Aitor Alcaide eta Ekaitz Mendizabal: "Xakeak adimentsuago egiten gaitu, baina xakean jokatzeko bakarrik"

Xabier Urtzelai 2015ko ots. 16a, 12:02

Ekaitz Mendizabal eta Aitor Alcaide, Arrasaten.

Badira urte batzuk Debagoieneko xake talde nagusienak batu zirela, Arrasate San Andres eta Arlutz. Horri esker, klubeko talde nagusiak Euskal Herriko maila gorenean jarraitzen du lehian, eta aurten ere kategoriari eusteko bidean daude. Gainontzeko hiru taldeak, ostera, Gipuzkoako kategoriatan dabiltza.

Zer moduz joan da asteburua?

Ekaitz Mendizabal: Gu ez gara oso ondo ibili [Gipuzkoako preferentean], Donostiako Gros taldearen kontra 3-1 galdu genuelako. Ez genuen halako aldeaz galtzerik espero.

Aitor Alcaide: Guk, berriz, 2-2 berdindu genuen Gasteizko San Viatorren kontra.

Dagoeneko liga erdia jokatu duzue, zer moduz doa denboraldia?

Mendizabal: Gu nahiko kaskar ari gara eta kategoriari eusteko  gogor borrokatu beharko dugu, baina lortuko dugula uste dut.

Alcaide: Gu hirugarren gaude sailkapenean, baina ez da erreala, hainbat taldek atzeratutako partidak dituztelako. Uste dut partida horiek guztiak jokatzen dituztenean laugarren edo bosgarren egongo garela. 

Talde nagusiaren erronka hori da, maila gorenean [Ohorezko mailan] jarraitu ahal izatea, Euskal Herriko xakelari onenekin lehian. Aurten ere lortuko duzue?

Alcaide: Bai, orain artekoak ikusita mailari eutsiko diogu. Kategoria zorrotza da, klub batzuetako xakelariak profesionalak dira, baina guk ere maila oneko jendea dugu.

Ez da erraza kategoria bakoitzean laukotea mantentzea.

Mendizabal: Alde horretatik nahiko meritu dugu, herri gutxi daudelako halako ordezkaritzarekin, guztira lau talderekin. Grosek–Donostian– eta Hondarribiak, ez dut uste beste herririk dagoenik.Eta azpimarratzekoa, gazteekin hirugarren mailan lehian dabilen taldea sortu duzuela.

Alcaide: Bai. Xakeko eskolak ematen ditugu gazteen artean, xakea irakasten ahalegintzen gara, eta izena eman zuten gazteen artean, eta euren gurasoen laguntzarekin, talde polita osatu dute. Gaur egun euren kategorian lehenengo postuan daude, eta esango nuke matematikoki liga irabazita daukatela.

Urtetan Arrasatek talde propioa izan du, eta baita Aretxabaletak ere. Zer dela-eta bateratze hori?

Alcaide: Maila gorenean lehiatzeko ez da erraza laukote bat osatzea. Eta Aretxabaletan hutsune bat behar den moduan betetzeko zailtasunekin ibiltzen ginen. Eta, Arrasatekoendako ere interesgarria zen indarrak batzea, eta gauza naturala izan zen, lehenagotik ere harreman oso ona geneukalako.

Egongo zen pike-ren bat...

Alcaide: Bai, bai [Barre] baina harreman ona genuen, pike sanoa. Esaterako, Aretxabaletakook Arrasateko klubeko bazkide ginen, hori ez da oso ohikoa...

Adibidea futbolera ekarrita, ez dut ikusten Mondrako zale bat UDAko bazkide, edo alderantziz...

Mendizabal: [Barre] Gu lehenagotik ere lagunak ginen, eta azkenean beharrak bultzatuta batu ginen.

Alcaide: Klub moduan oraindik bakoitzak bere egoitza du, baina bateratze hori ez zen lehenengo taldean bakarrik gertatu, kategoria guztietako taldeak batu genituen, eta jendea oso gustura dabil, oso harreman ona dago.

Eskubaloiko edo pilotako entrenatzaileei entzun izan diet, bi adibide esatearren, oso zaila dela gazteak euren kirol jarduerara erakartzea, futbolean egin gura dutelako denek. Eta nik diot, gazteak xakera erakarri gura dituenak zer esango du...

Alcaide: Ez dut uste guk xakera erakartzen ditugunik, xakean egin gura duena etortzen da gurera, berak du aurrez interesa, etxean gurasoak ikusi dituelako xakean... Baina bai, tamalez, futbolean hasten direnean gehienek xakea baztertu egiten dute, %80ak gutxi gorabehera.

Zaila izango da xakea kirol erakargarri egitea, besteak beste, komunikabidetan ere oihartzun txikia duenean. Eta hori, garai batean xakeak indar handia izan zuela.

Alcaide: Bai, oraindik ere Errusian, Georgian, Ukrainian... Halako herrialdetan zaletasun handia dago. Eta ez pentsa, atzetik ere badatoz xakelari gazteak, jarraitzaile askorekin. Orain momentuan Carlsen [Magnus] da jokalaririk entzutetsuenetako bat, eta G-Star arropa markako ordezkaria da. Nik duela 10 urte ez nuen Karpov halakoetan imajinatuko. Uste dut poliki-poliki xakea badatorrela ostera ere gorantz. 

Mendizabal: Nik uste dut sasoi guztietan egon direla xakelari oso onak, baina xakea beti izan dela gutxiengoen kirola, besteak beste, kirol hori jarraitzeko ulertu egin behar delako. Ez du sekulako dirutzarik mugitzen, eta seguruenik ez da izango saltzeko ere kirolik errazena.

Zer dauka, bada, xakeak?

Mendizabal: Ez dakit erantzuten. Hasteko, taula bera eta piezak erakargarriak dira. Eta jokatzen hasten zarenean xakeak harrapatu egiten zaitu. Ez da monotonoa, jokaldiek ez dute mugarik, partida guztiak dira ezberdinak eta bakoitzak bere estiloa landu dezake. Batzuk defentsiboak izango dira, beste batzuk ausartagoak...

Norberaren izaera islatzen da xakean jokatzeko moduan?

Mendizabal: Bai, nik baietz esango nuke.  

Alcaide: Baliteke, baina nik kontrako kasuak ere ezagutzen ditut, pertsona oso lasaiak direnak, baina xakean hasten direnean hiltzaile hutsak direnak.

Eta, xakean aurrera egiteko ezinbestekoa da liburu artean murgiltzea? Hau da, ikastea?

Mendizabal: Ez, ez da derrigorrezkoa. Duda barik, jokaldiak eta halakoak ikasteak lagundu egiten du, baina ez da derrigorra.

Sarri lotu izan da xakea adimena garatzeko kirol apropos moduan.

Alcaide: Aspaldi galdetu zioten mundu mailako puntako xakelari bati, ea xakeak adimentsuago egiten zuen jendea. Eta zera erantzun zuen: "Bai, baina xakean jokatzeko bakarrik [Barre]".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak