Lurzoru-klausulak 180 euro suposatzen ditu hilero 162.000 lagunendako

Leire Kortabarria 2015ko ots. 20a, 08:00

Lurzoru-klausula kenduko balute, EAEn 162.000 lagunek baino gehiagok hilero 180 euro gutxiago ordainduko lukete hipotekarengatik; urtero, 2.160 inguru. Datu horiek eman ditu Interneteko Reclamador plataformak prentsaurrekoan, Donostian. Urtero, denetara 351 milioi euro aurreztuko lirateke horrela.

Reclamador webguneko sortzaile eta zuzendari orokor Pablo Rabanalek eman ditu datu horiek. Erreklamazioak tramitatzen ditu Reclamador webguneak.

EAEn, batez beste, 180.000 eurokoa da hipoteka bat, eta hileroko batez besteko kuota 900 eurokoa da.
Pablo Rabanalek esan duenez, "Gipuzkoako Probintzia-Auzitegiak eta Merkataritza-Auzitegiak agindu izan dute diru-kopuruak bueltatzea, Auzitegi Gorenak eskatzen dituen gardentasun baldintzak bete ez zirelako".

Adibidez, Gipuzkoako Probintzia-Auzitegiaren sententzia batek orain dela gutxi banku bat kondenatu du eskatzaileei kobratu zien diru guztia bueltatzera, eta baliogabetu egin zuen lurzoru-klausula, gardentasun falta iritzita.

EAEn, irizpide desberdinak dituzte Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak atzeraeraginkortasunaren gainean. Araban eta Gipuzkoan, irizpide "finkatu samar" bat dago eta kontsumitzailearen aldekoa da. Rabanalek gogorarazi zuenez, Arabako Probintzia-Auzitegia izan zen bezeroen alde adierazi zen lehena, 2013an. Bizkaian, ordea, auzitegia eta Merkataritza-Auzitegia lurzoru-klausula baliogabetzeko eskatzearen aldekoak diren arren, orain arte ez dute dirua bueltatzeko agindu.

14 hilabeteko prozesua

Hipotekatik lurzoru-klausula kentzeko erreklamazioa egin daiteke, baina "banketxeek bezeroen kexa ia guztiei entzungor egiten diete, nahiz eta arrazoia izan", ohartarazi du Pablo Rabanalek. Erreklamazio prozesuak 14 hilabete har ditzakeela gaineratu zuen.

Espainiako Bankuaren datuen arabera, Hego Euskal Herriko eta Espainiako hipoteka ia guztiak (%97) tipo aldakorra dute, eta horietatik herenek lurzoru-klausula dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak