osasunaren sektorean duen ezagutzaren eta gaitasunen isla bilakatuz". Martitzenean hasi zen kongresua eta bihar, egubakoitza, bukatuko da. 44,3 milioi euroko salmentak eta 600 bat lanpostu dira osasunaren alorrean Mondragon Korporazioko enpresek garatutako jardueren emaitzak.

Korporazioko hogei enpresek baino gehiagok eskaintzen dituzten produktuak eta zerbitzuak dira egunotan aurkezten ari direnak: batetik, osasunaren alorrean beren jarduera garatzen duten enpresak; eta bestetik, industriaren alorrean izen handia dutenak eta beren ezagutza negozio eta sektore berrietan aplikatu dutenak –osasuna, kasu–, "pazienteen eta herritarren bizi-kalitatea hobetzera bideratutako" irtenbide berri eta berritzaile ugari eskainiz.

Mondragon Health-en esanetan, aurkezten dituzten enpresen "eskaintza anitza eta zabala" baliatuz, ikusmin handiarekin joan dira aurtengo kongresura. Bertan, Osasun-zerbitzuak eta Herritarrak lelopean, osasun-profesional eta osasun-espezialista ugarik egun zerbitzuek eta osasunaren alorreko kudeaketak duten erronken inguruko hausnarketa eta eztabaida dute oinarri.

Mondragon Health-eko zuzendari Nagusi Mikel Alvarezek –eskarmentu handia du ospitale publikoen kudeaketan– Zein ekarpen egiten dio Osasun-Teknologiak herritarren Osasunari? izenburupean antolatutako mahai-inguruan hartuko du parte. Mahaikideek herritarren eta pazienteen zainketan osasun-teknologiek izan duten garapena landuko dute.

Hiru lan arlo

Hiru dira Mondragon Health-en lan arloak: produktuak, zerbitzuak eta prestakuntza. Hala, Mondragon Korporazioak hainbat enpresa ditu osasunaren arloan produktuak, zerbitzuak eta prestakuntza eskaintzen dituztenak, 44,3 milioi euroko salmentak eta 600 bat lanpostu sortuz.

Osasun sektorean Mondragonek dituen enpresen gaitasunak gidatzen dituen eragile korporatiboa da Mondragon Health. Bere helburua da osasunaren alorraren garapenean liderra izatea, lankidetzaren bitartez irtenbide integralak bultzatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak