AHT EDO HONDAMENDIRA GARAMATZAN BIDEA
AHT 2019rako egina izango dutela agindu digute Ana Pastor eta Ana Oregik. PP eta PNV eskutik helduta ikusi ditugu gaur Bergaran Euskal Herrian inoiz egin den azpiegitura handienaren obrak liluraturik.
Eskutik helduta daramatzate urteak, maitasun istorio batean bezala, arlo ekonomiko eta sozialean proiektu berdina defendatzen dutelako. Azpiegitura handien eredua (AHT, Super Sur, Errauskailua, Pasaiako Super Portua); murrizketa sozialen eredua (baita Osakidetzan eta Hezkuntza sistema publikoan ere); aberatsek zergak ez ordaintzearen eredua;... Euskal Herritar asko, bere lana eta bizi baldintzak okertzera eraman dituen eredua.
AHT egiteko aitzakia, errepideetatik kamioiak kendu eta Europarekin lotzea zen. 10000 milioi €ko aurrekontua eta ingurumenari kalte larriak asumituta. Arrazoiak horiek ziren, baina gaur egun badakigu AHTak ez dituela merkantziak garraituko eta gainera Europarekin Frantzian egitekoa zen lotunea ez dela egingo, gutxienez 2040 urtea bitarte. Munduan Espainiar Estatua da AHT kilometro gehien dituen herrialde, Txinaren atzetik. AHTa porrot egiten ari da Espainian eta hainbat linea itxi behar izan dituzte, bidaiaririk ez dabilelako eta mantenu kostuak oso handiak direlako. Kapitalismo basatienaren eredu txarrena ekarri digu PPk Espainiatik eta PNVk zoritxarrez bere egin du. Zergatik? Gasteiz eta Madrilgo Gobernuek eskubiko eredu atzerakoi bera konpartitzen dutelako eta elite ekonomiko batentzat gobernatzen dutelako. Herritarron diruak eraikuntzako multinazional eta banketxeei erregalatu dizkiete AHTren bidez bi alderdi eta gobernuok.
AHTren bideak Euskal Herria zulo beltzera darama. EHBilduk bestelako bidea proposatzen du, Euskal Bidea. Herritarrekin batera justizia sozialera eta independentziara daraman bidea. AHT egiteko erabiltzen ari diren milaka milioi euroak eredu sozial eta ekonomiko berria lortzeko erabili zitezkeen eta erabili daitezke: industria berritu eta enplegu plan indartsuak egiteko; babes soziala areagotzeko; osasuna, hezkuntza eta etxebizitza eskubideak herritar guztiei bermatzeko; euskara eta kulturari bultzada bat emateko. Finean, herritarren eskubide sozialetan eta ongizatean inbertitzeko. EHBilduk kudeatzen dituen instituzio guztietan horretan ari gara, makro proiektuetan inbertitu beharrean, herritarren ongizatean inbertitzen. Egin dezagun bidea, elite ekonomiko eta estatu zapaltzaileekiko burujabea den euskal bidea.
Debagoienako EHBildu