Mila Elortza: "Kale-agerraldi ezohiko eta koloretsua izango da zapatukoa"

Leire Kortabarria 2015ko mar. 13a, 15:00
Mila Elortza.

Bihar, zapatua, Eskubide Sozialen Karta aldarrikatzeko kale agerraldia egingo dute. Debagoieneko batzar gehienak Bergaran izan dira, eta Mila Elortza da lantaldeko kide bat.

Ze fasetan dago orain Kartaren lanketa?
Lehenengo fasea izan zen Karta idaztea. Diagnostikoa egin zen: larrialdi sozial eta nazional egoera. Horren aurrean, denok batuko gintuen beheko orube bat jarri behar zen, eta bi urteko eztabaidak egin dira. Haien ekarpenak ere aztertu dira. Fase hori urtarrilean amaitutzat eman zen. Karta idaztearekin batera, eskubideak lortzeko tresnen gaineko hausnarketak jaso ziren. Orain hasi gara horiek astintzen. Aurtengo ikasturterako kanpaina horixe da: Kartatik atera den programa sozial hori sozializatu.

Laburtuaz, zeintzuk dira zuen eskaera inportanteenak?
Beste eredu sozial baten alde gaude. Eredu sozial hori aldatzen hasteko gizartea aktibatu nahi dugu. Lanketa txiki bat egin da ingurumen eta lan arloko taldeetatik. Gai horiekin biekin dago gehien garatuta kaleratze edo gizarteratze hori, baina orain lantegietan lan munduko gaiak jorratuko dituzte; ikastetxeetan, hezkuntza arlokoak, Lomceren ingurukoak, etorkizuneko hezkuntza eredu hori lantzen hasteko; erretiratuen arloan, jende nagusia dagoen prekarietate egoerari buelta nola eman landuko da eurekin…

Krisian gaudenetik hainbat mugimendu sortu dira, egoerari buelta emateko. Zer du honek berezirik jendea erakartzeko?
Momentuak daukan larritasuna. Denok onartuta daukagu krisi sistemiko global baten gaudela. Gaur egun, bankuek eta finantza sistemek agintzen digute, eta politikariak ere ez daude gure etorkizunarekin pentsatzen. Horri derrigor buelta eman behar diogu, Erdi Aroko eskubideekin geratzen gabiltzalako. Momentuak esaten du orain arte egin diren ahaleginak bidean geratu direla, eta une hau kritikoa da.

Bihar, zapatua, kale agerraldia egingo duzue.
Bai, eta ezohikoa izan dadin nahi dugu. Koloreak erabiliko ditugu: kolore bakoitzak sektore bat identifikatuko du, egoera bat, eta pankartak-eta izango dira sektore eta egoera guztietarako. Nahi da zerbait koloretsua egin, etorkizuna koloreekin pintatzen hasteko garaia delako. Jendea animatu nahi dut kale agerraldian parte hartzeko; benetan sinisten badugu etorkizuna gure esku dagoela, kalera irten beharra daukagu. Autobusak egongo dira eta bailarako ibilbidea ere egingo du. Ohiko lekuetan eman daiteke izena.

Hauteskundeak datoz; uste duzu alderdiren batek jasoko duela zuen aldarrikapena?
Asmoa hori da, eurak dira hau aurrera eramateko lehenengo arduradunak, eta benetan ez badute ardura hori hartzen herritarrek beste eredu baten aldeko borroka lideratzeko unea izango da. Bilera batzuk egin dira, eta asmoa da denekin batzartzea, honakoa herri hausnarketa baten ondorioa dela esatea eta hemendik aurrera nola jokatu nahi dugun azaltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak