Elkar-Lanek 2014ko ekitaldian egindako jardueren laburpena aurkeztu du gaur, baita Kooperatiben Enpresa Ekinbideen Behatoki gisa 8. txostena ere.
Agustin Mendiolak, Elkar-Laneko lehendakariak, esan du, sortu diren 138 kooperatiba horiez gain, beste 53 ekintzaile-talderekin lan egin duela Elkar-Lanek, baina hainbat arrazoi tarteko, ez dira enpresa bihurtu.
Gehienak, zerbitzu kooperatibak
138 kooperatiba horietatik, motaren arabera, gehienak (132) lan elkartukoak izan dira, bi etxegintzakoak, bi kontsumokoak, bat nekazaritzakoa eta beste bat irakaskuntzakoa.
Jarduera-sektoreei dagokienez, erdiak baino gehiago, 72 zehazki, zerbitzuetan sortu dira; 12 merkataritzan; 11 eraikuntzan; bederatzi, elektriko-elektronikoan; sei, metalean; bost, ehungintzan; beste bost, elikaduran; lau, garraioan; hiru, altzari-zurgintzan; bi, nekazaritzan; bi, arte grafikoetan; bi, automobilgintzan; bi, telekomunikazioetan; bi, etxegintzan; eta bat, makina-erremintan.
Zerbitzu-sektorearen barruan sorturiko kooperatibei dagozkien jarduerak askotarikoak izan dira, eta nabarmentzekoak dira: aholkularitza (15 kooperatiba); sozialak (zortzi); Ikus-entzunezkoak (sei); arkitektura eta ostalaritza (bost sektore bakoitzean); kirola, ingeniaritza eta turismoa (lau, bakoitzean); diseinua, energia, informatika eta publizitatea (hiru, bakoitzean); eta ingurumena (bi).
Lurralde Historikoen arabera, %56 inguru (zehazki 77) Bizkaian sortu dira, 44 Gipuzkoan eta 17 Araban.
138 Kooperatiba horietan 507 enplegu daude, hau da, kooperatiba berri bakoitzeko batez beste 3,67 enplegu, eratu diren unean.
Bakarrik %3 likidatu dira
Bestalde, Javier Sanzek, Elkar-Laneko zuzendariak, Elkar-Lanek, Kooperatiben Enpresa Ekinbideen Behatoki gisa, egin duen 8. txostenaren alderdirik garrantzitsuenak aurkeztu ditu; ardura horren arabera, Elkar-Lanek aholku ematen die Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioei eta beharrezko argibideak eskaintzen dizkie politika publikorik egokienak ezar ditzaten Euskadin kooperatibismoa sustatu eta garatzeko.
Javier Sanzek aurkezturiko txostenetik ezaugarri hauek nabarmendu behar dira:
• Elkar-Lan sortu zenetik (2002ko abendutik) 734 enpresa kooperatiboren eraketa sustatu du.
• Elkar-Lanek eraturiko kooperatiben ‘heriotza’-tasa oso txikia da, %3koa bakarrik, Elkar-Lanek orain arte sustaturiko kooperatibetatik lau bakarrik likidatu baitira, baina aktibo ez dauden kooperatibak 86 dira (likidaturiko laurak ere hor sartuta) eta %11,71ko tasa suposatuko luke horrek.
• Enpresa-ekinbide gehienak zerbitzu-sektorekoak dira. Industria- eta zerbitzu-jarduerak oso urriak dira.
• Ekintzailearen profila EAEn: gizonezkoa, 41 urtekoa eta goi- edo erdi-mailako ikasketak dituena.
• Emakume ekintzaileak gaur egun ekintzaile kooperatibo guztien %38,30 dira, hau da, aurreko ekitaldiko tasa berbera.
• Sustatzaileen %15ek badute aurreko lanbide-esperientziarik.
• Enpresa-ideia edo -egitasmoa sortzeko arrazoiak:
o Behar edo premia: %53
o Negozio-aukera: %35
o Beste arrazoi batzuk: %18
• Kooperatibaren forma juridikoa aukeratzeko arrazoiak:
o Filosofiagatik (uste sendoa): %27
o Aholkularien gomendioz: %25
o Onura eta laguntzengatik: %35
o Beste arrazoi batzuengatik: %13
• Finantza-ikuspegitik:
o Kooperatiben batez besteko inbertsioa, eratzen direnean, 18.000 eurokoa izaten da.
o Proiektuen %47k kanpoko finantzaketa behar du.
• Gizarte Segurantzako Erregimenari dagokionez, %78k Langile Autonomoen Erregimen Berezia aukeratzen du eta %22k bakarrik Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorra. Horretarako arrazoiak dira Autonomoen Erregimena ekonomikoagoa izatea, aholkulariek gomendatua eta diferentzia aseguru pribatuetara bideratzea.