"Askok uste zuten ustelkeria Ebrotik beherako gaitz bat besterik ez zela. Zoritxarrez Atturritik Ebrora, Kadaguatik Iratira ustelkeriaren tantak zaparrada bilkatu dira eta urek gainezka egin dute zenbait alderdi politikoren etxeetan.
Astebetean ezagutu ditugu Kutxabank, Epsilon, Hiriko eta AP1 autopistako kasuak. PSE eta PPko kargu publiko eta gertuko enpresariak (iturginak bezela ezagunak) daude kasu hauetan nahasturik, Ebrotik behera gertatzen den legez. Baina, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ezagutu berri ditugun ustelkeria kasuetan PNV da jaun eta jabe:
- Kutxabank kasuan. Mario Fernandezek, EAJ Gobernuan egonik Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde zena eta alderdiaren konfidantzazko kargua bankuan 243000€ eman dizkio Espainiako Gobernu delegatuari egin ez dituen lanengatik. Fernandezek epaile zein kazetarien aurrean hau 30 urtetan jokaera normala izan dela adierazi du. Aitzakia gisa Cabieces bezalako pertsonek ETAren aurkako borrokan izan duten portaera jarriaz. Zein portaera on? Ezker Abertzalea ilegalizatu, gazteak atxilotu, torturatu eta kartzelaratzea? Edo orain 30 urte GAL sortu eta Euskal Herritarrak akabatzea?
- Epsilon eta Hiriko kasuetan Gasteizko Parlamentuak ebatzi zuen ardura politikoak zituztela Arantxa Tapia eta Ana Agirrek. Arabako Fiskalaren arabera ardura penalak dituzte Gasteizko EAJko zinegotzi batek, Arabako Foru Aldundiko ordezkari batek zein alderdiarekin harremanak dituzten 4 enpresarik. Ez dio Sortuk bakarrik, fiskalak baizik.
- AP1 Autopistan berriz, egin ez diren obrengatik alderdikide dituzten enpresariei 3,4 milioi €ko ordainketak egin zizkieten Markel Olano buru zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko bide-azpiegituretako arduradunek. Bai Debagoienan bertan Anoetako Futbol Zelaia betetzeko beste metro kubiko lur mugimendu ordaindu dituzte egin ez direnean. Fiskaltzak arduradunak auziperatu ditu eta AP1ean izan diren irregulartasun gehiago ikerketa fasean daude.
- Araba eta Gipuzkoan ustelkeri kasu ugari badaude zer esanik ez Bizkaian Lemoa, Bakio, Leioa,…udaletan ere ustekeri kasu larriak gertatu, frogatu eta zigortu dira.
Kutxabanken eta AP1en kasuan PNV eta PSEk uko egin diote Gasteizko Parlamentuan eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ikerketa batzordeak eratzeari. Zergatik? Zeren beldur dira? Madrilen ikerketa batzordeak bai eta hemen ez? Ez al da gutxieneko jarrera izan behar ustelkeria kasuak ikertzea? Edo beldur diote alderdiko jende gehiago ustelkeria kasuetan inplikatuta ikusteari.
Urkullu lehendakariaren jarrera ere negargarria izan da. Ikerketa batzordeak eskatu eta ustelkeria kasuak salatzeagatik EHBildu berriz ere ETArekin nahastu du, Cospedalek edo Barcenasek erabiltzen duten hizkera berdina erabiliz. Herritarrek aukeratutako kargu publikoek ez al dute eskubiderik ikerketak eskatzeko? Aitzakiak baztertu, ikertu eta alderdia garbitzea da EAJk egin beharko lukeena edo erratza pasatzeari ere beldur dio?
Orain ulertzen dugu EAJko buruek, Euskal Bideari ezetz esan izana, Espainiaren barnean eta Espainiako alderdi ustelekin negozio gehiegi konpartitzen dituzte Euskal Herri berri eta libre baten proiektuarekin bat egiteko. Penagarria benetan, EAJko oinarri soziala gu bezain gogotsu, bake eta askatasun gogoz ikusten dugunean alderdiko buruak ustelkeriaren eta Espainiaren atzaparretan harrapaturik ikustea. Guk behintzat herritarren diru lapurreten aurrean ikertu eta arduradunak zigortzeko gure esku dagoen guztia egingo dugu."