"Lardero hori lotzen da txorizoa jatearekin eta ohitura hori bazegoen gu gazteak ginela", dio historialari oñatiar Jerardo Elortzak. Izan ere, garizuma etorriko da ondoren eta horrekin batera baraua eta bijilia edo haragi-uztea. Inauteriak, baina, ez ditugu soilik txorizo edo koipearekin lotzen. Badira, gutxienez, beste bi jaki, gure aitaita-amamen garaitik eta lehenagotik ere, Inauteri garaian egin eta jaten direnak: pellak –irin torradak– eta torradak, hain zuzen ere.
Izan ere, Francoren diktaduraren garaian, festok debekatu egin ziren –seguru asko, Greziako eta Erromako zibilizazioek ere ordurako ospatzen zituzten jaiak–, baina txorizoa, pellak eta torradak jateari eutsi egin zioten: "Mozorrotzea debekatu zenean, ohitura horri eutsi egin zitzaion, etxean gelditzen zen ohitura zelako", dio Elortzak. "Pellak –masa pusketari esaten zaio pella eta horrela deritze irin torradei Oñatin– eta torradak postre merkeak ziren eta aldika goseteak pasatu behar izaten zituen jendarte batek eskura zituen osagaiekin egiten ziren: irinarekin, ogiarekin, esnearekin...", gaineratu du.
Ia desagertzeraino
Ohitura horri eutsi bai, baina bestelakoak galdu egin ziren diktadura garaian. Izan ere, Debagoienean inoiz ez dira bereziki sustraituta egon Aratusteak –ez, behintzat, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan edota Iparraldean egon diren moduan–. Horren adierazle, diktadurak desagerrarazi egin zituela festok hemen, aipatu tokietan ez bezala. Tolosan, esaterako, txaketa alderantziz jantzita joaten ziren lanera, eta, nola edo hala, eutsi egin zioten tradizioari. Lantzen, Iturenen, Leitzan eta Zubietan, esaterako, mantendu egin ziren festok.