Euskaltegietako ikasleentzako diru-laguntzak handituko ditu Jaurlaritzak

Jon Berezibar 2014ko abe. 29a, 16:27

Gaur aurkeztu dute Hizkuntza Politikarako sailburuordetzarako 2015 urterako diru-laguntza deialdia. Milioi bat euro gehiago banatuko da laguntza zuzenetan HABEko ikasmaila ofizialen bat gainditzen duten ikasleen artean. Gainerako arloetan, 2014ko mailari eutsiko zaiola azaldu du Patxi Baztarrika sailburuordeak.

Gaur goizean aurkeztu ditu Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak alorreko datorren urterako diru-laguntzak. Kopuru orokorretan, 45.624.130 euro izango dira guztira. Igoera izan dute euskaltegietako ikasleentzako laguntza zuzenek eta 3.436.630 euro proiektu zehatzetarako lankidetza hitzarmenetarako bideratuko ditu Hizkuntza Politikarako sailak. Aurkezpenean emandako diruari atera beharreko etekina eta ekimen publiko eta pribatuaren arteko uztardura azpimarratu ditu Patxi Baztarrikak. Baita ere, gazteengan eragiteko beharra, lehentasun bezala.

Laguntza gehiago euskara ikasteko

2015erako aldaketen arten dago laguntza handiago jasoko dutela euskaltegietako ikasleek. Hala, HABEren ikasmaila ofizialen bat gainditzen dutenentzako milioi bat euro bideratuko ditu sailak. Baztarrikak azaldu du "bizi dugun testuinguru ekonomiko zaila" kontuan hartzekoa izan dela eta gainerako diru-laguntza programak 2014ko mailan mantendu dituztela. Sailburuordeak azpimarratu gura izan du 45,6 milioi euroko kopurua "ahalegin handia" dela baina laguntzok "ez direla gastua, inbertsioa baizik". Izan ere, "euskararen erabilera sustatzea behar beharrezkoa da euskara edo gaztelania aukeratzeko eskubidea den-denei bermatzeko" eta "inor gure artean ez dadin hizkuntzaz aldatzera behartua aurkitu".

Halaber, Patxi Baztarrikak lan-munduarekin eta ekimen pribatuarekin egin beharreko lankidetzaren beharra ere azpimarratu du goizeko aurkezpenean. Ildo horretatik datoz 2015erako diru-laguntzen bi berritasunak. Batetik, LanHitz programaren barruan, egitasmo pilotu bat abiatuko dute hizkuntza kudeaketa aurreratuen dauden enpresek euskaraz lan egin dezaten. Erakunde publikoei dagokienez, udal eta eskualde mailako erakundeentzako EBPN/ESEP programetarako deialdia bi urterako zabaldu da eta sailburuordetzatik aurreratu dute ez dutela baztertzen gainerako deialdiekin ere hala egitea etorkizunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak