Cayo Lara: "Aldaketa ez da gertatzen norbaitek etorri eta bidea argiztatuta; antolaketa kolektiboa behar da"

Irati Goitia 2014ko abe. 5a, 10:17

Arrasaten izan da Izquierda Unidako koordinatzaile federala, Cayo Lara, herritarrekin egotera, alderdiaren mezua helaraztera. Hainbat talderekin ere batu da: Ordaindu, Eskuratu...

Zein da bisita honen helburua?
Hautagaitzak prestatzeko unea da; hobeto esanda, programak gertatzekoa. Hala, organizazioari laguntzen gabiltza: jendea animatzen, organizazio federalaren mezua hurbiltzen, defendatzen ditugun politikak azaltzen... Programarekin obsesionatuta gaude. Izan ere, jendea bozkatzera ilusio handiagoarekin edo txikiagoarekin joan daiteke, baina hurrengo egunetik kudeatu eta gobernatu egin behar da. Beraz, hauteskunde programak garatzen gabiltza, jendea ez engainatzeko, kerik ez saltzeko eta programak ez  daitezen Errege magoei gutunak izan. Proposamen zehatzak behar dira, errealitatean oinarrituak; betiere, ditugun utopia eta ametsak bistatik galdu gabe.

Ez duzu Podemos aipatu, baina haiei egiten diezu erreferentzia?
Ez, orokorrean esaten dut. Izan ere, Rajoyren hauteskunde promesak aztertzen baditugu, Errege magoentzako gutunak zirela esan dezakegu. Emandako hitza urratu egin du sistematikoki. Politika zehatz batzuk garatu izan balituzte, ez lirateke Errege magoei zuzendutako gutunak izango, baina jendea engainatu dute. Guk, herria izanik, ikusten dugu herritarrak ez direla engainatu behar. Beraz, keaz hitz egiten dudanean edo Errege magoei bidalitako gutunez, jendeari demagogia egiten zaiolako diot. Badirudi azkenaldian denok mesfidantza berezi bat dugula; Nicolas txikia ere Podemos alderdia dagoelako agertu dela pentsatzen duten unean gaude.

Bestak beste, Ordaindu eta Eskuratukoekin elkartu zarete. Bere garaian Ricardo Sixto ere etorri zen Arrasatera. Arduratzen zaituzten gaia da?
Estatuko edozein tokitan gertatzen diren kaleratzeek arduratzen gaituzte. Ez du inolako zentzurik 5.400.000 langabe mantentzeko gai den gizarteak. Hori ikaragarria da, bai ikuspuntu sozialetik, eta baita ikuspuntu ekonomikotik ere. Hori ez da jasangarria. Eta kasu zehatz honetan ere noski sentitzen dugula, gure jendea da sufritzen ari dena, langileak. Gainera, izen-abizenak dituzten politika neoliberalen ondorioz ari dira sufritzen. Kontua da eskaeraren izugarrizko krisia dagoela, jendearen erosketa ahalmenak behera egin du. Horregatik, guk 1.100 euroko gutxieneko soldata defendatzen dugu. Hori ez da erokeria, egin daiteke. Horrela lortuko dugu enpresek euren produktua hobeto saltzea, jendeak erosi ahal izango duelako. Beraz, arazoa politika neoliberaletan dago.

Fagor Etxetresnekin gertatu dena ikusita ere, kooperatibismoa da kapitalismoaren alternatiba bat?
Gertatu zena sistema kapitalistaren ondorio izan zen. Hemen gertatzen denak zerikusi zuzena du Europan aplikatzen diren politikekin. Hala, esaterako, Ukrainako krisi politikoak eragina izan zuen Albaceteko nekazari batzuengan, euren esportazioak horren menpe zeudelako. Ondorioz, aldaketa politikoak Europako Batasunean gertatu behar du. Eraldaketa hori ez bada modu globalean gertatzen, ez du garapenean lagunduko. Politika neoliberalek eredu kapitalistei eragiten diete, baita eredu kooperatibistei ere.

Espainiako ezkerra banatzen ari da. Krisian dagoela esango zenuke?
Ez. Nik uste dut sistema dela krisian dagoena, sistemaren aurkakoa delako. Konstituzioak dio eskubidea dugula lanerako, etxebizitzarako, langabezian geldituz gero laguntzak jasotzeko... Hori ez bada betetzen, sistema bera da sistemaren kontrakoa. 78ko akordioa urratu dute. Horregatik, guk politikari aurpegia jarri nahi diogu. Nahi duguna da egoerari bira ematea, eta, horretarako, neurri sorta alternatiboak ditugu. Lau helburu nagusi ditugu: ogia, sabaia, lana eta duintasuna. Giza aurpegia duen sistema egin nahi dugu; ez dena sistemaren kontrakoa, jendearen aurkakoa, langileen kontrakoa...

Primarioetara ez aurkeztea erabaki duzu. Aurpegi berria behar zenuten Podemosi aurre egiteko? Zerk bultzatu zaitu erabaki hori hartzera?
Hainbat arrazoi daude. Lehena da herrialde honek keinuak behar dituela. Ez dut liderretan sinesten. Nik lider bezala ditut Dolores Ibarruri edo Marcelino Camacho. Euren bizitza, historia edo ibilbideengatik izan dira erreferente nire bizitzan, baina ez dut sinesten miragarriak direnik edo gizartean ditugun arazo guztietatik aterako gaituztenik. Hori gezurra da. Gizartea salbatuko da kolektiboen esfortzuarekin. Jendeak mila eratara interpretatuko zuen keinua, baina badago jendea guri ipurdira aulkirik ez zaigula itsasten ulertu duenik. Diputatu izatea pribilegioa da eta harrotasunez ordezkatzen dut langile klasea. Garrantzitsua zen, ordea, keinu hau une honetan egitea. Bestalde, 2016ra arte jarraituko dut organizazioaren koordinakundean. Gelditzen zaidan denbora hura indartzen arituko naiz. Izan ere, ez da aldaketarik izango, ezkerreko organizazio indartsurik egon ezean. Aldaketak ez dira gertatzen norbaitek etorri eta bidea argiztatzen digulako. Antolaketa kolektiboak egon behar du. Izan ere, antolatutako gizarte bat izan ezean, gobernura iristean hondoratu egin zaitezke, botere ekonomikoak indar handia du-eta. Horregatik gabiltza organizazioak indartzen.

Akordio elektoralen alde egiten duzue. Zeinekin?
Gure DNAn dago ezker bateratua. Hitzartuko dugu gurekin borrokan egon direnekin: sindikatuekin, osasun eta hezkuntza publikoa aldarrikatu duten mareekin, emakumeen berdintasuna bultzatu dutenekin... Jende horrekin egingo ditugu aliantzak; baita beste politika alternatibo bat eraiki nahi duten ezkerreko alderdiekin ere.

Hautesle-elkarteak posible ikusten dituzu?
Ez. Hautesle elkarteek dagoeneko eraikita dauden organizazioak disolbatzen dituzte. Batzuek pentsatzen dute hatzekin kriskitin egin eta organizazio bat duzula, baina ez da horrela. Urteak daramatzagunok badakigu kosta egiten dela organizazio estrukturatu eta finkatua izatea, eta jendeari segurtasuna emango diona. Hautesle-elkarteak daude pentsatuta indar politikorik ez dagoen herrietarako, baina gainontzean ez.

IU siglekin aurkeztuko zarete?
Gure siglekin eta akordioa egiten dugunenekin joango gara. Jendeak jakin egin behar du nortzuek osatzen duten aliantza hori, nor ari diren bozkatzen. Asko kostatzen da marka egitea. Hori garrantzitsua da, baita gainerakoen identitateak errespetatzea ere.

Nola ikusten duzu Podemosekin elkartzea?
Beste bat gehiago bezala. Helburua da ahalik eta zinegotzi gehien lortzea, alkatea ezkertiarra izan dadin. Identitate ezberdinen batura, gehiengoa izateko. Baina gakoa izango da zein izango den izango genukeen proiektua.

Posible ikusten duzu PSOE eta PP elkartzea bestelako indarrei aurre egiteko?
Guk uste dugu botere ekonomikoa PSOEri presioa egiten dabilela, koalizio handi bat sor dezaten. Botere ekonomikoak beldur handia du. Diote dirua oso beldurtia dela, eta herrialde honetan bilioi bateko zor publikoa dago eta bi bilioi inguruko zor pribatua (enpresak, familiak...). Hala, beldur handia dago zerbait gertatuko ote den.

Konstituzioa aldatuko zenuke estatuburua espianiarrek aukeratu ahal izateko. Katalunian proposatzen zuten erreferenduma egiteko aldatuko zenuke?
Aldarrikatzen duguna da estatu federala, solidarioa, errepublikanoa eta plurinazionala. Hori aplikatuz gero, elkarrekin eta bakean bizi ahal izango ginateke. Ni ez naiz independentista. Nik uste dut independentzia txarra dela. Uste dut berekoia dela eta burgesiatik edo sektore nazionalistetatik sortu zela, klase interes handia zutelako. Hala ere, herritarrek galdetuak izateko eskubidea dute. Hasieratik hartu izan balira lau hitz horiek oinarri, Kataluniako eztabaida une honetan, ziurrenik, ez zen existituko.

Sentimendu bat badago, ordea.
Identitate bat, hezkuntza bat. Baina nik ere baditut izaera elementuak. Alabak behin galdetu zidan: "Galegoak galego badira, euskaldunak euskaldun... gu zer gara? Niri espainiarra naizela esaten didate". Nik erantzun nion bera dela mareetan dagoena, langileekin dagoena, borroka egiten duena.

2016tik aurrera non ikusiko zaitugu?
Nik uste dut erretiratu egin behar dela, baina ideologia eta borroka, inoiz ez. Gazteei bidea utzi behar zaie, baina gazte-zahar dikotomia   akatsa dela uste dut. Bestela, begira monarkiarik: erregez aldatu dugu, baina...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak