Iban Velascok agur esan dio ziklismo profesionalari

Xabier Urtzelai 2014ko aza. 27a, 20:39
Iban Velasco, Caja Rural-Seguros RGA taldeaz

Iban Velascok (Arrasate, 1980) agur esango dio ziklismo profesionalari. Iazko Espainiako Vueltan izandako erorikotik ezin izan da nahi moduan errekuperatu, nahiz eta urte osoa eman duen horretarako gogor lanean. Hala, Orbean, Euskaltelen eta azken bi urteak Caja Ruralen egon ostean, mailota zintzilikatuko du. Hemen arratsaldean hainbat komunikabidetara bidali duen agur gutuna. 

"Urtea gogorra izan da niretzat. Oso zaila egin zait ikustea urteak aurrera egiten zuela eta ezin izango nuela berriro ere lehiatu. Baina horrela izan da. Mokorreko lesioa, hasieran onartu nahi nuena baino larriagoa izan da. Nire ibilbide profesionalean zehar hainbat lesio izan ditut, eta azken hori ere aurrekoak bezalakoa izango zelakoan nengoen. Errekuperatu eta berriro ere ehuneko ehunean izango nintzela uste nuen. Zoritxarrez, ez da horrela izan, eta izugarri kostatu zait hau onartzea. Baina, behin irakurri nuen bezala, “denborak ez du ezer sendatzen, gauzak aldatzen ari direla konturarazten dizu eta hori onartu besterik ez daukazu.” Eta hemen nago, lerro hauen bitartez, txirrindulari profesional izatea amaitu dela onartzen".

"Azkeneko urteetan, txirrindularitza guztia izan da niretzat. 20 urte nituela, nork esango zidan niri hau guztia bizi ahal izango nuela. Izan daitezkeen lasterketarik onenak disfrutatzeko eta sufritzeko aukera izan dut, herrialde askotara bidaiatzeko aukera izan dut, baita toki horietako kultura ezagutzeko ere bai. Pertsona zoragarriak ezagutzeko aukera izan dut, baita hain zoragarriak ez zirenak ere. Egindakoa baino gehiago egin ahal izan dudalako sentsazioarekin gelditzen naiz; ez dut nire burua engainatu nahi, baina baliteke lesioak eta lesioek sortzen zidaten konfiantza falta izatea nire oztoporik handienak".

"Hala eta guztiz ere, atzera begiratzean irribarrea datorkit aurpegira, bizi izandako unerik onenak etortzen zaizkit burura. Zerbait maitatzen duzunean gertatzen diren gauza txarrak erraztasunez ahazten dituzula uste dut, eta horixe bera da txirrindularitzarekin gertatzen zaidana.Bizimodua aldatzeko garaia iritsi zait eta garai berri horiek ekarriko dizkidaten gauzez disfrutatzea; nahiz eta, barne-barnean, beti txirrindulari sentituko naizela pentsatu".

"Oso itsusia izango zen agur esatea nire ametsa egia bihurtzen lagundu didaten pertsonei nire eskerrik zintzoenak eman gabe. Baliteke norbait ahaztea, beraz aldez aurretik hor doa nire barkamena".

"Ezer eta inor baino lehen nire familiari: Susana, Nora eta Beñat; eskerrik asko nire ondoan beti izan zaretelako eta ni aguantatzeagatik. Nire lagunei—eurok badakite zeintzuk diren—, emandako animo guztiengatik. Jon Odriozolari, Orbea taldean aukera eman zidalako eta nigan beti sinesteagatik. Miguel Madariagari, etxeko taldean pasa izandako urte zoragarriengatik. Caja Rural Seguros RGA taldeari, azken aukera emateagatik eta azken urte honetan erakutsi duen pazientziagatik. Ibilbidean zehar izan ditudan mekanikari, masajista, zuzendari, taldekide eta zale  guztiei. Txirrindularitzari, pertsona gisa hazteko aukera emateagatik eta Markel, Amets, Galdos Rome, Josu L., Josu A. edo Haimar bezalako pertsonak nire bizitzan jartzeagatik,  elkarrekin bizi izandako momentuei esker nire familiakuak bihurtu direlako. Badakit, bai, txirrindularitzatik kanpo ere hor izango direla".

"Ezagutzen nautenek badakite gauzak gehiegi pentsatzen ditudala, baina ez, oraingoan ez da horrela izan. Gutunak nostalgikoa dirudien arren, ez nago triste, nire bizitzaren etapa oso garrantzitsu bat gogoratzen aritu naiz, eta oroitzapen horietan bihotza izan dut gidari, besterik ez".

Besarkada bat

Errepideetan ikusiko gara! 

Ivan Velasco

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak