Irtetea ez dadin beste kolpe bat gehiago izan

Irati Goitia 2014ko abe. 1a, 11:43
Emakume bat leihotik begira.

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna pasa berri da: azaroaren 25a. Asko izan dira egun horren bueltan antolatutako ekintzak. Izan ere, oraindik bada zer salatu. Osasunaren Mundu Erakundeak mundu osoko arazoa dela ohartarazi du.

Izan ere, munduko emakumeen %35ek jasan izan dute indarkeria fisiko edo sexualen bat bizitzan. Eta munduan eraildako emakumeen %38 bikotekideak eragindakoa izaten dira. Horiek dira OMEk 2013an argitaratutako txosteneko datuetako batzuk; beste hainbat zifra gordin daude. Gurean, Segurtasun Sailetik zehaztutakoaren arabera, 4.765 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babes motaren bat. Horien artean, 1.103 andrek daramate Bortxa telefonoa, 34k eskolta pertsonala dute eta 31 kasutan daramate eskumuturreko elektronikoa erasotzaileek. 

Hemen batutako hiru kontakizunek ere argi adierazten dute asko dagoela egiteko [izenak ez dira egiazkoak].

----------

Arrate

"Bidea ez da erraza, baina eman urratsa" 

Hiru urte pasa dira Arratek bikotekidearekin harremana eten zuenetik. Distantziaz begiratzen dio gertatutakoari orain; hamasei urtez itsutu zuen maitasunak, ordea: "Hasieran, irteten hasi ginenean, bazituen gauzatxoak. Baina orain ohartzen zara horretaz. Orduan ni hain itsututa nengoen... burua makurtzen nuen, hura lasai egon zedin". Familiarengandik eta lagunengandik ere urrundu zuela dio. Haurdun gelditu zenean egin zuen egoerak okerrera, ordea: "Umea izateko hamabost egun gelditzen zitzaizkidanean, gurasoak etorri ziren etxera opari bat ekartzera. Joan zirenean, aztoratu egin zen, jeloskor zegoela zirudien. Eztabaidatzen hasi ginen, labana bat hartu eta paretaren aurka jarri ninduen. Hori izan zen lehen aldia". Ondoren, ohikoak izan ziren irainak –'urdanga!'– tirakadak, bultzakadak eta kolpeak. "Iritsi zen une bat sukaldean ateari bizkarra ematen jartzen nintzela –bi alboetan seme-alabak eta hura aurrealdean–, ihesean irteteko", kontatzen du. Azkeneko kolpeak ospitalera eraman zuen. "Banatu nahi nuela esan nionean, hark ez zuen nire erabakia onartu. Etxea utzi eta gurasoengana joan nintzen. Hark abandonuagatik salatuko ninduela esan zidan. Ondorioz, etxera itzultzea erabaki nuen, baina banaketako paperak bion artean egiteko asmoz. Nire bizitzako hamazazpi egunik txarrenak izan ziren. Egun baten mugikorrarengatik hasi ginen eztabaidatzen. Telefonoa kendu nahi zidan eta bultzakadak ematen hasi zen. Komunera eraman ninduen. Komun-ontzian jarri ninduen eta bultza egin. Uste nuen burua hautsi behar zidala. Ihes egin nahi nuen; bizilagunei txirrina jo. Hori ikusita, kolpeka bota ninduen etxetik. Azkenean, lortu nuen bizilagunak ohartaraztea eta euren etxean sartu ninduten. Hamar minutu pasa zirenean, txirrina jo zuen gimnasiora zihoala esateko eta nahi banuen itzultzeko etxera edo joateko gurasoenera". Senideengana jo eta 016 telefono zenbakira deitu zuten. Azalpenak jaso ostean, ospitalera joan ziren: "Oso ondo artatu ninduten. Esan zidaten ez zekitela nik salatzeko asmorik nuen, baina eurek txostena bidali behar zutela epaitegira. Orduan nik baietz esan nien, salatu egin behar nuela". Hor ekin zion Arratek ibilbide judizialari, ez erabat konbentzituta: "Uneoro zabiltza pentsatzen ea ondo egiten ari zaren, zure seme-alaben aita dela edo akaso ez dizula salatzeko besteko tratu txarrik eman". 

Gertaera latz horren hurrengo egunean izan zuen Arratek epaiketa azkarra. Familiarteko errieta izan zela ebatzi zuen epaileak eta Arratek etxera itzuli behar zuela gaineratu. "Hori entzunda...  ezin nuen sinetsi erabakia hori izan zenik, kolpez beteta iritsi nintzen-eta. Eskoltatu ninduten ertzainek lasai egoteko esaten zidaten". Gurasoen etxera joan zen bizitzera. Bikotekideak, baina, ez zuen bakean uzten: telefono deiak, etxe azpian itxaroten...  Mehatxuak eta aldi berean berarekin itzultzeko eskaerak. Urtebete itxaron behar izan zuen txartu txarren epaiketarako; tartean, beste salaketa bat jarri behar izan zuen mehatxuengatik: "Epaiketaren ostean hildakoak izango zirela esan zidan. Nire gurasoak zituen begitan". Epaiketaren unea ikaragarria dela dio: "Itxarongela berean jartzen zaituzte eta haren irainak entzun behar dituzu". Hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten bere bikotekide ohiari eta sei urteko urruntze agindua. Ondoren, bi hilabetera etorri zen mehatxuengatik epaiketa. Ezarri zioten hamabi hilabeteko kartzela zigorra. "Espetxera joango litzateke. Baina fiskalarekin tratu bat egin nuen. Hala, hark gizarte zerbitzuak egingo zituen, eta nik egun horretatik bertatik izango nuen urruntze agindua bederatzi urterako. Hori zen nahi nuena". Hor ez ziren, baina, epaiketak amaitu. Guztira, hamahiru izan ditu. Justizian badela zer hobetu dio; aipatzen ditu: epaitegietako enpatia falta, ofiziozko abokatuek kasua aztertzeko duten denbora falta, erasotzailea behin eta berriz gela berean izatea urruntze agindua izan arren...

Arratek berregin du bizitza. Familiaren, lagunen eta emakume taldearen babesa nabarmendu ditu. Bere bikotekide ohiak zaintzapeko bisitak izaten ditu seme-alabekin. Horrek asko lasaitzen du. "Bidea ez da dirudien bezain erraza. Ez da 016ra deitzea soilik, baina egoera horretan dauden emakumeek egin dezatela, urratsa egin dezatela".

----------

Ana

"Emakumea izanik, hark esandakoa egin behar nuela zioen" 

Istorio mingarria da Anarena. Jasan dituen kolpeengatik eta bizi izatea egokitu zaion bizimodu gogorrarengatik. Duela hiru aste ertzain-etxean amaitu zuen, bikotekideaz izandako eztabaida baten ondorioz. Baina egun bistakoak ez diren ubeldu asko ditu.

Bere lehen semearen aitak utzi zizkion lehen arrastoak: "Hark taberna bat zuen, baina etxera ez zuen dirudik ekartzen. Egia esan, hark edaten zuen dena eta lagunei ere doan ematen zien alkohola. Nik gastuak ordaindu behar genituela esaten nion. Horietako batean, haserretu, labana bat atera eta lepoan jarri zidan. Bereak bere diruaz nahi zuena egiten zuela erantzun zidan". Harreman sexualak izateari uko egiteagatik ere jaso zuen gaitzespena Anak: "Zertarako zaitut, horretarako balio ez baduzu?', esan zidan". Bizitzaz aldatu nahi zuela esaten zion bikotekideari, baina umea kenduko ziola mehatxatzen zuen. "Beldur nintzen; izan ere, nire familia oso txiroa da, eta harenak berriz, errekurtso gehiago zituen. Ondorioz, abokatua hartu eta umea kenduko zidala pentsatzen nuen". Hala, ez zen etxetik joatera ausartzen. "Esaten zidan emakumea izanik berak zioena egin behar nuela". Azkenean, baina, egin zuen urratsa. Bikotekideari umea erori eta hark kolpe handi bat hartu zuenean erabaki zuen behin betikoz alde egitea. Hor ez zen  bere kalbarioa amaitu, ordea. Lehenaren mehatxuei, bigarrengo batenak gehitu behar.

Beste bikotekide bat aurkitu zuen. Gainerako hiru semeen aita. Kasu horretan ere ohikoak ziren kolpeak eta mehatxuak: "Esaten zidan bera joango zela etxetik. Izan ere, beste emakume batekin ere bazituen haurrak. Nik horrenbeste maite nuen, ikaragarrizko beldurra nion horri. Beraz, isildu egiten nintzen". Abortatzeko ere eskatzen zion bikotekideak: "Haurdun gelditzen nintzenean, zerbait egin behar nuela esaten zidan. Nire herrialdean debekatuta dago, ordea. Pare bat bider egin behar izan nuen. Farmazian ematen zizkidaten medikamentuez egiten nuen. Baina horietako baten, ezin izan nuen abortatu eta semea arazotxo batekin jaio zen". Azkenean, hegazkin bat hartuta aldendu zen: "Nire ama hemen bizi zen. Nik ez nion gertatzen zena kontatzen, baina bai nire familiakoek. Sufritzen nengoela ikusita, hona etortzeko esan zidan. Bikotekideari esan nion diru pixka bat aurreztu eta hura hona ekarriko nuela. Bestela ez zidan etortzen utziko". Baina itsasoa ez zen harremana guztiz eteteko gai izan: "Oporretarako itzultzen nintzenean, nire bila etortzen zen. Gaizki zegoela eta sufritzen zebilela esaten zidan. Orain dela hiru urte joan nintzen azkenengo aldiz, eta haurdun itzuli nintzen. Ez zidan sinetsi umea berea zenik".

Hiru urte pasa dira ordutik, eta orain beste bikotekide bat du Anak. Hark eman dio azken kolpea. Orain dela hiru aste eman zion ukabilkada baten ondorioz ertzain-etxean amaitu zuen.

Anak ez du inoiz ezer salatu: "Han, nire herrialdean, ezberdina da. Han ez dizute kasurik egiten". Hemen ere ez da ausartu, oraingoz: "Nahiago dut hemendik alde egin, salatu baino. Berriz ere berdina sufritu aurretik, joan egingo naiz".

-----------

Maite

"Ez dut ulertzen orduan nintzen pertsona" 

Maite babesgabe sentitzen da. Ez du esperotako erantzunik jaso. Justiziarekin haserre ere badago. Egunak, hilabeteak edo urteak irauten duen prozesuaz etsita.

Bost urte baino gehiagoz jasan behar izan zituen tratu txarrak: "Hasiera batean ikusten dituzu gauza arraro batzuk, baina gerora egiten du benetan egoerak txarrera. Ez da bat-batean hasten. Egun baten hitz zatar bat da, hurrengoan bi eta hilabetera lau". Eraso psikologikoak ziren gehienak bere kasuan, fisikoak gutxienekoak: "Momentuan ez zara kontziente. Ondoren, konturatzen zara zer-nolako lana egin duen zu ezerezean uzteko. Nik pentsatzen nuen dena gaizki egiten nuela, dena nire errua zela. Hala, erasoa fisikoa izan zenean, ni ez nintzen kapaz izan nire burua babesteko ere. Errudun sentitzen zara". Mehatxurik  ohikoak hauek zirela dio: "Nire buruaz beste egingo dut, zu gabe ez naiz ezer...', esaten zidan, nik hura utz ez nezan". Harremana etetera bultzatu zuen arrazoia ez du publikoki esan nahi, beldur da bikotekideak bere aurka erabiliko ote duen. Izan ere, oraindik ez da amaitu prozesu judiziala. 

Salatzeko erabakia hartzea ere kosta zitzaion. Harremana etetea erabaki zuenean ere, ez zuen horrelakorik egin. "Hain nahastuta zaude. Zure burua ez duzu tratu txarrak jasan dituen emakume bat bezala", dio. Banandu ostean, bakean utziko zuela uste zuen arren, ez zen hala izan. Azkenean, salatu egin behar izan zuen: "Etxetik alde egin nuen, baina hark ez zuen amorerik ematen, beti zebilen nire atzetik. Bere jarrera eta mehatxuak gero eta bortitzagoak ziren. Ikusi nuen bakarrik ezin nuela, neurri batzuen beharra nuela. Hein batean, ez nuen kontziente nintzelako egin; baizik egoerak horretara eraman ninduelako. Babesa behar nuelako". Ondoren etorri da prozesu luzea, luzeegia, Maiteren ustez: "Bukatu ezin den zerbait bilakatu da". Bikotekide ohiak urruntze agindua hausten duen bakoitzean, beste epaiketa bat izaten du eta berriro hutsetik hastea dela dio. "Azkenengo urteetan hilero joan behar izan dut ertzain-etxera; askotan, baita bi edo hiru bider ere. Eutsiezina da". Horren etsita dago, salatzeak ezer onik ekarri ez diola uste du: "Nik nahi nuena babesa zen, baina babes horrek dakarren prezioa garestiegia da. Ni ezin naiz etxetik bakarrik irten. Atzera egiteko aukera banu, alde egingo nuke". Oso kritiko da justiziarekin: "Epaiketara ezin zara egiarekin bakarrik joan, hori ez da nahikoa. Eraman behar dituzu egia eta probak. Bestela, ez du ezertarako balio. Eta probak izanda ere, hainbatetan oso gutxirako balio dute". Kritiko da baita segurtasunerako hartzen diren neurriez: "Guk daramagu bortxa edo batzuek eskolta". Gizartean ere asko dago egiteko, haren esanetan: "Askok erakusten dizute euren elkartasuna edo babesa, baina benetan bakarrik sentitzen zara. Bestalde, askok egoera ezagutu gabe egiten dute berba. Ni neuk ez dut ulertzen zela aguantatu nuen horrenbeste. Nola barkatu nion behin eta berriro. Zuk zeuk ez baduzu zeure orduko pertsona ulertzen -anulatuta zaude-, nola ulertuko dute besteek?". 

Maiteren etsipenak erakusten du asko dagoela hobetzeko. Bidean harri asko daudela. Emakumeek salatzeko urratsa har dezaten, erabakigarria izango da trabak kentzea. 

----------

Kalera irten dira azaroaren 25ean

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna izan zen azaroaren 25ean. Hainbat ekintza egin dira bailaran: elkarretaratzeak, muralak, ikus-entzunezkoak...

Gogora ekarri dute egoera horretan dauden emakumeek gizarte zerbitzuetara jo dezaketela laguntza eske. Hain zuzen ere, bertatik emango diete jaso dezaketen laguntzaren berri. Salatu nahi badute, Ertzaintzarengana ere joan daitezke.

(Azaroaren 25ean Antzuolan egin zen elkarretaratzea)

----------

Pepa Bojo (psikologoa): "Salatzea edo banantzea garrantzitsua da; hala, funtsezkoa da babesa ematea"

Tratu txarrak jasan dituzten emakumeek talde bat dute bailaran, euren sentipenak elkarbanatzen dituzte. Pepa Bojo da psikologoa.

Zein da talde horren helburua? Emakumeen errekuperazio psikologikoaz jarraitzea; izan ere, taldean dauden gehienek amaituta dute banakako terapia. Gainera, epaitegietan luze jotzen du, eta, beraz, ikusten genuen garrantzitsua zela gaia lantzeko toki bat izatea. Egoera beretik pasa diren emakumeak ezagutzeko aukera ere ematen die. Helburua da eurek gertatu dena benetan ulertzea, sentitzen duten erruduntasuna gainditzea, besteak beste.

Nola iristen dira terapiara? Psikologikoki oso gaizki. Ohikoak dira: antsietatea, depresioa, gogoratu nahi eza, nahasmena, shock egoera, erruduntasuna, beldurra... Kontraesan handia bizi dute. Batetik, ikusten dute ez dela onargarria eta ez dute horrekin jarraitu nahi. Bestetik, euren bikotekidea da eta askotan baita euren seme-alaben aita ere. Beraz, zalantzak izaten dituzte. Baina batez ere beldurra dute oso barneratuta. Hori maneiatzen ikasi behar dute. Bestalde, zaila egiten zaie erabakia hartzea. Beraz, emakume batek salaketa jartzen duenean edo banantzea erabakitzen duenean, oso gauza garrantzitsua egiten ari da. Horregatik da funtsezkoa ahalik eta babes eta laguntza handien ematea.

Gizarte bezala zer egin dezakegu? Gauza asko. Sentsibilizazioan eta arazoaren ulermenean sakontzen joan, arrazoiak ezagutu arazoa erradikatzeko edo pentsamolde matxista eliminatu, esaterako. Noski, jarrera desegokiak ikusten ditugunean nolabait salatu edo begi-bistako egin. Instituzionalki, berriz, prebentziorako planak egin eta laguntzak –ekonomikoa, psikologikoa, laborala...– eskaini. Orokorrean, berdintasunaren alde lanean jarraitu.

Arazoaren muina berdintasun falta da? Bai. Genero biolentziaren sustraiak desberdintasunean daude; patriarkatuaren oinarri ideologikoetan. Orain dela gutxi arte tratu txarrak autoritate edo errespetu-zeinu  bezala ulertzen ziren. Eta maitasuna posesio sentimendu bezala. Hala, emakumeen aurkako indarkeria ezkutuan izan da urteetan. Arazo pribatu kontsideratzen zen. Egun, onartezintzat ikusten da. Gizartearen ikuspuntua asko aldatu da. Hori guztia mugimendu eta borroka feministak berdintasunaren alde eginiko lanari esker izan da. Gizarte berdinago bat garatzen hasi garenetik landu dugu emakumeen aurkako indarkeriarekiko ikusmolde hau.

Oraindik asko dago hobetzeko? Herri askotan gauzatu dira protokoloak edo interbentziorako programak; adibidez, hori garrantzitsua da. Gauza asko daude, baina, hobetzeko. Hein batean, aldatu behar dugu tradizionalki generoei lotutako identitateak, maite dugun modua, zaintza modua... Berdintasunetik sortuko dugu bizitzeko, erlazionatzeko eta maitatzeko beste modu bat.

----------

Maite Iturrape (abokatua): "Legea aurrerapausoa izan zen, baina oraindik asko dago egiteko"

Tratu txar egoeretarako protokoloa aurkeztu dute asteon Eskoriatzan. Hori lantzen ibili dira Clara Campoamor elkartekoak; tartean, Maite Iturrape abokatua.

Clara Campoamor elkarteak urteak daramatza lanean. Zer egiten duzue, zehazki? Hainbat zerbitzu ematen ditugu. Normalean, eskaintzen dugu aholkularitza juridikoa. Horretaz gain, gizarte laguntzen edo laguntza ekonomikoen gaineko informazioa ere ematen dugu. Gai penalak ere eramaten ditugu.

Izan da aurrerapausorik? Orain dela hamar urte legea sortu zenean eman zen aurrerapauso bat, baina oraindik gizarteak urrats asko egin behar ditu, batez ere, berdintasunari dagokionez.

Alde judizialari dagokionez, emakumeek diote asko dagoela hobetzeko. Zoritxarrez, bai. Egunero ikusten ditugu egoera desegokiak. Emakume hauek egoera larrietan daude eta epaitegietara joaten direnean ez dute inolako laguntza psikologikorik edo babesik izaten, adibidez. Orduak egon behar izaten dute itxaroten urruntze agindu bat lortzeko. Edo luze jotzen dute  kontuek epaitegietan; askotan, bi edo hiru urte.

Salaketa faltsuek ere min handia egiten dietela diote. Horrenbeste dira? Existitzen dira, baina gainerako delituetan bezala. Zenbakiak oso txikiak dira. Eta bai, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei min handia egiten diete horrelako komentarioek. Gainera, pertsona bati sententzia edo kondena bat ez jartzeak ez du esan nahi salaketa faltsua izan denik; baizik eta ez direla lortu pertsona hori kondenatzeko frogak. Askotan ez da erraza izaten horiek lortzea, batez ere, biolentzia psikologikoen kasuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak