Dena gertu Toberan, Aretxabaleta epaitzeko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko abe. 3a, 10:13

Abenduaren 28an, Inuzente egunean, erakutsiko dute Bagarak bultzatutako laugarren tobera, Ibarra kiroldegian, 19:00etan. Herritarrek sortu eta protagonizatutako antzerki satirikoa da tobera; umore klabean, hausnarketa bultzatu eta herrigintzaren aldeko apustua egitea duena helburu. 

Debagoieneko hiru herri handietako trilogia itxita dator Aretxabaletara; eta Eskoriatza izango da akusazioaren protagonista. Herri moduan gutxietsi izana eta nagusitasunez jokatzea leporatuko diete Eskoriatzakoek aretxabaletarrei. Akusazio hori horrela dala frogatzeko, adibide ezberdinak eramango ditu Egoitz Salaberriak,  Eskoriatzako fiskalak, eta argudio horiek gailentzen saiatuko da, aurrez aurre izango duen, Justa Zelaia, Aretxabaletako abokatua.

Eskoriatzarrak akusatzaile nagusi

On Piper Hautsa epaileak Aretxabaleta erruduna edo errugabea den erabakitzeko, Salaberria fiskalak eta Zelaia abokatuak eramandako askotariko lekukoei eta bestelako pertsonaiei, arretaz entzungo diete. "Protagonista nagusiak Aretxabaletako eta Eskoriatzako askotariko herritarrak izango dira, baina badaude bi herri horien arteko tira-biran sartzera ausartuko diren, besteak beste, Arrasateko eta Bergarako beste hainbat pertsonaia ere. Baina zein pertsonaia igoko diren taularen gainera eta horien atzean dauden herritarrak zeintzuk izango diren jakiteko, abenduaren 28an Ibarra kiroldegira joateko proposamena egingo dizuet, ez noa-eta, oraingoz, gehiago kontatzetzera ",  adierazi du barrez Kepa Errastik, aurtengo Toberako gidoiaren egileak.

Berriak eta aurrekoak, lanean

Aktore moduan parte hartu izan du Kepa Errastik; beraz, barrutik ezagutzen zuen tobera. Oraingoan baina, atzeko lanetan jardun du: "Hasierako batzarretan esandakoetan oinarritu naiz eztabaidarako gaiak aukeratzeko orduan. Epaiketaren egitura eta ezaugarriak zaintzeko, berriz, aurreko urteetako toberetako gidoiak izan ditut eredu" azaldu du Errastik.

Lantalde zabala izan du Errastik ondoan: aurreko Toberetan ibilitakoak ere bai, horien artean. "Ibai Zangituk eta biok jardun dugu Bagarakoekin koordinazio lanetan, baina "aholkulari- taldea" izan dugu atzean. Haiek kontatu dizkigute bi herrien arteko urteetako tirabira edo txaskarriloak".

Labetik ateratzeko, hilabete

Urria erdialdean hasi ziren lehenengo irakurketak egiten, eta taldekako eszena-entseguak egin dituzte, astean behin, azaroan. "Abenduan turboa sartuko dugu. Zaila da talde guztia batzea, baina hori da abendurako dugun plana: ahal dugun neurrian, guztiok elkarrekinantzezla, hasieratik bukaeraraino entseatzea" gaineratu du Errastik.

Labetik ateratzear dagoen tobera ikusteko sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai, zortzi eurotan, Debagoieneko herri guztietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak