Salgai daude Zea Mays Oñatiko gaztelekuan ikusteko sarrerak

Zea Mays taldeak datorren egubakoitzean zuzenekoa eskainiko du Oñatiko gaztelekuan, 23:00etan. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, eta sei euroren truke eros daitezke Oñatiko Pako eta Boga, Arrasateko Amaiur eta Bergarako Depor tabernetan.

Bada, taberna horietan izango dituzte sarrerak, emanaldiaren aurreko egunera arte. Hortik aurrera, aukera bakarra leihatilan erostea izango da; hori bai, 8 euro ordainduta. Egunean bertan, kontzertua hasi baino ordubete lehenago irekiko dute leihatila: 20:00etan, hain zuzen ere.

Antolatzaileek, ordea, aurresalmentan jarria dute esperantza; beraz, Zea Mays taldekoen zuzeneko emanaldirako tokia ziurtatu nahi dutenek hobe dute sarrerak aurrez erosi.

Gaztelekuak, 20.urteurrena

Aurtengoa urte berezia izango da gaztelekuan; izan ere, 20 urte betetzen dituztenez, "kontzertu entzutetsu gehiago" antolatzeko asmoa dute. Horretarako, Gaztedia teknikari Jon Lopezek azaldu duenez, lantalde bat jarriko dute martxan. Gaztelekuaren parte direnekin eta izan direnekin osatuko dute taldea, eta euren ekarpenak jasota erabakiko dute zein ekintza antolatu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.