Akabo egindako ahaleginaren maila izerdi orbanak ematen zuen garaia

Julen Iriondo 2014ko abe. 10a, 12:00
Kirolaria, besoan eta belarrian gailua duela. (Motorola)

Kirola egin ahala eta saioa amaitutakoan. Gero eta ohikoagoa da sentsazioez gain, sentsazioetatik harago, propio sortutako neurgailuek edo aplikazioek ematea egindako ahaleginaren eta lanaren nolakotasunaren berri.

Kirolariak egindako lana ez dela, alegia, izerdi tantetan zenbatzen, digitu bidez adierazitako askotariko balioekin baizik. Eta lan hori neurtzeko bezala, beste hainbat gauzatarako ere badira kirolean gailuak eta aplikazioak    –GPSak, adibidez–. Eta hori ez da dena; gero eta ohikoagoa baita kirolariak egiten duena beste batzuekin konpartitzeko joera ere, horretarako sortutako sare sozialetan edo ohikoetan.

Mondragon Unibertsitateko telekomunikazio goi ingeniaria da Miguel Fernandez, irakaslea eta ikertzailea; aurrez aipatutakoari buruz, kirol marka ezagun baten gaineko adibidea jartzen du: "Mugikorrerako aplikazio bat du, korrika egitean edo bizikletan ibiltzera joatean, denborak neurtzeko, entrenamendua aztertzeko. Baina marka berak badu dispositibo bat, GPSa duen erloju bat, entrenamenduak kontrolatzeko. Gainera, webgune batera lotuta dago eta bertara igo dezakezu zure aktibitate fisikoaren berri, erlojuan jasotako informazioa eta aplikazioaren bitartez jasotakoa ere bai. Eta are gehiago: nahi baduzu, webgune horretatik, edo mugikorreko aplikaziotik, Facebooken eta Twitterren parteka dezakezu egin duzuna".

Eta "ia egunero sortzen dira aplikazio edo gailu berriak"; hala dio Kirolaren Euskal Eskolako –Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol zuzendaritzaren zerbitzua– teknikari Joseba Bujandak, zerrendatuta: "GPSak, podometroak, azelerometroak, pultsometroak, eskumuturrekoak, erloju inteligenteak... Kirolarekin lotutako milaka aplikazio eta dispositibo sortzen ari dira, funtzionalitate berriekin".

Hainbeste berritasunekin, kiroleko eragileek ere ez dituztela "guztiak" ezagutzen dio Bujandak. Eta hori dela-eta, ezagutzeko eta izan ditzaketen erabileren berri emateko, antolatu dute abenduaren 16rako App-ak, Gadget-ak eta 2.0 ingurunea. Kirolaren garapen-iraultza izeneko jardunaldia, teknikari eta entrenatzaileei, osasun eta jarduera fisikoko begiraleei, heziketa fisikoko irakasleei eta gaiarekiko interesa lukeen edonori zuzenduta. Arrasateko Garaian izango da, eta izena eman daiteke hilaren 12ra arte, www.kiroleskola.net helbidean –doan–. 

Datorrena, 'wearable'-ak 

Miguel Fernandezek dio app-ak eta dispositiboak kontsolidatu direla dagoeneko, eta gauza berriak ari direla agertzen; adibidez, wearable-ak, "jantzi daitezkeen gauzak": "Ari dira agertzen dispositiboak arropan integratzen direnak, neurtzeko bizi konstanteak, adibidez, edo korrika egindako distantzia".

Berritasun hauen guztien beharrezkotasunari buruz galdetuta, Fernandezek dio egia izan arren "zenbait behar" industriak sortzen dituela, aplikaziook eta gailuok erabilgarri izan daitezkeela: "Entrenatzaile eta kirolarien arteko interakzioa asko hobetu daiteke teknologia berriekin eta Internetekin; dagoeneko asko hobetu da, egia esan". 

Edonori izan dakioke motibatzaile norberaren entrenamenduaren ondoriozko bilakaera zenbakietan ikustea. MUko irakasleak, hala ere, ohartarazten du gailuon informazioa eskura edukitzeak ez duela eragin behar egin beharreko beste batzuk albora uztea: "Behobia edo maratoia egin behar baduzu, osasun azterketa egin egin behar da; edo entrenamendu plan serio bat nahi baduzu, aditu batengana jo". Prebentzio neurri gisa, eta erremintoi ahalik eta etekin handien ateratzeko, bestalde.

----------

Jardunaldiaren egitaraua

Izenburua: Kirola espazio fisiko eta digitalean.

Hizlaria: Juanma Murua, aholkulari aditua kirolean.

Ordua: 09:35.

 ---

Izenburua: App, gadget, eta kirolaren 2.0 inguruneko deskribapen eta funtzionaltasunak.

Hizlaria: Miguel Fernandez, MUko irakaslea eta ikertzailea.

Ordua: 10:00.

--- 

Izenburua: Kirol profesionalek egiten duten teknologia berrien erabilera.

Hizlariak: Juanma Murua, aholkulari aditua kirolean; eta Eugenio Rodriguez, Gipuzkoa Basketeko prestatzaile fisikoa.

Ordua: 12:00.

--- 

Izenburua: Ibilbideak. Mugitzeko ideiak Internetez partekatzen.

Hizlaria: Mikel Bringas, Eusko Jaurlaritza.

Izenburua: Podometroak eta app-ak, jarduera fisikoaren motibatzaile.

Hizlaria: Iñaki Iturrioz, Irun Kirol.

Ordua: 13:00.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak