Aplikatuko duzue?
Mondragon Unibertsitatea 2008a ezkero lau urteko iraupena duten graduak eta urte bateko edo biko iraupena duten unibertsitate masterrak eskaintzen dabil. Lau urteko graduek eskaintzen duten formazioa osatua da eta aukera egokia eskaintzen dute titulu bakoitzari dagozkion formazio teoriko, praktiko eta nazioarteko esperientzia barneratzeko. Hori dela eta, Mondragon Unibertsitatearen borondatea da lau urtetako graduko formazioarekin jarraitzea, eta, unibertsitate sistema osoarekin batera –ikasleekin, irakasleekin, enpresekin eta erakundeekin, administrazio publikoarekin eta beste gizarte eragileekin– unibertsitate ikasketen egitura egokiena aztertu eta hura gauzatzearen ondorioak ebaluatzea.
Zergatik?
Oraindik garaiz bada ere gaur egungo lau urteko graduen emaitzak aztertzeko, balorazio ona egiten dugu lehenengo titulatuen laneratze tasaren, asebetetzearen eta jasotako prestakuntzaren inguruan. 2008an lehen unibertsitatea izan ginen graduak eskaintzen eta iazko ikasturtean lortu genuen Ministerioaren aldetik lehenengo bi graduen akreditazioaren berriztapena: Elektronika eta Mekanikako Ingeniaritza graduena, hain zuzen ere. Akreditazioaren berriztapenak graduaren sei urteko ziklo baten balorazioa egiten du, eta emaitzak oso onak izan dira.
Zertan eragingo die MUko ikasleei?
Une honetan Mondragon Unibertsitatean ikasten dauden ikasleei ez die eragingo, haiek ikasketak hasi zituzten lau urteko graduekin amaituko dutelako.
Gerta liteke batera irtetea lan merkatura lau urteko ikasketak dituzten eta hiru urteko ikasketak dituzten ikasleak?
Ikusteko dago oraindik nola gauzatuko den errege-dekretu hori. Agian, posible da unibertsitate batzuek hemendik aurrera diseinatuko dituzten titulu berriak hiru urteko graduak izatea. Gaur egun abian dauden lau urteko graduak birmoldatzea gauza konplexuagoa da eta unibertsitate sistema osatzen dugun eragileen artean egin beharreko ebaluazio baten ondorio izan beharko du. Praktikan, hemendik aurrera gerta daiteke diziplina jakin batzuetan graduak lau urtekoak izatea eta beste batzuetan hirukoak izatea. Gaur egun antzerako egoerak ere badaude, Medikuntza ikasketetan kasu, non Medikuntzako gradua bost urtekoa den.
Hala, bada, zein da egin beharreko irakurketa: berdin dela karrera bat lau urtean egitea edo hiru urtean egitea?
Ez da berdin karrera bat hiru urtetan edo lautan egitea. Hiru urtetan lortutako konpetentziak ez dira lau urtetan lortzen dituzunaren berdinak.
Erreala eta eraginkorra da Werten dekretua?
Wert ministroaren dekretuaren arazo nagusiena iritsi den momentua eta behar bezalako hausnarketarik egin eza da. Izan ere, dekretu hori, bere garaian, Boloniako prozesuaren hasieran planteatu izan balitz, eta unibertsitateek titulazio bakoitzarentzat egitura egokiena zein izango litzatekeen eztabaidatzeko aukera izan balute, ez zukeen sortuko gaur sortzen ari den zalaparta. Enpresak eta erakundeak gaur egungo lau urteko graduetara egokitzen hasi direnean, ez dugu uste une egokia denik sakoneko hausnarketa behar duen aldaketa bat planteatzeko. Gure planteamendua honako hau da: itxaron dezagun, osa dezagun lau urteko egiturarekin ziklo bat, ebalua dezagun ikasleekin eta enpresekin eta erakundeekin bertan jasotako prestakuntza, eta gero erabaki egituran aldaketarik egon litekeen.
Besterik gura baduzu gaineratu…
Bada, bukatzeko, zera esan nahiko nuke: Mondragon Unibertsitateak bat egiten duela, Espainiako Unibertsitateetako Errektore Konferentziak otsailaren 2an adostu duen moduan, 2017/2018 ikasturtea baino lehen egitura berrira egokituko litzatekeen gradurik ez eskaintzeko erabakiarekin.