Arazorik ez aplikazioan
Legearen aplikazioa hasieratik erraza izan zela adierazi dute tabernariek, ez dela inolako arazorik izan. Oñatiko Galicia tabernako Oskar Cambesesek dio errespetua izan dela nagusi: "Ez dut lau urtean inolako arazorik izan. Jendeak hasieratik bete zuen". Herri bereko Zurrust tabernako Amaia Iurrebaso zerbitzaria bat dator: "Inork ez digu ezer leporatu, hasieratik onartu zuten erretzaileek. Gainera, gu geu ere kalera irteten gara erretzera eta hori eredu da eurentzat". Bergarako Euxebio II tabernako Amaia Txintxurretak esan du ez dela ezer nabarmenik pasa : "Hasiera batean, izan genuen bateren batekin tirabiraren bat, baina edanda zegoelako. Orokorrean, ondo".
Denetariko balorazioak
Ostalaritzan izan duen eraginari dagokionez, ezberdina da jatetxea edo taberna izan. "Asko igarri dugu. Guk jatetxea dugu eta jendeak jada ez du postrerik hartzen. Lehen, kafea, kopa eta postrea hartzen zituzten eta tertulian izaten ziren lasai. Orain ez", dio Iurrebasok. Bergarako Txintxurretak, berriz, balorazio positiboa egin du: "Ni oso pozik nago. Taberna pintxoz beteta dut, eta eskertzen da. Izan ere, lehen, jendeak pintxoetatik oso gertu erretzen zuen, eta beldurrez izaten ginen zerbait esateko ere". Bestalde, tabernan ez du beherakadarik nabarmendu: "Kanpoan dute erretzaileek tokia eta ongi egokitu dira horretara. Gehien igarri dena izan da joko-makinan". Cambesesek ez ditu debekuak gogoko, baina uste du "kontrolatu" egin behar zela, eta, garbitasunari dagokionez, ondo baloratu du legea: "Orain, ez lurrean ezta mahaietan ere, ez da zigarro-puntarik izaten. Niri orain aukeran emango balidate erretzaileen edo ez erretzaileen taberna jartzea, kerik gabekoa aukeratuko nuke. Ni oso gustura nago horrela, lehen baino hobeto".Bestalde, euren osasunerako onuragarria izan dela gaineratu du Cambesesek: "Ni erretzailea naiz, eta, egia esan, izugarrizko mesedea egin didate. Nik lehen hemen barruan erretzen nuen pila bat. Orain, ezin dudanez, erdia baino gutxiago erretzen dut". Zurrusteko Yurrebasok hori ikusten du alde positibo bakarra: "Argi dago guztiontzako onuragarria izan dela. Lehen, gortinak sei hilean behin garbitu behar izaten genituen izaten zuten nikotinarengatik. Hori da legeak duen alde positiboa, baina lanik gabe gelditzen banaiz...".
----------
Aitor Montes (Aramaioko medikua): "Oso ohikoa zen bronkiolitisak edo asmak jotako umeak larrialdietan artatzea"
Lau urte dira Tabakoaren Legea indarrean sartu zela. Igarri duzue hobekuntzarik jendearen osasunean? Bai, igarri da legea atera zenetik, batez ere, haurren artean, pediatria arloan: urgentzietara joaten diren ume asmatikoen zenbatekoa asko jaitsi da. Lehen, oso ohikoa zen bronkiolitisak edo asmak jotako umeak larrialdietan artatzea. Ospitaleetako larrialdietan asko nabaritu da beherakada. Beraz, osasunaren aldetik igarri da hobekuntza; bai, behintzat, haurren kasuan.
Helduen kasuan nabaritu da hobekuntzarik osasunean? Ez dakit ikerketa zehatzik egin den horren inguruan, ez dut daturik. Beraz, ezin dut zehaztu helduen kasuan hobekuntzarik izan den edo ez.
Zuek, mediku ikuspuntutik, pozik zaudete legearekin? Denok gaude ados. Egia da hainbat herritar kexatuko direla; izan ere, tabernetan izaten den jendea kanpora irteten da eta kalean zarata sortzen dute. Hori ez da onargarria, akaso. Baina osasun aldetik neurri mugatzaile hauek asko eskertzen dira eta bide hori jarraitu behar dugu. Izan ere, erretzea ez da kaltegarria norberarendako bakarrik, baita inguruan dagoenarendako ere.
----------
Lurdes Jimenez (Arrasate): "Legea indarrean sartu baino pixka bat lehentxeago utzi nion erretzeari nik eta dezente lagundu zidan horrek. Beraz, komenigarri izan zait".
----------
Joxean Aparizio (Anoeta): "Ni erretzailea naiz eta errespetatzen dut. Orokorrean, egunez ondo betetzen dela esango nuke; again, gauetan ez horrenbeste".
----------
Lorea Aranburu (Arrasate): "Oso ondo iruditu zitzaidan legea ezartzea. Hala ere, gazteen tabernetan ez da betetzen, eta hori kontrolatu egin beharko litzateke".
----------
Mirari Garitaonandia (Arrasate): "Hainbat gauza aldatu dira. Gure umeak txikiak zirenean, tabernan beharrean, kanpoan izaten ginen, erre egiten zelako; orain, barruan egoten dira".
----------
Agustin Perez (Arrasate): "Niri, egia esan, berdin dit. Lehen ere gustura izaten nintzen tabernetan. Hala ere, Gobernuak erretzea debekatzen du, baina landatzea ez...".