Guztira, 48 milioi euro bideratuko ditu Aldundiak 2015ean, iaz baino 1,6 milioi euro gehiago. Hala jakinarazi du gaur Ander Rodríguez Gizarte Politikako foru diputatuak, Maria del Río Plangintzako eta Inbertsioetako zuzendari nagusiarekin batera eman duen prentsaurrekoan.
Rodríguezek adierazi du idatzi bat bidaliko diela Gipuzkoan prestazioak jasotzen dituzten pertsona guztiei, ziurtatzeko 2015ean ere prestazioa osorik jasotzen jarraituko dutela, Foru Aldundiak bere funtsekin egingo dielako aurre Madrilgo Gobernuak 2012. urteaz geroztik Mendekotasunaren Legean ezarritako %30eko murrizketei.
Horrez gain, Foru Aldundiak bere esku dituen datuak oinarritzat harturik, prestazioa jasotzen duen pertsona bakoitzari, bere datu ekonomikoen, laguntzen eta gizarte zerbitzuen informazioa emango zaio. Horrela, jendeak datu horiek egiazkoak diren ikusi ahal izango du eta zuzen ez badaude Gizarte Politikako Departamentuari horren berri eman.
Mendekotasuna duten 26.000 gipuzkoar
Maria del Río zuzendariak jakinarazi du Gipuzkoan mendekotasuna duten 26.000 pertsona daudela. Graduaren arabera, gehienez ere 833 euro jasotzeko eskubidea dute (III graduko 2. maila). Gainera, uztailaren 1etik aurrera, Foru Aldundiak mendekotasun moderatua duten pertsonei (I graduko 1. maila) prestazioa jasotzeko eskubidea emango die. Laguntza horiek 180 eta 300 euro bitartekoak izango dira.
Gaur egun 5.700 pertsonak dute I graduko 1. mailako mendekotasuna, eta erdiak zerbitzuren bat jasotzen dute (eguneko zentroa, telelaguntza, etxeko laguntza), baina orain arte ez dute diru laguntza jasotzeko eskubiderik izan. Ekainaren 1etik aurrera eskubide hori izango dute eta bi eratako prestazioak jaso ahal izango dituzte:
- Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa: 180 eurokoa, mendekotasun moderatuenak dituzten pertsonei emango zaie, eta mendeko pertsonekin bizi diren zaintzaileei laguntzea izango du helburu.
- Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa: 300 eurokoa, I graduko 1. maila duten pertsonei emango zaie, eta jasotzeko, zaintzaile bat kontratatu behar dute Gizarte Segurantzan alta emanda.
Laguntza horiek indarrean sartuta azken gradua laguntzen sisteman sartzen da. Beraz, aurrerantzean mendekotasuna duten pertsona guztiek izango dute prestazio guztiak jasotzeko eskubidea, haien maila dena delakoa izanda. Gainera, orain arte bezala, zerbitzuak ere izango dituzte eskura, eta Gipuzkoan, gainera, prestazioak eta zerbitzuak bateragarriak dira.