Ezaguna da Arantzazuko Andre Mariaren egutegia ere. Eta gero eta ohikoa da nork berea egitea. Kuadrillan, lagunartean edo familian, adibidez. Denak ere urte berrian laguntza eskaintzeko eta hitzordu berrien kontua eramateko. Gehienak prest daude dagoeneko eta banatzen ere hasiak dira asko. Beste batzuk datozen egunetan iritsiko dira etxeetara.
Garai bateko argazkiez osatutakoa
Garai bateko argazkiez gozatzeko aukera ematen du Debaguneko egutegiak. Bailarako euskara elkarteek eginikoa da. "Aurtengoan, ikus daiteke nola aldatu diren gure herrietako hainbat bazter. Izan ere, denontzako ezagunak diren tokiak azaltzen dira orain dela hainbat urte", azaldu du AEDko Itxaro Artolak. Hamabi hilabeteetako orrialdeak pasa ahala, ikus daitezke, esaterako: 1955eko Aretxabaletako Andramaixak, 1954an Antzuolako herriko plazan dantzari eta txistulariak, 1915ean Eskoriatzako plazak zuen itxura eta Arrasateko Erdiko kalea XX. mende hasieran.
Urtero osatzen dute euren egutegia argazki zaharrez, eta horretarako artxiboetara jotzen dute: "Herri batzuetan oso artxibo aberatsak dituzte eta badago zer topatu. Egia da denborarekin gero eta zailagoa dela ez errepikatzea. Izan ere, urte asko dira lehenengoa atera genuela. Imajinatu, nik hogei urte daramatzat hemen, eta betidanik ezagutu izan dut". Partikularrak ere badira euren irudi iturri: "Herrietan izaten dira argazkigintza zaletuak edo bildumak egiten dituztenak. Horiek ere laguntza handia izaten dira".
Euskara elkarteetako bazkideen artean banatzen dute egutegia: "Gure helburua izaten da detaile bat izatea gure bazkideekin urte osoan zehar ematen diguten babesarengatik", adierazi du Artolak. Denera, 2.125 inprimatu dituzte aurten. Eta bazkideentzako bai, baina ez direnek ere eros dezakete euskara elkarteetan. Bestalde, Antzuolako, Eskoriatzako eta Arrasateko udalek ere erosten dituzte hainbat.
Baserrietatik kalera
Abenduaren 24an, Leintz Gatzagako herriko haur eta gurasoak kantuan irteten dira baserriz baserri, eta Udalak prestatzen duen egutegia banatzeko aprobetxatzen dute. Orain dela hamaika urte inguru ekin zion Udalak egutegia egiteari. "Erabaki genuen herritarrei oparitzeko zerbait egin genezakeela, eta iruditu zitzaigun egutegia ideia ona zela", azaldu du Jon Sasiain orduko Kultura zinegotziak. Hala, herriko bi baserri azaltzen ziren egutegia argitaratu zuten. Hurrengo urtean, beste saiakera bat egin zuten: "Beste zerbait egitea erabaki genuen, eta agenda txiki bat oparitzea adostu genuen. Bertan azaltzen ziren herriko telefono zenbakiak, larrialdietakoak, udaletxekoak, jatetxeetakoak... Ez zen arrakastatsua izan, ordea. Eta hala, hurrengo urtean berriro ere atera genuen egutegia". Ordutik hona, beti izan dira egutegiko motibo herriko bi baserri. "Pozik nago izan genuen ideia hark aurrera segitzen duelako", dio Sasiainek.
"Urtetan baserriak ateratzen ibili ostean, gure azkeneko urte honetan aldaketa egitea pentsatu dugu eta Leintz Gatzagako paisaien eta txokoen bidez osatu dugu", kontatu du Iñaki Agirreurreta egungo Kultura zinegotziak. Horrela, Gatz Museoko argazki bat eta Pilar kaleko beste bat azaltzen dira, Agirreurretak berak ateratakoak. Guztira, 150 ale argitaratuko dituzte. Urteroko ohiturari jarraituz, Gurelen Gabon eskean banatuko dute, Gatzagako umeek egindako gatz-potetxo batekin batera.
Euskara bultzatzeko
Aramaioko Udalak ere ateratzen du egutegia. Arrakastatsua, gainera. "Banaketa hasi eta lehenengo egunetan agortzen dira", esan du Rosa Mondragonek, Euskara teknikariak. 900 ale banatuko dituzte –atzo hasi eta martitzenera arte banatuko dituzte.
2000. urtean atera zuten lehenengoa: "Euskara Zerbitzutik sortu zen ideia eta helburua izan zen Aramaioko etxeetan euskara hutsean idatzitako egutegia izatea. Izan ere, orain, urteak pasa diren heinean, aukera gehiago daude euskarazko egutegiak bilatzeko, baina ez da horrenbeste denbora ele bitan edo erdaraz bakarrik izaten zirela. Sorrerako helburu hori mantentzen da egun; baina izan duen arrakasta ikusita, Udalak horren aldeko apustua egin du". Esaera zaharrak, herriko jaiak, telefono interesgarriak, zaborra noiz jasotzen den... biltzen ditu egutegiak. Hein batean, batzen du herriko informazio praktikoa.
Argazkiak, berriz, Aramaioko Udalak urtero antolatzen duen argazki lehiaketatik hautatzen dira. "Lehen urteetan hemendik eta handik hartzen ziren, edo herriko argazkilariei eskatu. Ondoren, prentsatu genuen ondo egongo zela beste batzuei parte hartzeko aukera ematea. Hala, argazki lehiaketa antolatzen hasi ginen". Aurtengo irabazlea Iker Aizkorbe izan da –beheko argazki bilduman dago ikusgai.
Merkatariek eginikoa
Aretxabaletako Aretxarte merkatari elkarteak lehendabizikoz kaleratu du aurten egutegi propioa. Eta merkatariak eurak dira protagonista. "Tuterako merkatariek ateratako egutegiaren argazkia jaso nuen. Biluzik azaltzen ziren. Eta orduan pentsatu nuen: eurek egin badute, guk zergatik ez? Noski, baina gure erara. Hala, Aretxarteko 45 bazkideok animatu eta geu azaltzen garen egutegia egin dugu", azaldu du Aretxarteko presidente Idoia Elexpuruk. Urtarrilean eta abenduan tabernariak azaltzen dira elegante-elegante jantzita, abuztuan merkatariak auto klasiko batekin edo uztailean sukaldean arrain eta guzti. Argazkiak herriko bi argazkilarik atera dituzte: Ivan Vallek eta Ane Idigorasek. "Lan handia eskatzen du, baina polita izan da egiteko eta pozik gaude emaitzarekin", esan du Vallek. Elexpuruk gaineratu du oso aretxabaletarra dela: "Dena egin dugu herrian. Inprimatu ere bertan egin dugu. Eta zehazten dira herriko eta auzoko jaiak eta Ixa debalde egunak, adibidez. Atzealdean daude, berriz, elkarteko establezimendu guztien helbideak eta telefono zenbakiak. Espero dugu etxe askotako sukaldeetan zintzilik ikustea". Denera, 2.600 ale atera dituzte –merkatari bakoitzak 55 banatuko ditu.
Adineko pertsonen nortasuna, iruditan
Oñatiko adineko hamabi pertsona harrapatzen ditu bere kameraz Josu Garaik urtero-urtero. Izan ere, hark ateratzen ditu Zolarriren egutegian azaltzen direnen argazkiak. "Bezeroentzako zerbait berezia egin nahi genuen", esan du Zolarriko Imanol Bikuinak. Eta Garaik kontatu du nola ekin zioten proiektuari: "Nik banuen herriko nagusiekin zerbait egiteko gogoa eta Imanol egutegia atera nahi zutela esanez etorri zitzaidan; beraz, nire ideia proposatu nion eta gustatu egin zitzaion. Ordutik hona, hor gabiltza". 80 urtetik gorakoak edo inguru horretan dabiltzanak erretratatzen ditu Garaik: "Euren izaera islatu nahi izaten dut argazkietan. Adibidez, lanbidearekin loturatxo bat egin edo, baserritarra bada, baserri inguruarekin. Hein batean, euren nortasuna adierazten saiatzen naiz". Gaineratu du nagusiei eginiko omenaldia dela egutegia. "Askotan, gogoratu ere ez gara egiten nagusiak hor daudela", dio. Eurei eginiko omenaldi izan arren, dio askok atzera egiten dutela: "Esaten didate 'ni zergatik?' edo 'ni ez naiz inor', esaterako. Horiek izaten dira euren lehen berbak. Baina guk herriko jendea atera nahi izaten dugu, jende xumea. Beraz, esango nieke ez daitezela beldurtu. Hau omenaldia dela".
Urte berriari ekin bezain laster hasten dira zerrenda luze bat egiten azaldu daitezkeen izenekin, baina oñatiarrak dio hori estutuaz joaten dela, askoren ezezkoen ostean. Zehaztu du, gainera, beti ibiltzen direla emakume faltan. Hala ere, izaten dute laguntza: "Badugu bitartekari lanak egiten dizkigun bat: Jexux Igartua. Izan ere, ez zaituztenean ezagutzen, are eta zailagoa izaten da. Beraz, beti dago ondo ezagutzen duten norbait jartzea tartean. Eta egia esan, Jexuxek bidea asko errazten digu eta eskerrak eman beharrean gaude".
Lehen urtean 250 ale atera zituzten; aurten, 300. "Egutegia da bezero bereziei emateko. Euren fideltasuna saritzen dugu. Gustura egiten dugu eta asmoa da egitea hamar urtez, behintzat", esan du Bikuinak
Arrasate, argazkilari baten begiradatik
Arrasate hainbat argazkilariren begiradatik islatzen du Kajoi tabernak, AGT enpresak eta Jose Ramon Otamendi harategiak elkarrekin ateratzen duten egutegiak. Aurten, Anibal Carmonaren ikuspegia batzen du. "Lehen urteetan neronek atera nituen argazkiak, baina garrantzia eman nahi genion proiektuari. Hala, argazkilaritza gustuko duten herritarrekin harremanetan jartzen hasi ginen eta urtero argazkilari baten begitatik islatzen dugu Arrasate. Parte hartu dute, adibidez, Antonio Baenak, Joxe Felix Diaz de Tuestak, Koldo Garrillok eta Aritz Gordok. Denek ere doan eman dizkigute euren irudiak eta denek izugarrizko lana egin dute", azaldu du Antonio Murillok, Kajoi tabernako jabeak. Argazki guztiek Arrasatekoek izan behar dute, hori da baldintza: "Badira bankuetakoek ateratakoak, adibidez, baina guk gure herrikoa nahi genuen. Esaterako, aurten Anibal Carmonak atera ditu argazkiak, eta nabaritzen da ikuspuntu berezia dutela. Irudietan jartzen duen maitasuna nabaritu egiten da. Oso zaila da halako egutegi bat herrikoa ez den norbaitek egitea".
Bestalde, Murillok gaineratzen du asko zaintzen dutela kalitatea: "Diseinua asko zaintzen dugu. Horretaz gain, guretzako garrantzitsua da herritarrek erabilera ematea egutegiari. Hala, oharrentzako tokia dago, esaterako. Eta jaiak, ilargiak eta tenporak zehazten dira". Egun, 1.750 ale ateratzen dituzte eta bezeroen artean banatzen dituzte. "Ez dugu publizitateagatik egiten; baizik ikusten dugulako jendeak asko eskertzen duela", esan du Murillok.
----------
(Jose Garai eta Imanol Bikuina, iazko egutegiaren aurrean)
(Dantzariak eta txistulariak Antzuolan 1954an; Debagune)
(Leintz Gatzagako egutegiko argazkietako bat, Gatz Museoa)
(Antonio Murillo aurtengo egutegia eskuetan duela, Kajoi tabernan)
(Aretxarte merkatarien elkarteak ateratako egutegiaren abuztuko orrialdea)