Debagoieneko udalek 354.000 euro jasoko dute bueltan Foru Ogasunetik

Leire Kortabarria 2015ko ots. 26a, 15:48

Gipuzkoako Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa %17,68 hazi da 2011tik 2014ra, hau da, 63 milioi euro handiagoa da. Horren berri eman du gaur Ogasun zuzendari Xabier Olanok. Aurten, 2007a ezkero lehenengo aldiz, UFFFren likidazioa positiboa izan da eta Gipuzkoako udalek aportazioaren zati bat berreskuratuko dute; Debagoieneko udalek, denetara, 354.443,68 euro jasoko dituzte bueltan.

Ogasun zuzendariaren esanetan, "udalek finantzazio zama astuna gainetik kentzea lortu dute legealdi honetan, egoerari aurre egiteko neurriak jarri baitziren".

Azaldu duenez, "2011n egoera konplikatua zuten udalek, besteak beste, zorpetze maila handia zutelako eta 2009ko foru funtsetik 99 milioi epeka itzultzen ari zirelako. 2012ko itzulketa ere esanguratsua zenez (51 milioi), Foru Ogasunak erabaki zuen gerorapen gehiago ez eskaintzea, etorkizuna ez hipotekatzearren". Aldundiak baliabide erabilgarrien %1 gehiago bideratzen du orain UFFFera (2012an puntu erdi igo zen eta beste puntu erdi 2013an).

Udalek gutxiago itzuli behar dute orain

Horrenbestez, hartutako neurri guztien bidez, udalek egin beharreko itzulketak gutxitu egin dira, eta era berean aurreikuspen zorrotzagoak ezarri dira, Ogasunak azaldu duenez. Modu horretan, 2014an likidazio positiboa izatea lortu da, 2007tik lehen aldiz. Hain zuzen, udalei 4.142.286,24 euro itzuli die Foru Ogasunak, UFFF likidatu eta gero; aurrekontua 413.130.249,43 eurokoa zen, eta likidazioa 418.272.535,67 eurokoa izan da. Kontu horiek otsailaren 17an onartu zituen Diputatuen Kontseiluak.

Debagoieneko udalei honako kopuru hauek (datuak, eurotan) itzuliko dizkie Foru Ogasunak:


    •    Antzuola: 12.303,65
    •    Aretxabaleta: 38.782,92
    •    Arrasate: 124.850,15
    •    Bergara: 83.438,13
    •    Elgeta: 6.362,75
    •    Eskoriatza: 23.031,50
    •    Leintz Gatzaga: 2.162,75
    •    Oñati: 63.511,83
    •    Denetara: 354.443,68

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak