2015 urteko plan estrategikoaren ildo nagusietako bat izango litzateke produktuen katalogoa gama guztietara hedatzea. Fagor Etxetresnak zuen merkatu kuota berreskuratzea da helburu nagusia orain eta horretarako Bosch, Siemens ala itxiera aurretik Brandt etxeari saldutako De Dietrich marken parean jarri gurako lukete lehian.
Egoste tresnen ekoizpenarekin hasita – fase horri bultzada emateko Basauriko lantegian ere zenbait hilabetez ekoizpenari helduko diotela iragarri zuen CNA Groupek urte amaieran –; Fagor marka labe, indukzio-plaka eta presio-eltzeen alorrean gorenen lekuan kokatu gura du enpresa talde kataluniarrak. Salmenta asmoei dagokienez, helburua estatatuko merkatuaren %20 berreskuratzea da 2015ean, 160 milioi euroko fakturazioarekin.
Jarduera beteko hilabeteak
Aurreratu dutenez, goi-gamako sorta berria "elitekoa, abangoardiako eta berritzailea" izango da, zenbait hedabidetan argitaratu denez eta berrikuntza eta garapenetako inbertsio handia egingo duela Fagor Berriak. Urte amaieran merkaturatu asmo dituzte produktu berriak, plangintza estrategikoan zehazturiko azken etapa baten. Lehenago, aipatutako egoste linearekin batera, urteko lehen hiruhilekoan Garagartzako lantegian garbigailuak ekoizten dira hastekoak. Arrasateko lantegian dagoeneko labe eta indukzio-plaken ekoizpenarekin hasita daude eta Basauriko lantegian termoak ere egingo dituzte, behin-behingoz, aurreikuspenen arabera, urtean aurrerago, ekoizpena Bergarara eroateko. Eskoriatzan ere talde lantalde txiki bat du CNA taldeak, presio-eltzeak egiten.