Berrindustrializazioa jomuga duen akordioa gauzatu da

Ubane Madera 2015ko ots. 20a, 14:01

"Bergarako lantegiaren jardunak etenik izan ez dezan, langile guztiek enpleguari euts diezaioten. Horregatik, Candyko berrindustrializazio plan honi heldu diogu". Berba horiekin azpimarratu du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Candy enpresarekin eta enpresa batzordeko sindikatu guztiekin (ESK, LAB, ELA, CCOO eta UGT) akordioa lortzeko egin duten ahalegina. Hain justu, gaur goizean (egubakoitza) Diputazioan bertan sinadura bitartez itxi duten akordioa lortzeko.

"Bistakoa da deslokalizazioak ez ditugula atsegin. Nahiago genuke Candyk Bergaran jarraitzea lanpostu guztiei eusteko. Baina enpresaren erabakiak atzera bueltarik ez zuenean bi aukera genituen: haserretu eta haserrealdi hori adierazi eta kito, edota egoerari buelta emateko ahaleginean murgildu. Bigarren aukeraren aldeko apustua egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak: arazoaren konponbidearen azterlanean buru-belarri sartu, inplikatu, lokatzetan sartu…", esan du Garitanok.

Akordio aitzindaria

Eta hain justu, aukera horren emaitzetako bat da gaur Diputazioan sinatutako akordioa. Bertatik azpimarratu dutenez, Euskal Herrian lehen aldiz sinatu da horrelako akordio bat. Mota horretako operazioak -berrindustrializazio prozesuak- Europako beste herrialde batzuetan ere egiten dira; izan ere, aukera ematen zaie inbertsore potentzialei, edozein arrazoirengatik, lanari utzi dioten lantegietan jardueraren bat martxan jarri ahal izateko, eta, horretarako, instalazioak baldintza onuragarrietan eskaintzeaz gain, diru poltsa bat ere eskaintzen zaie. Horrela, instalazioak beste erabilera batera egokitzeko eta lehengo langileekin proiektu berri bat martxan jartzeko aukera izango du inbertsore berriak.

Candyren kasuan, adinagatik erretiro aurreratze akordiotik kanpo gelditzen ziren 80 langileetatik, 76 prest daude ibilbide berri honetan sartzeko. Eta Aldundiak jakinarazi du lanean ari dela operazio honetan sartzeko prest dagoen inbertsore bat aurkitzeko.

Inplikatutako langileak

Edozein modutan, inbertsore horri begira, dagoeneko mahai gainean duten eskaintzaren erakargarritasuna azpimarratu gura izan dute Diputaziotik, esanez, ate asko irekita badituela inbertsore horrek: "Inplikatutako langileak, hainbesteraino non beraien kalte-ordainak mahai gainean uzteko prest baitaude; industriarako inguru erakargarria eta lehiakorra, hau da, Gipuzkoa; konprometitutako enpresa bat, ez baitu oztoporik jarri bere instalazioetan beste jarduera bat jartzeko eta langileak bertan lanean jarraitzeko; eta, azkenik, sare industriala eta ahalik eta lanpostu gehien mantentzeko ahalegin guztiak egingo dituen erakunde bat".

Elkarlanerako deia

Diputaziotik azpimarratu dute Candy talde italiarrak enpresa hori ixteko asmoa azaldu zuen unean bertan jarri zela martxan gaur sinatu den akordioaren prozesua; izan ere, enpresa horrek produkzioa Bergaratik kanpo eramateko asmoa azaldu zuenean, Gipuzkoako Foru Aldundia harremanetan jarri zela bai enpresa batzordearekin, eta baita enpresako arduradunekin ere.

Behin gaurkoa sinatuta, ahaldun nagusia Jaurlaritzari begira jarri eta elkarlanerako dei egin dio Euskadiko Gobernuari: "Orain ekingo diogun bideari elkarlanean hel diezaion ere, aukera dagoen artean onartezina delako langile bat lanik gabe gelditzea, pobrezian bertan behera uztea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak