Hasi dira Epeleko konpost-planta altxatzeko lanak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko urt. 20a, 17:04

Mugimendu handia izango da datozen hilabeteotan Epeleko zabortegian. Izan ere, atzo hasi zituzten Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioa bertan egitekoa den konpost-planta eraikitzeko obra zibila. Hori bakarrik ez, Debagoieneko Mankomunitateak industria eta obra hondakinentzako gela hermetiko berria ere eraikiko du bertan, eta dena ondo bidean, gertu egongo da udaberrirako. Bihar amaituko da obra horretarako esleipen prozedura. 

Isurketa gelaxka edo eremu hermetiko horrek ia bi milioi euroko aurrekontua izango du eta hektarea bateko zabalera, hamar mila metro koadrokoa. 

Hondakin ez arriskutsuak hartuko dituen esparru berri horrek Debagoienean bi urtean sortzen diren industria eta obra hondakinak batzeko besteko gaitasuna izango duela aurreikusi du Mankomunitateak.

Izan ere, ondoan dagoen eremua ia erabat beteta dago azken bi urteotako hondakinekin. Obra hori egingo duen enpresa aurki aukeratuko du Mankomunitateak, bihar amaituko da-eta esleipen prozedura. 

Konpostatze Planta eraikitzeko lanak, hasita 

Bestetik, Epeleko Konpostatze Plantaren obra zibila atzo hasi zen. Murias enpresak estolderia lanak amaitu zituen abenduan eta atzo eraikina bera egiteko lehen lanak hasi ziren. Lan horiek bost hilabeteko epean amaitzea espero du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eta Murias, FCC eta Serbitzu enpresek osatutako UTEak gauzatuko ditu. 

Planta berri horrek urtean 9.000 tona hondakin organiko konpost bihurtzeko ahalmena izango du. Lapatxeko Konpostatze plantarekin batera gaur egun Gipuzkoan sortzen den hondakin organiko guztia tratatzeko aukera emango du. 9.000 tona organiko horiekin urtean 2.300 tona inguru konpost lortuko da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak