Elkarteetan ere ezingo da erre

Irati Goitia 2014ko abe. 17a, 12:00
Arrasateko hainbat elkarte gastronomikotako kideak Txalaparta elkartean.

Eusko Jaurlaritzak Adikzioen lege proiektua onartu zuen joan den astean. Horren arabera, erabilera publikoko lekuetan ezin izango da erre –lekuaren jabetza publikoa edo pribatu izan–. Eta neurriak eragingo die, besteak beste, futbol zelaiei eta elkarte gastronomikoei. Alkoholaren kontsumoa ere zorrotz kontrolatu nahi du Jaurlaritzak. Hala, kalean ezingo da edan, adibidez.

"Egungo gizartearen beharrei egokituta" hartu ditu neurriok Jaurlaritzak, Jon Darponek, Osasun sailburuak, esan duenez. Legearen helburua nagusia da pertsonen osasuna babestea; bereziki, adingabeena eta sozialki ahulak diren kolektiboena.

Elkarteetan, kezka

Elkarte gastronomikoetako kide askok ez dute begi onez ikusten Jaurlaritzaren erabakia, uste dute elkarteetan adostu beharko litzatekeela. SUDCeko –Arrasateko elkarte gastronomikoen elkartea– presidente Juan Luis Arkauz horren aldekoa da: "Guk Txalapartan bereizitako guneak ditugu. Hala, umeentzako tokia dugu eta hor ezin da erre, ezta sukaldean ere. Nik uste dut elkarte bakoitzak erabaki behar duela zer egin". Ildo beretik mintzatu da Iturripe elkarteko kide den Jesus Markaide ere eta Jaurlaritzak egindako proposamenaren aurka azaldu da erabat: "Nik uste dut bazkideen esku egon behar dela erabakia. Erre daitekeela erabakitzen badute, detektagailuak jartzera behar ditzatela, ke maila neurtzeko. Hori izan daiteke neurgailu egokia neurriak hartzeko: zigarroak itzaltzeko edo ke-erauzgailua martxan jartzeko. Baina debekatzea? Etxeko egongelan ere debeka dezatela! Osasuna badago jokoan, etxeetan ere jarri beharko lirateke arauak. Niretzako elkartea etxearen parte da". Leze-Txiki elkarteko Anttxon Zumaldek ere ez du gustuko: "Osasunaren alde hartu dute erabakia. Baina kalean erretzea ere kaltegarria izango da, ez? Nik uste dut dena debekatu nahian dabiltzala eta hori ez dut gogoko". Ziar-Olako kide da Antxon Bedia eta berak uste du errespetua dela gakoa: "Nik uste dut guztientzako tokia egon behar dela elkartean, erretzaileentzako eta baita erretzen ez dutenentzako. Oinarrizko arau batzuk errespetatuz gero, ez da arazorik izaten. Ez dut uste debekua konponbidea denik". Musakolako erretiratuen elkarteko kide den Alberto Laskurain ere kontzientziazioaz aritu da: "Gure elkartean adinekoak gara guztiok eta hainbatek arazoak dituzte. Ondorioz, errespetu handia dago, eta normalean, jendea kanpora irteten da erretzera". Txalaparteko kide den Andoni Altzelai, berriz, ados azaldu da Jaurlaritzaren lege proiektuaz: "Nik uste dut gure gustukoak izan ez arren, legeak onartu egin behar direla. Gainera, ni ados nago proposatutakoaz". 

Ostalarientzat mesedegarri?

Lau urte dira jatetxe eta tabernetan ezin dela erre. "Nabarmena da tabakoaren legeak bezeroak kendu dizkidala eta batzuk elkarteetara jo dutela", esan du Lasa jatetxeko Koldo Lasak. Baina honakoa gaineratu du: "Oraingo debeku hau ere ez zait ondo iruditzen. Gobernuak berak onartzen du tabakoa saltzea eta gero denean erretzea debekatu..." Hilarion jatetxeko Gabino Yarzak ez du uste erretzearen debekua izan denik bezeroak gutxi izanaren eragile bakarra: "Jendearen erosteko ahalmena ere jaitsi da. Osasunari begiratuta, nik uste dut ez erretzea denoi datorkigula ongi, baina horren zorrotzak izan beharra ere... Nik uste dut elkarte bakoitzak erabaki beharko lukeela, eta kontuan izan, adibidez, umeak dauden edo haurdun dauden emakumeak. Elkarteek kontrolatu beharreko zerbait dela deritzot".

Futbol zelaian ere kerik ez 

Lege proiektuan, zehazten den beste berrikuntzetako bat da kirol instalazioetan erretzeko debekua –instalazio itxietan, erdi-itxietan zein aire librekoetan–. Aloña Mendiko Jabi Arregik esan du ez dakitela nola aplikatuko den hemengo futbol zelaietan oraindik ez dutelako argibiderik jaso. "Indarrean jartzen bada, egingo ditugu egokitzapenak", zehaztu du. Izan ere, egun Azkoagaingo tabernan bertan, puruak saltzen dituzte: "Betiko ohitura da futbol zelaian kafea, kopa eta purua hartzea". 

Lehen Mailako jarraitzaileei ere eragingo die lege honek. Bergarako Realzaleak lagunarteko kide da Alfonso Alonso eta ez du beharrezkotzat ikusten: "Ni ez naiz erretzailea eta izaten dut jendea ondoan erretzen; egia esan, ez didate trabarik egiten. Ez dut ikusten horrelako neurriak hartu beharrik dagoenik. Akaso, ohitze kontua izango da. Bada denbora bat Camp Nou-en ezin dela erre, adibidez. Hala ere, protesta ugari ekarriko dituela uste dut. Hori bai, indarrean jartzen bada, onartu egin beharko da". Bergarako Peña Athletic-eko kide da Izaro Aperribai, gustura hartu du berria: "Debekatzea ondo ikusten dut. San Mames gune irekia da, baina alboan norbait erretzen jartzen bazaizu, beti egiten du traba. Ez da hamar metrora esertzen, aulkiak oso gertu daude bata bestearengatik. Hala ere, uste dut legea jarri beharrean, erretzaileek eurek izan beharko luketela kontuan albokoa. Noski, hori betetzen ez den kasuetan, legeak babestu beharko ditu ez erretzaileak. Hein batean, norberaren askatasuna amaitzen da, bestearena zapaltzen edo gainditzen duenean. Kasu honetan horixe gertatzen da".

Kalean alkoholik ez 

Edari alkoholdunen kontsumoa ere kontrolatu nahi du lege proiektu honek. Hala, bide publikoetan edari alkoholdunen salmenta eta kontsumoa debekatuko da. Horrela, tabernetako terrazetan ez bada, ezingo da kalean alkohola edan –udalaren esku egongo da araudia ekitaldiei dagokionean– eta saltokietan 22:00etatik 07:00etara bitarte ezingo da alkoholdun edaririk saldu, bertan edateko ez bada. Bestalde, adingabeei alkohol-kontsumoa debekatzen zaie lege baten bidez.

Jaurlaritzak aurreko artean onartutakoa lege proiektua da. Beraz, martxan jarri dadin, legebiltzarretik pasa behar da lehendabizi eta gehiengoak babestu behar du.

----------

Lege proiektuan zehazten diren isunak

Lege proiektuak isunak ere zehazten ditu. Hiru mailatan sailkatzen dira arau-hausteak. Arinak: ohartarazpena edo 600 eurorainoko isuna ezarriko da. Izango dira, adibidez, adingabeek edari alkoholdunak kontsumitzea edo debekatutako tokietan erretzea. Larriak: 601 euro eta 10.000 euro bitarteko isuna ezarriko da eta/edo jarduera aldi baterako etenaraziko zaio establezimenduari, Esaterako, adingabeei edari alkoholdunak saltzea eta debekatuta dagoen lekuetan erretzen uztea. Oso larriak: 10.001 euro eta 600.000 euro bitarteko isuna ezarriko da eta/edo establezimendua erabat edo zati baterako itxiko da. Publizitateari dagozkion betebeharrak ez betetzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak