Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Urtzi Urrutikoetxea Euskal PEN Klubeko presidenteak aurkeztu dute manifestua. Euskararen lurraldean ere ehun baino gehiago direla elkarrekin bizi diren ama hizkuntzak gogorarazi dute, eta haiekiko begirunea erakustea, guztiak direlako "aberasgarri". Hala, egungo hizkuntza aniztasuna ez dela euskara eta gaztelaniara soilik mugatzen nabarmendu du Patxi Baztarrikak: "Hori baino zabalagoa eta hori baino aberatsagoa da gure artean dugun hizkuntza aniztasuna".
Fenomeno hori euskara biziberritzeko prozesuan ere zuzeneko eragina izaten ari dela azaldu du sailburuordeak."Erabakigarria izango da euskal gizarteak etorkinekiko eta euren kultura eta hizkuntzarekiko erakusten duen jarrera, beraiek euskararekiko jarrera bat edo beste har dezaten. Integratzailea, asimilazioarekin zerikusirik ez duena, izan behar du euskal gizartearen jarrerak". Eta gaineratu du auzia ez dela hizkuntza bat edo bestea hautatzea: "Kontua da gure arteko herritarren hizkuntza guztiak direla duinak eta errespetatu beharrekoak. Denon obligazioa da gure artean ditugun ehundik gora hizkuntza horien presentzia ez ezkutatzea".
15 urte ospatzen
1999an izendatu zuen UNESCOk otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egun, eta urtero ospatzen da 2000tik aurrera, kultura aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzeko asmoz. Nazio Batuek emandako datuetan oinarrituta, egun munduan hitz egiten diren ia 7.000 hizkuntzetatik %96a mundu osoko biztanleriaren %4k erabiltzen du, eta ohartarazten du, gainera, oso litekeena dela ondorengo belaunalditan hizkuntza horietatik guztietatik erdia baino gehiago galtzea. Ehunka gutxi dira munduan hezkuntza sisteman eta arlo publikoan erabiliak izatera iritsi diren hizkuntzak, eta ehun baino gutxiago dira eremu digitalerako saltoa egin dutenak.
Manifestua
Hona manifestua osorik:
Euskara, guztion etxe, guztiontzat zubi
"Ama hizkuntza. Lehen hizkuntza. Pertsonak, bizitzaren lehen arnas eta zaintzekin batera jasotzen duen hizkuntza. Beti bihotzean gordeko duen hori. Bizi osoan kilikatuko duen hizkuntza bereena. Mundua ulertzeko eta bizipen nahiz sentimendu sakonenak adierazteko tresna kuttuna.
Hori dena eta askoz ere gehiago da ama hizkuntza, lehen hizkuntza, gutariko bakoitzarentzat. Eta gutariko bakoitzak merezi eta behar dugun errespetu bera merezi eta behar du ama hizkuntzak. Nor bakoitzaren osagarri garrantzitsu bat delako.
Ehundik gora dira euskararen lurralde osoan, geure inguruan, elkarrekin bizi diren ama hizkuntzak. Hiztun gutxi nahiz ugari izan, guztietan eta bakoitzean sartzen da mundu osoa, guztiek eta bakoitzak aberasten gaituzte. Eta gutariko bakoitzak galduko genuke oso gurea den zerbait, hiztun batek bere ama hizkuntzari uko egin beharko balio. Aniztasuna delako, gaurko gizarte eta gizaki gisa, definitzen gaituen balio funtsezkoenetako bat.
Eta aniztasunak, euskal gizartearen ezaugarri garbienetariko horrek, bizikidetza harmoniatsuan du garabiderik seguruena. Eta euskarak ere halaxe. Euskara baita, bere lurraldeetan, guztion etxea eta guztion arteko zubia. Elkarren errespetuaren gainean eraikitako aniztasunean.
Euskaratik eta euskaraz hizkuntza guztien balioa aitortzen dugu; bihoakie gure begirune aparta euskararen lurraldeko etxeetan –etorri berriak tarteko– hitz egiten diren ehundik gora hizkuntzei. Bihoakie euskararen besarkada, guztiontzat etxe eta zubi den euskararen agurra".