Palacios anaien golei esker hartu du arnasa Aloña Mendik (1-2)

Xabier Urtzelai 2015ko mar. 1a, 19:09

Broma gutxi egon da gaur Eztalako berdegunean, aurrez aurre izan diren Antzuola eta Aloña Mendi ez daudelako jolasean ibiltzeko. Eta bi taldeen puntu behar horrek baldintzatu du partidua; edo bai, behintzat, lehenengo zatia: taldeen artean errespetu handia, joko gutxi eta gol-aukera bakar bat ere ez. Bigarrenean, ostera, zirt edo zart, bi taldeek erasorako joera handiagoa erakutsi dute. Eta hor, Palacios anai oñatiarrek balio handiko bi gol egin dituzte (sailkapena).

KIROL EMAITZA GEHIAGO

Eta hori Antzuola izan dela bigarren zatia hasi eta minutu gutxira lehenengo gola egin duena. Telebistan behin eta berriro ikusteko gol horietakoa egin du Aranbarrik –ostera ere–, faltaz. Gol horregatik bakarrik merezi zuen Antzuolak garaipena, baina futbolean horrek balio txikia du, txikia, irabazten ez bada behintzat. Hala, lehenengo kolpe horren ostean etxeko taldeak ez du aparteko beherakadarik izan, baina arlo fisikoan Aloña jokoa menderatzen zebilen, eta Eztalan pare bat gol jasotzeko ez da asko behar.

Hala, Aloñak apartekorik egin barik, baina emaitzari buelta emateko gauza zela sinistuta lortu ditu bi gol horiek, eta bietan, Palacios anaiak protagonista. 65. minutuan Julen izan da berdinketa egin duena, Mikel anaiaren pasea aprobetxatuta –baloi geldiko jokaldiak izan dira bi golak–. Eta faborea itzultzeko, minutu batzuk geroago Julen izan da pasea eman duena, Mikelek 1-2koa lortzeko.

Emaitza horrekin jokoa zatartu egin da, zatartu eta gogortu. Danelek lekuz kanpoko ostikada bat jaso du, izan da zelaiaren beste aldean ere falta gogorren bat: batzuk markagailuari eusteko borrokan, besteak, erlojua kontran, esku hutsik geratzeko beldurrez. Antzuolakoen partetik egon da zutoinetik gertu pasa den jaurtiketaren bat, baina ez dute asmatu. Hala, oñatiarrek arnasa hartu dute, final bat irabaziz, eta Antzuolari apur bat gehiago zaildu zaio lehenagotik zail zuena, kategoriari eustea: "Baina ez dugu amore emango, puntuak jokoan dauden bitartean borrokan jarraituko dugu", adierazi du Ekain Garin Antzuolako entrenatzaileak.

Aretxabaletak galdu eta Bergarak galdu, eta Mondrak irabazi

Aretxabaleta azken bolada txarrari buelta eman ezinik dabil, sailkapenean hirugarren postuan dagoen Tolosaren etxean galdu ostean (2-1), eta beste horrenbeste egin du Bergarak Irunen, galdu (2-0). Ikusgarri dabilena Mondra da, Josu Zubia entrenatzaile dagoenekin ez dute galdu, eta moralki topera daude; hala, asteburuan Lazkaroren gainetik pasa dira (1-5). (Erregional preferenteko sailkapena hemen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak