Frankismo garaian errepideak bortxazko lanetan egin zituzten presoak omendu ditu Aldundiak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko abe. 24a, 09:00

Garitano eta Ugarte omenduekin. Argazkia: Foru Aldundia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak frankismo garaian bortxazko lanetan ibili behar izan zuten presoak eta haien senitartekoak omendu ditu. Musikak girotutako ekitaldiari Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak eman zion hasiera. Eskerrak eman zizkien Gipuzkoan zein Gipuzkoatik kanpo bortxazko lanean ibilitako guztiei eta haien senideei eta baita memoria historikoa berreskuratzeko lanean jarduten duten guztiei ere.

Ugarteren hitzen ondoren, bortxazko lanak zuzenean pairatu zituztenek eta haien senitartekoei eman zitzaien txanda eta haien izenean bi lagunek hartu zuten hitza: Itziarko batailoian bortxazko lanetan ibili zen Marcelo Usabiaga ordiziarra eta Oiartzun inguruan bortxazko lanetan aritutako Guillermo Aizpuruaren biloba. Haien ostean, gaiari buruzko erakusketarako prestatutako bideoa ikusi zuten bertaratutakoek, eta amaitzeko Martin Garitanok hartu zuen hitza: "Gure herrian, Europa Mendebaldean, urte batzuk direla –eta ez dira horrenbeste urte- askatasuna eskuratu asmoz, esklaboak izan ziren. Askatasuna lortzeko bideak, errepideak, egitera behartuak. Eta gaur, gu guztion lotsarako, esklabistak omenduak dira eta esklaboak bide bazterrean ahaztuak. Gaur hemendik, gure errekonozimendu eta esker ona euren gazte garaia eta baita bizia bera ere gu guztion askatasunaren alde eman zutenei. Eta mespretxurik latzena ere esklabismoari, esklabistei, urrezko dominak eskaintzen dizkietenei".

Duela hainbat hilabete erabakitako ikerketa

Gogoratu behar da Mugikortasun eta Bide Azpiegitura Departamentuak duela hainbat hilabete erabaki zuela frankismo garaian Gipuzkoako errepideak egin behar izan zituzten presoen inguruko ikerketa bat abian jartzea, herritarrek jakin zezaten guztiok erabiltzen ditugun zenbait errepide nork eta zein baldintzatan egin zituen. Horretarako, Aldundiak ikerketa lana egin zezan eskatu zion Euskal Memoria Fundazioari eta lan horrek eman ditu fruituak.

Euskal Memoria Fundazioak txostena egin du gaiaren inguruan, eta bertan zehaztu du frankismo garaian Gipuzkoako zein errepide egin ziren bortxazko lanen bidez, non egon ziren langile preso horien batailoiak eta baita bertan aritu behar izan zutenen inguruko informazioa ere.

Erakusketa Gipuzkoako plazako egoitza nagusian

Aldundiak gaiari buruzko erakusketa ere jarriko du  bihartik aurrera Gipuzkoa plazako egoitza nagusiko ohorezko sarreran. Erakusketa abenduaren 18tik urtarrilaren 7ra egongo da ikusgai, 10:00etatik 20:30era (igande eta jaiegunetan izan ezik). Erakusketa horretan bortxazko lanen inguruko xehetasunak jasoko dituzte ikusleek hainbat panelen bidez eta baita ikus-entzunezko baten bidez ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak