Zapatuan Zamudion jokatu zen gazteak zientzia eta teknologiara hurbiltzeko asmoa duen First Lego League lehiaketako EAEko kanporaketa eta bertan parte hartu zuten bailarako bi ikastetxetako ikasleek: Arizmendi eta Mariaren Lagundiakoek.
Arizmendikoak bosgarrenez ari dira txapelketan parte hartzen eta Arizmendi-Ikerlan-MUren lau taldek jokatu zuten lehen fasea Zamudion. Txapelketako hirugarren saria eskuratu zuen, gainera, horietako talde batek eta hurrengo kanporaketarako –Espainiako txapelketarako– sailkatu da. Tenerifen jokatuko da kanporaketa hori.
Bergarako Mariaren Lagundiako ikasleek, berriz, aurten hirugarren aldiz hartu dute parte lehiaketan eta parte hartu zuen taldeak Innobasque saria eskuratu zuen, robotaren mekanika onenari emandako saria, hain zuzen.
Robotekin hiru misio egin behar izan zituzten ikasleek eta proiektu zientifikoa ere azaldu behar izan zuten gazteek Zamudion. "Gure gazteek oso lan ona egin dute, umore onez, jarrera bikainarekin eta adiskidetasun handiz lehiatu dira. Guztiak izan dira txapeldunak", azaldu zuen Arizmendiko Mikel Egiguren irakasleak zapatuko lehiaketaren ostean. Mariaren Lagundiko Ekaitz Azula irakaslea ere pozik zegoen ikasleen lanarekin: "Oso gustura ibili gara. Gazteentzat esperientzia ona izan da, kontaktuak eta lagunak ere egin dituzte. Ondo ibili dira eta espero ez genuen saria ere eskuratu dute. Pozik etorri gara etxera".