Zerk bultzatu zintuen Lanbide Heziketa ikastera?
Garbi nuen Lanbide Heziketako zikloren bat egin nahi nuela batxilergoaren ondoren. Eraikuntza Proiektuak zikloa lagun batek egin zuen eta harengatik ezagutu nuen, eta, egia esan, pozik nago hartutako erabakiarekin.
Zuk Lanbide Heziketa eta unibertsitatea, biak ezagutzen dituzu; zeintzuk dira desberdintasun nagusiak? Zer azpimarratuko zenuke?
Lanbide Heziketa askoz gehiago gustatu zait; talde txikiak, praktikoa, irakaskuntza oso pertsonalizatua izan da, eta, gainera, hor jasotako jakintza, batez ere efizientzia energetikoan, oso ona izan da. Lanbide Heziketak ematen duen jakintzari balio handiagoa eman behar diogula uste dut. Askotan ez gara kontziente izaten Lanbide Heziketan ikasi dugulako jaso dugun formazioaren mailaz.
Eta unibertsitatean zer moduz?
Unibertsitatera azterketarik egin gabe sartu nintzen, notagatik. Eraikuntza arloan ikasten jarraitzen dut, baina ez zait askorik gustatzen unibertsitatea. Alde batetik, ikasten ari naizena –Arkitektura Teknikoa– ez zait hainbeste gustatzen, gehiago gustatzen zait Arkitektura. Eta bestetik, inpertsonalagoa da.
Ikaslea izateaz gain, enpresaria ere bazara. Zer moduz doa enpresa?
Merkatuak eskaintzen zituen laneratze-aukerak ikusita, nire enpresa sortzea erabaki nuen. Ekoeraikin da gure estudioa; arkitekto batek eta biok osatzen dugu, eta eraikinen birgaitzeak eta efizientzia energetikoko proiektuak egiten ditugu. Nahiko ondo doala esan dezakegu.