Gipuzkoa EHU-k 80 eta 54 irabazi dio Gasteizko Araskiri Aretxabaletan

Emakumearen Nazioarteko Egunaren egitarauaren barruan, emakumezkoan lehenengo mailan ari den Gipuzkoa EHU-k eta bigarren mailan diharduen Gasteizko Araski taldeak neurtu zituzten indarrak atzo iluntzean Aretxabaletan, lagun arteko partiduan. Ikuskizun polita eskaini zuten bi taldeek, eta Ibarra kiroldegian batutako zaleek gozatzeko modua izan zuten.

Araskik nahikoa ondo eutsi zion Gipuzkoa EHUri hirugarren laurdenera arte. Hor apurtu zen partidua. Atsedenaldiaren aurretik, arabarrek askotan asmatu zuten hiruko marratik, %71ko portzentajearekin, eta horrek eragin zuen gipuzkoarrek gehiegi ez alde egitea markagailuan.

Denbora pasa ahala, ordea, kategoria desberdinetan diharduten bi taldeen arteko aldea agerikoago egin zen, erritmoari eta alde fisikoari dagokionez, batez ere. Horrez gain, uztaipean ere Gipuzkoa EHU-k nagusitasuna erakutsi zuen, bere hiru jokalari garaiekin, horietako bi amerikarrak.

Atsedenaldiko emaitza 41 eta 30 izan zen gipuzkoarren alde, amaierakoa, berriz, 80 eta 54. Bi taldeetako entrenatzaileek askotariko probak egiteko aprobetxatu zuten partidua. Probak proba, ikuskizun polita eskaini zieten Aretxabaletako Ibarra kiroldegian batutako zaleei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.