Estatuen eta Nafarroako Gobernuaren "injerentziak" salatzeko manifestaziora batzeko deia egin du Kontseiluak

Jon Berezibar 2015ko ots. 20a, 16:40

Kontseiluak manifestazio deialdia egin du otsailaren 28rako, zapatua, Donostian. Leloa Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara izango da eta aldarrikapen horrekin aurre egin gura diete hizkuntza politiketan "Estatuen zein Nafarroako Gobernuaren bidez" jasandako "injerentziei". Debagoienean, hain zuzen, Bergara, Oñati, Antzuola eta Elgetako udalak daude Espainiako Ordezkariaren jomugan azkenaldian, aktak euskaraz bidaltzeagatik; esate baterako.   

Kontseiluko eta UEMAko udalerrietako ordezkariak, joan den egueneko deialdi ekitaldian.

 

Kontseiluaren deialdia:

Oztopoen gainetik euskaraz biziko garela aldarrikatuko da Donostian otsailaren 28an

UEMAko kide diren Aduna, Antzuola, Arama, Bergara, Gaintza, Oiartzun, Oñati, Usurbil, Zarautz eta Zeraingo udal ordezkariak lagun agerraldia egin du Kontseiluak Donostian. Otsailaren 28an Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara  lelopean egingo den manifestazioa aurkeztu dute. Hizkuntza-politiketan azen aldian Estatuen zein Nafarroako Gobernuaren bidez jasandako injerentziak salatzea eta hainbat administrazioetako arduradunek aurrera egiteko hartu duten determinazioa txalotzea da mobilizazioaren helburua. Gipuzkoa plazatik abiatuko da 17:30ean. 

Maren Belastegi, Bergarako alkateorde eta UEMAko lehendakariak azaldu du udal ordezkarien izenean egoera zein den. “Estatu espainiarrak EAEn duen ordezkariarekin helegiteak jaso ditugun hainbat udaleko ordezkariak bildu gara, hemen. UEMAko udalok hartua dugu hizkuntza-politika aurrerakoiak egiteko erabakia. Asko aurreratu dugu udalen euskalduntzean eta bide horretan sakontzen ari gara. Horregatik, asko gara Carlos Urkixoren errekerimendu eta helegiteak jaso ditugun udalak. Eta oinarri-oinarrian euskarari lehentasuna emateagatik zigortu nahi gaituzte. Horrela, euskararen balio ofiziala ari dira zalantzan ipintzen, eta hori, oso larria da”, azaldu du. 

Estatu espainiarrak EAEn duen ordezkariak helegiteak ezarrita ere aktak euskaraz bidaltzen jarraitzen dutela azaldu du Belastegik. Horrekin batera, “Eusko Jaurlaritzak igorri digun aldeko txosten juridikoak ere ez digu ziurtasun osorik ematen. Baina udalok izango gara Jaurlaritzaren txostena eta udalon euskarazko jarduna defendatuko dugunak”, gaineratu du.

Egoera honen aurrean bat eginda erantzun beharra nabarmendu du. “Instituzio, eragile nahi herritarrek eskutik hartuta ireki behar diogu euskarari. UEMAtik ahalegin berezia egingo dugu erantzun hori afera honi eman beharreko soluziobideekin lotzen. Izan ere, ez da nahikoa udalei babesa adieraztea. Euskaldunon eskubideak bermatu eta euskaraz aritzea juridikoki babesteko moduak bilatu behar ditugu, ezinbestean. Baita horretarako, legea bera egokitu behar bada ere”, esan du. 

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok azaldu du Carlos Urkixo ez dela bakarra hizkuntza-politika aurrerakoiak egiten dituzten administrazioen aurka ari dena; izan ere, Estatu frantziarraren ordezkari Patrick Dallennes eta Nafarroako Gobernua ere bide beretik ari dira. 

“Kasu hauek agerian uzten dute euskaldunak ez garela askeak. Gaur gaurkoz, ez daukagu guk nahi dugun hizkuntza-politika egiteko dugun eskubidea aitortua. Hori ukatu egiten zaigu. Erabaki hauekin, ikusten ari gara euskarari balioa kendu nahi diotela, beti frantsesaren edo gaztelaniaren ondoan agertzera behartuz”, esan du Bilbaok. 

Egoera honen aurrean, helegiteak jaso dituzten udaletako arduradunek euren jarrera argi azaldu dute eta hartutako erabakia irmotasunez defendatu dute, aurrera jarraitzeko determinazioa erakutsiz. Ez dute euren erabakian atzera egingo. Oztopoak oztopo, euskaraz bizitzeko erabakiari eutsi diote, gaur bertan UEMAko kide diren udaletako ordezkari hauek argi azaldu duten moduan. 

Ildo horretan, Kontseiluko idazkari nagusiak arduradun politiko hauen jarrera babestu du. “Arduradun politiko hauek hartu duten erabakia txalogarria da eta euskalgintzak zein euskaraz bizi nahi duten herritarrek erabaki hori babestu eta eskertzen dugu. Hain zuzen ere, horregatik antolatu dugu otsailaren 28ko manifestazioa. Gure hizkuntza-politikak gauzatzen uzten ez diguten guztien jarrera salatzearekin batera, aurrera egiteko erabakia hartu duten horien jarrera txalotuko  eta eskertuko dugu. Eta gainerako instituzioak ere hauek abiatutako bideari jarrai diezaioten animatu nahi ditugu, gero eta gehiago izan daitezen”, adierazi du Bilbaok. 

Manifestazioa, Gipuzkoa plazatik abiatuko da hilaren 28an, arratsaldeko 17:30ean eta Bulebarrean amaituko da. Euskaraz bizi nahi duten herritar guztiak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte. Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak