Urkixok iaz urte amaieran eta aurtengoaren hasieran Uemako kide diren hainbat udalen kontra euren aktak –obrei, kontratazioari… dagozkienak– euskaraz bidaltzearren aurkeztutako helegiteak direla-eta dago, hain justu, kontua epaitegietan.
Erabakia atzera bota
Uematik bidali dute Urkixok errekeritutako informazio guztia. Eta orain, epailearen aurrean deklaratzeko dataren zain daude.
Edozein modutan, ez dute epaitegietan esperantza handirik jarrita: "Abokatuek esaten digute galtzeko guztiak ditugula. Aurrekari bat badago, beste herri batena, eta hari hartutako erabakia atzera botatzea eragin diote", jakinarazi du Maren Belastegik, Uemako lehendakariak.
"20 urteko lana zalantzan"
Erabakia atzera botatze horrek udalendako bi ondorio ekar ditzake. Ekonomikoa da bata: orain arte euskaraz idatzitako aktak ele bitan idatzi beharrarengatik.
Eta euskararen normalizazioarekin lotutakoa da bestea, "larriena", Belastegik azpimarratu duen moduan: "Euskararen normalizazioan administrazioaren arteko harremanak euskaratzeko egindako aurrerapauso guztiak bertan behera geratuko lirateke (…) 20 urteko lana zalantzan dago", dio bergararrak.
Legea aldatu beharra
Gauzak horrela, Uemako lehendakariak ez du baztertzen gaur egun indarrean dagoen Euskararen Legea aldatu beharra. "Gaur egungo legearen arabera, Urkixok dio euskara ofiziala dela, betiere, erdara ondoan badu. Orduan, gaur egungo legeak ez du lagatzen euskara hutsean funtzionatzen. Horregatik erabaki dugu epaitegietara joatea Eusko Jaurlaritzak egindako txostenarekin; izan ere, haren txostenak dio legezkoa dela erakundeen arteko harremana euskaraz egitea (…) Edozelan ere, epaiketa galtzen bada, lantzen hasi beharko dugu erakundeen zein eragileen artean beste lege motaren bat, udalerri euskaldunak eta euskara babestuko dituena. Kasu horretan, lege kontua ez dago Uemaren esku; beraz, denon artean landu beharko dugu lege babes bat udalek euskaraz funtzionatzeko", azaldu du.
Hori guztiori "euskararen kontrako eraso orokorraren" barruan kokatzen du Belastegik. " Legealdi honetan, Urkixok hasieratik izan du euskararen kontrako erasoa martxan (…) Uste dut euskara bera ezabatu nahi duela eta erdarari inoiz baino indar handiagoa eman".
Manifestazioa Donostian
Hala, bide judizialarekin batera, auzi hori gizarteratu egin gura du euskalgintzak, uste dutelako gizarteak berak ere erantzunen bat eman beharko lukeela euskara jasaten dabilen erasoen aurrean; erantzun bateratua, alegia.
Dagoeneko egin dute lehen hitzordua: otsailaren 28rako manifestazioa deitu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Donostian; 17:30ean irtengo da, Gipuzkoa plazatik.
Manifestazio horren bitartez, orokorrean salatuko dute hainbat administraziok euskararekiko duten jarrera. Izan ere, Urkixoren jarduteko moduaz gainera, salatuko dute, adibidez, Nafarroako Gobernuarena: Baztanen, euskararen gaineko ordenantzei helegitea jarri die.