Ivan, ze moduz?
Velasco: Orain ondo, bai. Baina une gogorrak pasatu ditut. Lesiotik ondo errekuperatu gura nuen, baina ikusten nuen ez nuela lasterketetan ibiltzeko maila errekuperatuko. Agur-gutuna idatzi baino hilabete batzuk lehenago banekien ziklismoa utzi beharko nuela, baina gutuna idatzi ostean lasaitua hartu nuen, bakean nago nire buruarekin.
Pisua gainetik kenduta.
Velasco: Bai, gutuna idatzita, publiko egin nuen erabakia, eta, hain zuzen, erabakia barneratzeko beste pauso bat izan zen.
Irizar: Sorpresaz harrapatu ninduen gutunak. Goizean elkarrekin egin genituen hainbat ordu bizikletan, eta Ivanek ez zuen ezer komentatu. Eta etxera iritsi eta umeak jasotzera joan nintzenean, taldeko Whatsappean hasi nintzen erantzunak jasotzen, ordurako eskutitza komunikabideetan zegoen.
Eta, Markel, zelan ikusi zenuen lagunaren erabakia?
Irizar: Poztu egin nintzen, baina, batez ere, gutuna oso ondo idatzita zegoelako, detaile askorekin, eta ondoan izan duen jende askorekin gogoratu zelako. Gutun hark ondo erakusten zuen Velas zelakoa den, eta ikusten nuen erabakia publiko egiteak on egingo ziola.
Entrenamenduetako lagunaren hutsunea igarriko duzula esan behar nizun, baina zuekin jarraitzen du grupeta-n.
Irizar: Aurrekoan ibili nintzen kontuak egiten. Hamaika urtez ibili gara batera entrenatzen, gure bizitzaren heren bat. Baina orain, eguraldiak ez duenean laguntzen ez da etorriko. Bihar [eguaztena], esaterako, Hondarriabira joan beharko dut bizikletan ibili gura badut, eta bakarrik joan beharko dut.
Ez dakit zer pentsa... abenduaren 31, goiza, Elorregin hiru gradu zeropetik eta zoro bat bizikletan. Velasco zen...
Velasco: [Barre] Egun horretan bizikletan ibiltzeko ohitura dugu, urtero elkartu izan gara, eta aurten ere Ametsekin [Txurruka] eta beste hainbatekin ibili nintzen. Lau ordu egin genituen. [Barre]
Irizar: Aurrekoan saio luze bat egin nuen arrabolan (errodilloan), bizpairu ordu, eta ez zait batere gustatzen, baina, txarra egiten duenean, ez dago besterik. Velas-ekin komentatu eta goizean bera ere pare bat orduz-edo ibili zela. Hau burutik eginda dago!
Velasco: Baina oso garbi daukat oraingo grupeta-rekin bizikletan ibili nahi badut, entrenatzen jarraitu behar dudala. Eta bestalde, 24 ordu ditut niretako!
Eta ez da izango hobe grupeta-z aldatzea? Batez ere, lasterketetatik anekdotak kontatzen datozenean inbidiarik ez pasatzeko.
Velasco: Emaztearekin berba egin izan dut horretaz, batzuetan grupeta-rekin bizikletan ibiltzetik etorri eta txarto sentitzen nintzelako. Baina banekien prozesu horretatik pasatu behar nuela, eta, gainera, oso gustura ibiltzen naiz eurekin.
Elkarrizketa egoera triste batetik abiatu dugu, baina bederatzi urtez egon zara elitean, gaztetako ametsa betetzen, eta munduko lasterketa onenetan parte hartzen.
Velasco: Bai, eta horrekin geratzen naiz, zalantza barik. Gogoan dut, esaterako, Markelekin batera parte hartu nuen lehenengo Giroa. Akaso, lasterketa hori da gehien gustatu izan zaidana, baina Dauphine, Euskal Herriko Itzulia, Tourra... Lasterketa onenetan izan naiz, eta nire ametsa bete dut. Gertatzen dena da izugarri gustatzen zaigula gure lanbidea, eta pena ematen duela lesio batengatik utzi behar izatea. Ziklista asko nekatu egiten dira, eta bizikleta uztea erabakitzen dute. Uste dut ni ez nintzatekeela sekula ere nekatuko, eta Markel ere ez. Eta hori emazteak sarritan esaten didala ziklismoagatik zenbat sufritzen ikusi nauen, erorikoengatik batez ere. Baina momentu gogor horiek berehala ahazten ditut, eta une gogoangarriekin bakarrik geratzen naiz.
Markel, ez dut esango zuk ere erretiroa gertu duzunik, baina jada ez zara tropeleko gazteena [35 urte bete zituen atzo].
Irizar: Azken urtean bizikleta gainean Ivanek eta biok askotan izan dugun elkarrizketa da hau: zer egingo dugu bizikleta uzten dugunean? Eta uste dut oraindik ez naizela jabetzen zelako shock-a izango den niretako.
Velasco: Sarri esaten diot hori, ez dela jabetzen zenbateraino igarriko duen txirrindularitza faltan.
Irizar: Azken batean, hauxe da egiten dakigun gauza bakarra, eta egun batean esango digute ezin dugula jarraitu. Eta Velas ikusten dut, eta konturatzen naiz uste nuena baino gogorragoa izan behar duela. Guretako erraza da txirrindulari izatea; gezurra dirudi hori horrela esatea, baina egia osoa da, eta txirrindularitzaren ostean zer egongo den pentsatzen hastean... beldur apur bat ematen dit. Izugarri gustatzen zaidan gauza bat egiteari utziko diot. Horregatik, beti diot ahalik eta gehien luzatu gura dudala nire kirol ibilbidea.
(Irizar eta Velasco Euskalteleko sasoian (2007), Monterronen egindako argazkian. Taldekide izan ala ez, urteak egin dituzte batera entrenatzen)
Are eta gehiago, gustura zauden leku batean egonda.
Irizar: Zalantza barik. Kontratua berritzea egokitu zenean, nire ordezkariari garbi esan nion ez nuela beste inora joan nahi, lortzeko Trek-en ahalik eta baldintza onenak, baina ez hasteko talde bila, ez gastatzeko energia horretan. Hala, nahi nuen taldean, giro onarekin eta ondo baloratuta egonda... gogorra izango litzateke hori kentzea. Tarteka esaten dut prest nagoela momentu hori iristen denerako, baina ez da egia. Demaseko takatekoa hartuko dut.
Velasco: Hori da ziklismoa izugarri gustatzen zaigulako, fanatiko hutsak gara. Norbaitek bi urtez jarraitzeko aukera eskainiko balit, eta trukean lanpostu on bati uko egin beharko banioke, ez nuke birritan pentsatuko, bizikleta aukeratuko nuke. Garbi daukat lantegi batean lanean ibiliko banintz, zortzi orduak bete ostean ez nintzatekeela bizikletatik jaisten naizen bezain pozik etxeratuko. Txirrindulariak denbora luzea egiten du kanpoan, baina, etxera etortzean, beste intentsitate batekin bizitzen dugu dena.
Irizar: Gure lanbidea zelan bizi dugun, hor dago gakoa. Eta beste gauza bat dut argi, goi mailako kirolariok, eta ez bakarrik profesionalok, berekoiak garela. Gehiago esango dut, zenbat eta kirolari hobea, orduan eta berekoiagoa. Benetako killer-ak halakoxeak dira, tristea izango da, baina hala da. Guk gure buruan baino ez dugu pentsatzen: ondo entrenatu, ondo deskantsatu... eta beste guztia ondoren datorrenez, ba, ingurukoek egin behar dute norberak egiten ez duena. Nik beti diot gure ondoan bizi izatea ez dela batere erraza.
Bestalde, baina, ilusioari eustea, hori ere ez da izango erraza.
Irizar: Jendeak gazteek duten ilusioaren gainean egiten du berba. Eta ni gaztea nintzenean baino gehiago gozatzen nabil; lehen, sufritu egiten nuen asko. Euskaltelera minbiziagatik iritsi ez nintzela erakutsi beharra, horrek sortzen zidan antsietatea... Presioa baino ez nuen, eta, bueno, gauza horiek aspaldi gainditu nituen. Hamabi urtez lanbide honetan banabil, pentsatu nahi dut pedalei ondo eragiten diedalako dela, eta, egia esan, gaur egun... gainontzekoen esamesek bost axola.
Ivan, diozu orain 24 ordu dituzula zuretako.
Velasco: Bai, eta konturatzen naiz bizimodu hau oso poliki doala. Lehen, 24 orduz egon behar nuen txirrindularitzan pentsatzen. Eta orain egun osoa dudanez niretako, etxekoekin gehiago egoteko aprobetxatzen dut. Egia esan, seme-alabei esker beste modu batera eraman dut prozesu hau, euren irribarre batekin dena ahazten da-eta.
Irizar: Umeek asko laguntzen dute halakoetan, une gogorrak daudenean. Bada ziklista bat, izenik ez noa esatera, depresioarekin dabilena. Emaztea hegazkineko zerbitzaria da eta kanpoan egoten da luzaroan, eta, bitartean, bera etxean bakarrik. Bada, seme-alabak izanda, denbora laburragoa izaten da norberaren arazoetan pentsatzeko. Goizean jaiki, haurrak ikastolara eraman, ondoren jaso... Eta beste poztasun bat ematen dute.
Badakit Markeli bizikleta gainean egiten dituen orduetan etorkizunerako ehunka proiektu etortzen zaizkiola burura. Eta Ivan, zuri?
Irizar: Ehunka? Bakarrik? [Barre]
Velasco: [Barre] Oraindik ez dakit nire etorkizuna nondik bideratu, hori da egia. Ingelesa ikasten nabil eta banabil beste ikasketa batzuk egiten. Gustatuko litzaidake ingeniaritza arlotik zerbait egin [ingeniari ikasketak ditu], baina txirrindularitzarekin harremana duena. Oraindik ez dut argi, baina sentitzen dut zerbaitetan hasi behar dudala, ezin dudala geldirik egon.
Markel, Mallorcan entrenatzen egon zarete lehenengo, eta lasterketen denboraldia bertan hasi duzue. Pozik etorri zara handik.
Irizar: Bai, sentsazio onekin. Gaur egun txirrindularitzan dena dago neurtuta: norberaren pisua, wattak... Eta nik hara joan aurretik banekien ondo nengoela, baina, badaezpada ere...
Velasco: Markelek segurtasun hori behar du, ondo ezagutzen dut. Taldearen lehenengo kontzentrazioa iristen da eta Markelek ikusi behar du taldeko lehenengoa edo bigarrena dela.
Irizar: Izan ere, gure taldean kontuan hartzen da jendea lehenengo kontzentraziora zelan iristen den. Esaterako, Flandriarako postu batzuk finkoak dira eta beste batzuk sasoiaren arabera erabakitzen dituzte. Eta, akaso, ni finkoetako bat izango naiz, baina badakitelako nik ordurako entrenamenduak bideratuta izango ditudala.
Apirilean duzue lehen azterketa.
Irizar: Bai, Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix oso garrantzitsuak dira guretako, Tourra gero, eta Munduko Txapelketako taldekako erlojupekoa azkenik. Iaz Fabianek [Cancellara] hainbat arazo izan zituen eta ez zuen urte onik egin, eta, hala ere, Paris-Roubaix irabazi zuen. Aurten, oso ondo ikusten dut.
Haren ondoan egotea dagokizu orain. Taldeko liderra da; laguna ere bai?
Irizar: Velas da laguna, Fabian taldekidea da, taldeko liderra errepidean, eta handik kanpo. Nire nagusia dela esan dezaket, eta asko zor diot, bere konfiantzako taldean nagoelako. Baina oilarra da, eta liderrek halakoak izan behar dute; adibidez, presio galanta dutelako.
Ivan, gertu lagunak errepide ondotik animatzeko?
Velasco: Bai, zalantza barik. Badakit hasieran inbidia pasako dudala, baina normala da. Markelek sarritan aipatzen duen plana egingo nuke gustura, autokarabana bat hartu eta Girora joan, esaterako. Flandesen ere ez dut sekula korritu, eta gustura ikusiko nuke lasterketa.
Irizar: Ez da plan txarra, e! Autokarabana hartu, Italiara joan, Mortirolo bizikletan igo, ala goian mendiko eskia egin, ondoren bapo bazkaldu eta etapa ikusi. Emazteari komentatzen diodanean esaten dit ea nork izango dituen oporrak maiatzean bidaia hori egin ahal izateko, eta konturatzen naiz baietz, arrazoi duela [Barre].